Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.
Eremu digitalari lotuta, kolektibo ugari lanean dabil Indarkeria Matxista Digitalen inguruan (IMD). Fem Bloc arreta zerbitzua horietako bat da. Fem Bloc zerbitzuaren arabera, jaso dituzten laguntza eskaera gehienak bikote harreman bat eten ondoren ematen den indarkeria digitalari loturikoa da, hala nola kontrol eta zelataritza digitala, jazarpen digitala, mehatxuak edota xantaia.
Jokabide horietatik babesten ikasteko, honako gida sortu dute: "Zure bikote ohitik deskonektatu". Bertan, besteak beste, zure gailu, datu eta kontuak babesteko ezagutza aurkitu dezakezu. Baina interesgarriena da segurtasun digitalari loturiko ezagutza hori guztia zelan ulertzen duten: segurtasun holistikoaz hitz egiten dute. Euren hitzetan, segurtasun digitalak, ikuspuntu holistiko batetik, hiru aldagai hartzen ditu kontuan: segurtasun digitala, segurtasun fisikoa eta ongizate psikosoziala. Horrela, aldarrikatzen dute errealitatea nolabait dena dela, eta berriz gogoratzen digute esku-hartzea hainbat bidetik egin behar dela.
Beharbada, indarkeria matxisten eta bestelako indarkerien inguruan lan egiten duten profesionalei konplexua irudi ahal zaie esku-hartzeak egiterako orduan digitalizazioak dakarren beste aldagai hori ere kontuan hartzea, baina eurek inork baino hobeto jakin badakite zeinen mutantea den indarkeria. Horregatik, etengabeko berrikuntza ematen da haien lanetan, indarkeriak bilatzen dituen zirrikituak ezagutu eta aurre egiteko moduak aurkitzeko.