argia.eus
INPRIMATU
Open Bar
Itxaro Borda 2024ko martxoaren 28a

Ikusi ditugu alimaleko traktoredun nekazariak, bideak, zubiak, mugak blokeatzen, eta bihotzak “krak!” egin zigun elkartasunez, geu ere laborari haurrak garelako eta anaiak, oraino, etxaldeak aitzina eramaten tematzen direlako. Manifestariak entzun ditugu normak kritikatzen, bioxidoen erabilpena aldarrikatzen... open bar nahi dute eta bost axola zaie ingurumena eta jendeen osasuna kaltetzea. Bistan dena, Frantziako FNSEAko “nekazariez” ari naiz, besteak mugimendu horren ezpondetan begira gelditu direlako –eta beharrik, bestela esperantza galduko genuen arras–.

Gosearen xantaia egiten digute desagertzera uzten baldin baditugu. Elikatzen gaituztela sinesten dute, baina “nekazari” horiek ekoizten dutenaren parterik handiena Europako hesietatik kanpo esportatzen da, zerealak, esnea, oilaskoak... eta petzerotzat daukaten laborantza txikiagoak, organikoak edota iraunkorrak, gaitu egiazki hazten.

Puntu batean arrazoi dute: hiritar “bobo-ekolo” hauek jakin behar dugu nori zer erosi. Uste dut askok jadanik hautua egina dugula...