Idazle andaluziarra (Sevilla, 1974) Gasteizko Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdira etorri da martxoan. Gasteizko tren geltokian egin dugu harekin hitzordua, bere herrira bueltatzeko ekipajea prest zeukala, eta bidaiarien, zerbitzarien eta eguneroko martxaren zaraten artean, literaturak errealitatea azaltzeko ematen dituen aukerei buruz mintzatu gara harekin, besteak beste.
Atzoko ekitaldian, auzi edo mintzagai zentrala hauxe zenuten: Ipuinak vs. eleberriak, zein da genero nagusia. Zer defendatu edo erantzun zenuen zuk?
Bada erantzun nuen, nire ustez, ez direla genero konparagarriak, baina konparatu beharko bagenitu, literaturan bilatzen dudan guztia nik eleberrian aurkitzen dudala ipuinean baino intentsitate gehiagorekin, eta sakontasun eta hedadura handiagoarekin.
Uste dut eleberriak urrunago iristeko aukera ematen duela, oro har. Ipuinak eskaintzen du mundu posible batera modu iheskorrean hurbiltzeko aukera; eleberrietan, berriz, mundu oso bat garatzen da.
Literaturari esker, bizi garen bakarkako itxialditik ateratzeko aukera izan dezakegu. Izan ere, irakurketak, nahiz eta irakurketa bakarkako jarduna izan ohi den, aldi berean besteekin harremanetan jartzen zaitu, giza trama bat berreraikitzen baitu. Lehenik eta behin istorioarekin, eta pertsonaiekin, baita liburua irakurri duten beste irakurle batzuekin ere... Hau da, nolabaiteko komunitate bat sortzen da liburuekin. Literaturak irakurlearen irudimena pizten du, baita zure komunitatearen irudimena ere. Hori guztia ipuinean aurki daiteke, baina uste dut nobelak askoz ibilbide luzeagoa duela, konplexutasun handiagoa ematen diela kontatu dizkizudan aukera horiei guztiei, eta askoz ere urrunago iristen direla.
Eta badago ipuinetan aurki dezakegun zerbait, eleberrietan egongo ez dena?
Bai, jakina. Adibidez, eleberrietan irakurlea nekaraziko luketen forma narratiboak froga ditzakezu. Ipuinak jolaserako eta esperimentaziorako aukera gehiago ematen dizu, eta irakurlearekin beste harreman bat izateko ere bai. Adibidez, niri gustatzen zaizkit gauza jakin bat irakurtzen ari zarela sinestarazi ondoren, amaierara iritsi ahala errelatoa irauli eta irakurri duzunaren esanahia aldarazten dizutenak. Baina hori nobela batean egitea, 300 orrialde irakurrarazi ondoren irakurlea hasierara itzularaztea, ez da hain jasangarria: ipuinean txundigarria dena, eleberrian irakurleari egindako tranpa efektista modukoa bihurtuko da. Gero, ipuinak kontzentrazio eta intentsitate oso poetikoa du, eleberriak ez duena, eleberriak askoz aire eta espazio gehiago behar izaten baititu… Inork ezin dio eutsi ipuin on batek izan dezakeen intentsitateari orrialde askoan, ze, gainera, ez baitu bat egiten bizitzaren intentsitatearekin.
Eta bada ezberdintasun materialik ipuin eta eleberriak egiteko (eta kontsumitzeko) orduan? Eleberriak egiteko diru eta denbora gehiago behar dela esan daiteke?
Ipuina bizi dugun garaiarekin bat datorrela pentsa genezake, bai idazterako orduan eta bai irakurtzerakoan. Denbora gutxi dugula esaten ari gara beti, kontzentrazio-arazoak ditugula, eta arreta hamaika kontutan sakabanatuta izaten dugula. Horiek horrela, badirudi narratiba laburra, telesaileekin gertatzen den bezala, egokiagoa izango litekeela irakurlearentzat... baina gero ez da egia, ipuin-irakurleak oso gutxi direlako.
Jendeak nobela bila jarraitzen du, eta nobela batetik nahi duzuna da denbora luzez zurekin gera dadila, ahalegina merezi izatea. Hor dago prezioa ere. Jendeak 20 euro ordaintzen ditu; beraz, liburuak iraun diezazula pixka batean. Gure alabak, adibidez, 15 urte ditu, irakurle porrokatua da eta 600 orrialdeko eleberriak nahi izaten ditu. Eta ez 600 orrialdeko eleberriak bakarrik, baizik eta 600 orrialdeko eleberri sagak.
Tiza Roja (“Klera gorria”; Seix Barral, 2020) da zure ipuin bilduma bakarra, eta hasieratik esaten duzu ez zarela ipuin idazlea.
