argia.eus
INPRIMATU
Zapi morea
Leire Narbaiza Arizmendi @txargain 2024ko martxoaren 20a

Andre zahar dotorea senarraren besotik zihoan gurutzatu ginenean. Bistaz ezaguna, oker samar zegoela ikusi nuen, adinaren ajeak. Benetako señora eibartarra: perlazko lepokoa; ilea kardatuta harro-harro, ostirala izanda, ile-apaindegian goizean egon zela ezagun zuen. Gure herrian edade batetik gorakoen artean itxura oso arrunta.

Horregatik, nire begirada saman zeroan zapi moreak erakarri zuen. Perlen gainetik jarria, jaietako painelua zirudien, korapilo batekin lotuta. Martxoaren 8a zen, eta espaloian topo egin genuenean, manifestaziorantz nindoan. Irribarrea eta poza eragin zizkidan zapiak.

Zuotako askok pentsatuko duzue haizeak Martxoaren 8a “ospatzera” jotzen duenez jantzi zuela zapia, baina hori ez dela feminismoa. Egia izan liteke, eta agian ez da feminista izango emakumea.

Baina ederra iruditzen zait establishmentaren parte diren ―edo izan diren― andrazko horiek kontzientzia hartzea, eta konturatzea Martxoaren 8an badutela zerbait aldarrikatzeko, lau haizeetara esateko emakumeak direla, eta harro daudela horregatik.
Kontzientzia hartzeko ez da inoiz berandu, zapi morea janzteko ere ez.