argia.eus
INPRIMATU
Amorrazioa, jarrera eta kantuak
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2024ko apirilaren 18a
Sexpeares taldea / Sexpeares kasetea / El Dromedario Records.
Sexpeares taldea / Sexpeares kasetea / El Dromedario Records.

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta koroak) bat eginda, taldeari jarraipena eta sendotasuna emateko Barakaldo hartu zuela bizileku.
2009an sortuta, biek osatzen dute taldea, baina kontzertuetarako badituzte baxua jotzeko hainbat lagun. Estilo eta erregistro paleta zabala dauka taldeak, baina beti indar eta amorru biziarekin idatzitako kantuak dira. Erraietatik idatzitako haien hitzek adin tarte askotarikoekin konektatzeko gaitasuna daukate.

Taldeak, ustez modu apalean aritzen bada ere, ibilbide emankorra dauka: kontzertu ugari bizkarrean, filmeen soinu bandak ere idatzi izan dituzte, eta honakoa, taldearen izen bera daukana, bosgarren lan luzea da, kasu honetan kasetean argitaratua.
Zuzenekoan harritu ninduten taldearen amorrazioak eta jarrerak, Belenek oihukatzeko zein xuxurlatzeko daukan erregistro aldaketa gaitasun izugarriak, Mariaren indarrak eta kantuak ia axolagabeki hit! bihurtzeko erraztasunak.

Pégales fuego da taldearen lehen aldarria, “… y esnifa sus cenizas” esaldiarekin erritmo tribal, hardcore-punk ilun eta melodia grabe sarkorrarekin su hartzen du. La de la ciudad da erabateko aldaketa: sarkorra, biharamunekoa, malenkoniatsua eta oso-oso itsaskorra; hit! hutsa. Soy torta, haien kantutegian hain ohikoa den punk-poparen adibide azkar eta amorratua. Espiral, berriz, tonalitate desberdinak, gitarra ilunak eta erritmo bizia batzen dituen pieza. Eta Capítulo final urgentziazko punka ahots oso-oso melodikoarekin.

Kasetearen B aldean, ordez, oso koordenada desberdinetako musikarien kantuak bere egiteko ariketa egin digute: Bad Gyal-en Fiebre rock melodikoa; Putochinomaricon-en Ojalá (te murieras) punk melodikoa; Nosothräsh-en Mis muñecas pop itsaskorra; eta Luna Ki-ren Voy a morir punk erritmoko rock urbanoa.

Argazkia: Sexpeares taldeak utzia.