Uxue Alberdiren ibilbide literarioa aztertu genuen aurreko artikuluan. Helduen prosazko literaturaz aritu ginen orduan, eta gaurkoan, liburu hibridoez arituko gara, album ilustratuez, bertso ilustratuez eta komikiez. Sarritan, helduak aurreiritziei emanda bizi gara eta, material eder, sakon eta bereziak galtzen ditugu arrazoi horregatik. Irudiekin egindako edozein material baztertzeko ohitura dugu, haurrentzat eginak direla pentsatzen baitugu (eta oro har haur literaturari balio gutxi ematen diogulako). Eta izan ginen haurra ahaztuta dugunez, edo gure barruko haurrari kasu gutxi egiten diogunez, uste dugu liburu horiek ez direla guretzat.
Haur literaturan ekarpen ugari egin duen idazlea da Alberdi. Besteak beste, Maite Mutuberriak ilustratutako Zure denboraren truke (Elkar, 2013) eta Aitziber Akerretak ilustratutako Txikitzen zaretenean (Pamiela, 2013) liburuek haurtzaroari eta gurasotasunari buruz hitz egiten dute. Helduen mundua hankaz gora jartzen da haurren begiradatik kontatua denean. Lur eta amets bildumako liburuak 2015-2016 bitartean argitaratu zituen eta bi protagonistak Euskal Herriko hainbat pasarte historikoetan aurkituko ditugu. Axpirekin egindako Zorri zoragarriak (Elkar, 2022) edo Bruno Hidalgok ilustratutako La belle (Elkar, 2022) dira argitaratu dituen azkenetarikoak.
Baina helduentzako zein etxeko txikientzako izan daitezkeen hainbat lan ere eginak ditu, interesgarriak, originalak, desberdinak eta arimarako eginak direnak. Horietan jarriko dugu fokua.
Aurreko artikuluari segida emateko asmoz, argitaratu duen azken liburuari erreparatuko diogu. Izan ere, album ilustratua izan gabe hibridotasuna jasotzen du. Berak dioen bezala, ahoz kontatuak, belarriz jasoak eta idatziz emanak dira Belarriko kilkerra (Elkar, 2023) liburuan idazleak aurkeztu berri dituen pasadizoak. Mende oso bat hartzen dute ipuinek, eta, beraz, memoria eta transmisio ariketa bat ere bada, ahoz kontatzen baitira sarri inon idatzi ezin daitezkeen kontuak. Begoña Durrutik ilustratu ditu anekdotak eta entzungai daude sarean. Entzutea da Uxue Alberdik idatzi aurretik liburu honetan egin duen ariketa nagusia eta ahozkotasun hori da idatziz transmititu nahi izan diguna. Autorearen hitzetan, jolas bezala egindako lana da, baina istorio bakoitzari kontalariaren tonua, esaerak, erritmoa, kadentzia propioa sortzeko tresna ugari behar dira eta ez da erronka makala. Irakurle talde batean testatu dugu eta primerako harrera izan duela esan dezaket. Gustatu egin zaie, freskotasuna duela diote eta identifikatuta sentitzen direla aipatu; barre egin dute eta harritu ere egin dira. Beste liburu batzuk ere entzute ariketetatik abiatutakoak dira, hala nola, Aulki-jokoa, Jenisjoplin, Kontrako eztarritik eta Dendaostekoak. Nahiz eta gero bakoitzak forma desberdina hartu duen.
Maite Gurrutxagak ilustratutako Besarkada (Elkar, 2015) album ilustratua berezia da oso. Kopla zaharren forma dute testuek: lehenengo bi ahapaldietan naturako irudi bat agertzen da (haizea, amapola bat, ibaia, lore urdin bat, ura...). Bigarren ahapaldietan mezua zuzenagoa da, kasu honetan besarkadarekin lotuta dagoena. Efektu poetiko ederra sortzen du, besarkaden samurtasuna, goxotasuna, intimitatea maitasuna transmititzen baitute kopla hauek. Norbaitek norbaiti irakurtzeko moduko liburua da; helduak txikiari edo maitaleari irakur diezaiokeela iruditzen zait, edo txikiak gurasoari zein lehengusuari irakurtzeko modukoa dela. Izan ere, Alberdik bidaia bat proposatzen digu eta lehenengo koplatik azkenengora aldaketa bat egiten da: Egin zaidazu toki txiki bat/ zure besoen artean (1) eta Nahi al zenuke toki txiki bat nire besoen artean? (10). Modu honetan, irakurtzen duenak besarkada bat “eskatzen” hasi du irakurraldia eta besarkada bat “eskaintzen” bukatu du irakurraldia. Ahoa bete egiten da liburu honekin. Ruben Caballeroren musikarekin eta Alberdiren beraren eta Eñaut Elorrietaren ahotsekin sortutako abestiak bihotza bete-bete egiten du. Bake sakon batean murgiltzen zaitu lo-kantak. Liburu honekin irabazi zuen Uxue Alberdik Haur eta gazte literaturako Euskadi saria 2016an. Baina haur eta gazteentzat ez ezik, maite duzuen edonori egiteko moduko oparia izan daiteke.
Poza (Elkar, 2018) liburuak, hartu bezain azkar, bitxikeria bat duela konturatuko gara. Ezohiko formatuan argitaratuta dago (estua eta luzea da), Eider Eibarren ilustrazio koloretsuekin ondua. Ez da gutxiagorako, izan ere, pozari egindako bertsoek osatzen dute liburua. Alaia eta arina da, lirikoa. Irudiz eta hitz jolasez osatua. Bizitzako gauza txiki-handiez ari da, irribarre txiki-handiak ateratzen dizkiguten horiez hain zuzen ere. Iban Urizarrek egindako musikarekin entzun daiteke abesti forman sarean. Goxagarria benetan.