Eta begira, ipuin asko idatzi ditut, 120-130 inguru. Baina egia da, ez naiz ipuin idazlea; izan ere, nire etxea irakurgai eta noizbait idatzi ditzakedan eleberrietarako oharrez beteta daukat, baina ez ipuin oharrez. Errazagoa egiten zait nobela terminoetan pentsatzea.
Idatzi ditudan ipuin guztiak enkarguz izan dira, egunkarietan publikatzeko nagusiki. Hala ere, egunkarietako ipuinen kasuan, saiatu izan naiz ohiko moldeetatik ateratzen, irakurlearen atseden unea izan baino, pieza bat gehiago izan dadin. Hau da, egunkariak gaurkotasunari begiratzen dion moduan, ipuinak gauza bera egitea bilatzen dut, baina literaturaren tresnak erabilita. Hori izan da ipuina niretzat askotan, eta gauzak, teknikak eta idazteko moduak probatzeko ere balio izan didate.
Horregatik daude, orduan, zure ipuinak errealitatearekin eta gaurkotasunarekin lotuta.
Prentsan idazten duzunean, bi bide daude: zerbait ezberdina duzu kontatzeko, edo kontatzeko beste modu bat eskaini behar duzu.
"Hartzen dituzun erabaki estetiko, literario eta formalak zu idazten ari zaren gaia bezain politikoak edo politikoagoak dira"
Galdera pertsonal bat, edo aholku eskaera bat... Saiakera idazten dut nik, eta arazo bat daukat: fikziozko zerbait egiten saiatzen naizenean, iruditzen zait maizegi bihurtzen dela literatura panfleto jasangaitza. Nola egin daiteke politikoki konprometitutako fikzioa, eta, aldi berean, balio literarioa duena?
Ez dakit inori aholkuak emateko egokiena naizen, panfleto moduan idazten dudala uste dutenak ere badira-eta... Baina esan dezagun niretzat modua dela garrantzitsuena, forma literarioa; ez idatziko dudana, ezta begirada non jarriko dudan ere, baizik eta nola kontatuko dudan.
Panfletoaren arriskuarekin baino gehiago, kontatua izateari uko egiten dioten errealitateko alderdi batzuekin egiten dut topo. Batzuetan, izan daiteke ez ditugulako ulertzen, edo horiei buruz pentsatzeko gai ez garelako, edo forma emateko gai ez garelako, gainezka egiten digulako... Beste batzuetan, kontatzeko modu desberdin bat aurkitzen ez dugulako izan daiteke, dagoeneko mila bider kontatu digutelako modu berean, eta beste era batean kontatzeko formarik ez dagoela sinetsi dugulako. Horiek kontatzeko beste modurik bilatzen ez baduzu, irakurlea, azkenean, zuk kontatzen diozunera egokitzen da, eta ez zaio deseroso egiten, ez da asaldatzen eta ezin zaio ikusarazi gatazkatsua zer izan daitekeen. Niretzat, mamia, kontatzeko forman dago. Hartzen dituzun erabaki estetiko, literario eta formalak zu idazten ari zaren gaia bezain politikoak edo politikoagoak dira.
Bada Foster Wallaceren testu bat. Itsasoan, bi arrain gazte arrain zahar batekin gurutzatzen dira, eta zahar horrek esaten die: “Egun on, gazteok. Zer moduzkoa dago gaur ura?”. Eta bi gazteek, dudatan, elkarri: “Aizu, zer da ura?". Haiek ez dute urik ikusten guk ikusten dugun bezala. Sistema ekonomikoarekin gauza bera gertatzen da. Bada, uste dut literaturak eskaintzen duen begirada motak aukera ematen dizula natural eta normal ikusten dugunaren arroztasuna berreskuratzeko, eta niri axola zaizkidan galderak sortzeko. Eta hori gehiago lortzen du nola-tik, zer-tik baino. Izan ere, literatura batzuei politikaren etiketa jartzen diegu, errealitatearen alderdi jakin batzuei begiratzen diegulako, edo gaiari edo pertsonaiei. Baina formalki kontserbadorea bada, horrek kaltegabe bihurtzen du azkenean.
"Eskritura politikoa da, literalki, idazkera bera politikoa denean"
Adibidez?
Hori oso ondo ikusten da zineman, zeinen erabakigarria den batzuetan kamera beste leku batean jartzea, eta bat-batean, jada ikusten ez duzun errealitate hori, nola beste era batera ikustea eragiten duen. Adibidez, Holokaustoaren gaiarekin, Son of Saul (Saulen semea) filmarekin hori gertatzen da. Film horretako zuzendariak plano laburra hartzen du, film osoan protagonistaren aurpegia soilik ikusiko dugu, eta gainerako guztia planotik kanpo dago. Kasu horretan, planoa bakarrik aldatuta, kontatzeko modua aldatuta, dena diferentea da.