Hili (Elkar, 2021) liburua Araitz Mesanzak ilustratu du. Hondo zuriaren gainean beltzez egindako ilustrazioek ezin hobeto akonpainatzen dituzte letrak. Bizitzari eta heriotzari buruzko galderak eta hausnarketak jasotzen ditu liburuak. Zorrotzak dira batzuk. Filosofikoak eta sakonak gehienak. Noiz hasten gara hiltzen? edo hiltzea alderantziz jaiotzea da? edo zer dago hil eta gero? – ezer ez – eta pixka bat urrunago? Unibertsoarekin lotutako erreferentziak egiten dira, kosmogonia propio bat erakutsiz: Izarretan dauden hilak itzali egiten al dira goizean? edo Zeruan daudenak ez al dira erortzen? Eta animalien heriotza nolakoa izango den irudikatzera animatzen gaitu umore zantzua ere baduten galderekin: Hildako txoriak zeruan lurperatzen dituzte? edo mantsoago hiltzen al dira karakolak erbiak baino? Harriak, haizea, euria nola hiltzen diren ere galdetzen digu Alberdik. Erantzunik gabeko galdera asko daude liburuan. Bideo formatuan ere aurkitu daiteke sarean eta material oso erabilgarria izan daiteke. Heriotza tabua den jendartean haur eta helduok irakurtzeko liburua da. Irribarre bat aterako digu liburuak, tripak uzkurtu eta bihotza hunkitzen zaigun bitartean.
Bukatzeko, Alberdik idatzi duen lehenengo komikiaz arituko gara: Surflaria (Ikastolen elkartea, 2023). Hainbat komiki egin dituen Susana Martin ilustratzaileak egin ditu irudiak. Bizitza eta heriotzaren inguruko lana da Surflaria. Iragana eta oraina nahasten diren egoera bat aurkeztuko digute autoreek. Existentzialismoa eta umorea nahastuko dituzte. Arin irakur daitekeen komikia da, baina badauka patxadaz irakurtzeko motiborik. Irudiekin egiten diren metaforak, koloreen erabilerak eta tratatzen dituzten gaiek badutelako tempo motelago bat. Xabiroi aldizkarian zortzi ataletan banatuta argitaratu zen hasiera batean eta 2023an argitaratu zuten album formatuan. Didaktikoa, sakona eta beharrezkoa delakoan nago.
Ipuin, eleberri, saiakera edo kronika. Kopla ilustratu, album ilustratu edo komiki. Haur eta gazte literatura, anekdota eta pasadizo. Aipatu ez ditugun hainbat itzulpen lan. Hamarkada bitan hamarnaka liburu idatzi ditu Alberdik. Etorriko direnen zain geratuko gara bitartean. Segurua baita idazleak idazten segitzea duela bizibide.
Hetero
Uxue Alberdi
Susa, 2024
----------------------------------------------------
Negazionismoaren, manosferaren eta trollen aroan ezinbestekoa da literaturaren ekarpena, errealitatearen tolesei begira jartzeko tresna paregabea delako: inguruan ditugun zapalkuntza... [+]
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.
Guardasolak euria nahi du
Patxi Zubizarreta
Ilustrazioak: Irrimarra
Ibaizabal, 2024
---------------------------------------------
Duela 30 urte argitaratu zuen Patxi Zubizarretak Marigorringoak hegan liburuxka; J. M. Lavarellok ilustratua eta Edebé argitaletxe... [+]
Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]
Craig Thompson kultuzko eleberri grafikoen egile estatubatuarra Europan izan da bere azken lana aurkezten, Raíces de ginseng (Astiberri, 2024). Bilbon bi aurkezpen egin ditu eta artista atsegina, hurbila eta azkarra dela erakutsi du –euskaraz “mila... [+]
Begiak zerumugan
Idazlea: Miren Agur Meabe
Ilustratzailea: Ane Pikaza
Elkar, 2020
-------------------------------------------------------
Askotariko testuak eta liburuak argitaratu ditu Miren Agur Meabek. Literatur genero guztiekin aritu da: haur eta gazte literatura,... [+]
Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]
Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]
Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]
Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
(Itzulpena: Fernando Rey)
Txalaparta, 2024
------------------------------------------------
Barrengaizto izenburua aukeratu du Fernando Reyk Beatrice Salvioni-ren La malnata itzultzeko. Reyk dio idazlearen ahotsa izaten ahalegindu dela,... [+]
Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira jadanik eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko... [+]
Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]
Nekeaz idaztera nindoan zutabe bat, baina erridikulua iruditu zait 19 urterekin lur jotaren planta egitea: amore emanda, nekatuta, etsituta, mundu honek ukatu banindu bezala. Are erridikuluagoa iruditu zait gelditzen zaizkigun ogi apur txikiekin erantzukizun ezaz amestea, azken... [+]
PELLOKERIAK
Ruben Ruiz
Ilustrazioak: Joseba Beramendi, Exprai.
Elkar, 2022
-----------------------------------------------
Ruben Ruizek kontakizun laburrez osaturiko obra berri bat eskaini digu. Ez dira mikroipuinak, kontakizunek, modu independentean irakur badaitezke... [+]