Eta literaturan?
Literaturaren kasuan, eta gehien kontrolatzen dudan gaztelaniazko literaturari dagokionez, uste dut Latinoamerikan dauzkagula adibide interesgarrienak. Argigarria da, esaterako, indarkeriari buruz hitz egiten dutenean, ez dutela indarkeriari buruz hitz egiten, baizik eta idazkerak berak adierazten duela indarkeria. Izen batzuk aipatzeagatik, Monica Ojeda edo Emililano Monjer ekarriko nituzke hona. Era guztietako indarkeria erretratatzeko abilezia dute, baina bortitza dena idazkera bera da, eta, ondorioz, irakurketa ere bai. Ni ere hori egiten saiatzen naiz, adibidez, prekarietatearekin, eta planteatzen dut, ez prekarietateaz idaztea, prekarietatea islatzea baizik; hau da, idazketa bera prekarioa izatea eta, beraz, irakurketa ere horrela izatea. Niretzat eskritura politikoa da, literalki, idazkera bera politikoa denean.
Literatura egiteaz aparte, politikari buruzko iritzi artikuluak ere idazten dituzu, eta horri buruz galdetu nahi dizut. Nola ikusten duzu Espainiako Estatuko egoera politikoa? Kataluniako Urriaren 1eko ondorio politikoek estatuaren panorama politikoa berregituratu dutela dirudi, ezta?
Jakina, dena aldatu da, baina ez bakarrik Kataluniako prozesuagatik. Uste dut Urriaren 1ak lehenagotik zetorren lurralde-krisia erabat ireki duela. Ez da hutsetik sorturikoa, krisi sistemiko handiaren parte da. Krisi ekonomiko eta finantzariotik gentozen, krisi politiko eta instituzionaletik, non monarkia krisian sartzen den erregearen abdikazioarekin... Bat-batean sistemaren elementu guztiak krisian sartzen dira aldi berean. Krisi horietako bat lurralde-krisia da, eta, diodan bezala, bat-batean garai politiko berri bat markatzen du, krisi ugariko testuinguru batean. Horrek indar handiagoa ematen dio berez beste modu batean landu zitekeena baino, baina esan dezagun Estatuaren krisiaren ondorioz, beste zerbait bihurtzen dela.
Eta, zure iritziz, krisi horretan iltzaturik dago gizartea?
Krisi horietako bat ere ez dugu ganoraz itxi, dena ahal izan dugun moduan salbatu dugu, krisi politikoa erabat irekita daukagu; lurralde-krisia ere ez da itxi, salbatu egin da, baina ez da itxi. Krisiaren ondorio batzuk konponbidean jartzen saiatzen ari dira, baina ez dugu lurralde-ereduaren sakoneko arazoa konpondu. Eta ez bakarrik ez dela konpondu; areago, tentsio handia jasaten ari da. Tentsio hori periferietatik zetorren, baina orain nazionalismo espainiar indartsu baten hazkundea gehitu da, lurralde-eredua aldatzeko prest ez dagoena.
Zer duzu orain eskuartean? Eleberriaren bat?
Baditut pare bat ideia mahai gainean, elkarrizketan hitz egiten ditugun kontuekin loturikoak. Eskuartean dudan proiektu baten asmoa da gure bizitzaren alderdi zehatz bati begiratuta, alderdi zehatz horretatik harago doazenak askoz hobeto ulertzeko aukera zabaltzea. Gertatzen ari zaigunaz, gure bizimoduaz, eta areago, irtenbideari buruz hitz egiteko nondik begiratuko dudan bila nabil.
Zure liburuetatik zein iruditzen zaizu egokiena euskarara itzultzeko?
Ez dakit, agian La mano invisible (Seix Barral, 2011), "Esku ikusezina" eleberria litzateke, lan-munduari buruzko nobela. Hura da, idatzitakoen artean, egin nahi dudan horretara gehien hurbildu dena, eta, aldi berean, okerren eta gutxien irakurri dena.
Zure idazlerik gogokoena?
Idazten jarraitzeko arrazoietako bat Virgina Wolf da, eta, zehazki, To the Lighthouse (Farorantz) eleberria.
Zure azken aurkikuntza?
Izugarri gustatu zait, ez bainuen uste idazle ona izango zenik... Ethan Hawke aktorearen eleberria: Bright Ray of Darkness (Iluntasun tximista distiratsua). Gaztelaniaz, Un brillante rayo de oscuridad (Berenice, 2023). Antzerkiaren munduari buruz hitz egiten du.
Eta ipuin bat?
La noche bocarriba (Ahoz gora gaua), Julio Cortázarrena.
Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]
Negua beti gertatu izan zait malenkoniatsu. Leihotik begira eta oroitzeko garaia, besterik ez. Udazkenaren eta udaberriaren tarteko burokrazia saihestezina, paramentu bertikal batean zuriz margotzea ostera gainean nahi dena islatzeko. Ez da nire kontua bakarrik, elurra bustia... [+]
Fun Home. Familia-istorio tragikomiko bat
Alison Bechdel
Txalaparta, 2024
---------------------------------------------
Fun Home. Familia-istorio tragikomiko bat (2006) nobela grafikoaren lehen argitalpenarekin egin zen ezaguna Alison Bechdel komikilaria, nahiz eta berak... [+]
Hamaikagarrenez antolatu dute euskal nobela beltzaren astea, urtarrilaren 20tik 26ra. Ekitaldi ugari egingo dira Baztango bailarako hainbat herritan. Liburu aurkezpenak, mahai-inguruak, solasaldiak eta kultur ekitaldiak izango dira, eta ekintzetan parte hartzea doakoa izango da.
Euskal kulturako berritasunak ezagutu nahi dituenak eta egile zein argitaletxeei zuzenean erosi nahi dizkienak urtean zehar baditu hainbat azoka eta ekimen aukeran. Urte askotako tradizioa dute horietako batzuek eta berriagoak dira besteak; tematikoak dira horietako asko eta... [+]
“Uste dugu distopien eta orokorrean errealitate indibidualista eta etsituaren ofentsiba kulturalaren aurrean utopiak irudikatu behar ditugula, mentalki eta emozionalki indartsuagoak izateko”, erranez banatu berri ditu ipuin eta itzulpen lehiaketako sariak Sukar Horia... [+]
Joan Tartas (Sohüta, 1610 - heriotza data ezezaguna) ez da gure letren historiako idazle famatuenetarik eta, hala ere, ediren dugu gauza onik “pieza mendre” honetan, zeinaren titulua, onar dezagun hasieratik, ez den segur aski mundu honetan paraturiko izenburuen... [+]
Iratzarri ginelarik, kulturalki eta administratiboki, paisaiak hiru abiadurako deserri bat erakusten zuen.
Kulturari dagokionez, hori baieztatzeko –berriro– aukera eduki nuen joan den azaroaren 14an, Ortzaizeko Menta liburu-denda goxoan. Hara bildu ginen... [+]
Donostiako Okendo kaleko liburu-denda mitikoaren lokala salgai jarri dute eta erreleboa hartuko duen talde bat prest agertu ezean, ateak itxiko ditu. Liburu-dendako arduradunek ARGIAri azaldu diotenez ez da erraza izan erabakia hartzea, baina jabeetako batzuek erretiroa hartzeak... [+]
Begi bistaz zentzugabea dirudien eztabaida batekin hasten da zutabea: 2024 gure literatur ale horietako bat balitz, nola deituko zeniokete?
Erantzunik topa ezean, ordu erdi ematea aurtengo bizipenei begira; Instagrameko artxibatuetan sartu lehenik, eta Twiterrera pasa horiek... [+]
Ez dut maite aterkia partekatzen ez dakien jendea. Ez dut maite azkarregi ibiltzen den jendea, ni ez naizenean; ez eta polikiegi ibiltzen dena ere (tira, horiek pixka bat bai, baina pixka bat bakarrik). Ez dut maite autobusean pasilloaren aldeko eserlekuan esertzen den jendea... [+]
PLEIBAK
Miren Amuriza Plaza
Susa, 2024
--------------------------------------------------
Miren Amurizaren bigarren eleberria argitaratu du Susak Durangoko azokaren atarian: Pleibak. Aurretik egindako grabazio baten gainean kantatzen ari zarelako antzerkia egitea da... [+]
Non sense liburua
Edward Lear
Itzultzailea: Juan Kruz Igerabide
Denonartean, 2024
----------------------------------------------
Edward Lear idazle eta ilustratzaileak 1846an argitaratu zuen esku artean dugun obra hau. Igerabidek liburuaren hitzaurrean dioen bezala,... [+]
Mila lan egitetik bizi dira, sarri, marrazkilari eta ilustratzaileak. Ezaguna da sektorearen aspektu hori. Prekarietatea deitu ahal zaiona nagusiki; ikusezina izatea ere bai. Paula Estévez (Donostia, 1984), esaterako, ARGIAn ikusi izan dugu azken bost urteotan, sarri... [+]
Ekintzailetza modan dago. Kontzeptuak indarra hartu du eta hiztegi ekonomikotik askoz harago zabaldu da. Just do it: egizu, besterik gabe. Baina ez dezagun ahaztu: propagandaren mundutik dator leloa. Erosle-ekintzaile aktiboak izatea ote da hitzaren mozorroa? Egungo enpresariek... [+]