Filadelfia (AEB), 1838ko uztailaren 11. John Wanamaker jaio zen, gerora marketinaren alorrean eragin handia izango zuen enpresaria. Koinatuarekin batera hasi zen merkataritza eremuan lanean, 22 urte zituela. Biek denda bat ireki zuten orduan; eta negozioa pixkanaka hazten joan zen.
1910ean Wanamaker’s saltoki handia zabaldu zuen bere hirian, eta bertan egun oso ohikoak zaizkigun praktikak abiarazi zituen: merkealdiak antolatu zituen urteko sasoi jakinetan, eguberrietan ikuskizunak antolatu zituen bezeroak erakartzeko, saltokiaren barruan jatetxeak jarri zituen, eta erositako produktua probatu ondoren itzultzeko aukera ematen hasi zen. Publizitatean ere aitzindari izan zen eta berea omen da esaldi ezagun hau: “Publizitatean gastatzen dudan diruaren erdiak ez du ezertarako balio. Arazoa da ez dakidala zein erdi den”.
Bere lorpenik handienetakoa salgaien prezioak finkatu eta etiketen bidez adieraztea izan zen. Kristau sutsua zen Wanamaker eta fedeak bultzatuta hartu omen zuen erabaki hori: Jaungoikoarentzat gizaki guztiak berdinak omen garenez, guztiz bidegabea iruditzen zitzaion edozein produktu erosteko bezeroak tratuan aritu behar izatea. Horrela, denentzat salneurri berdina ezarrita, ez zen desberdintasunik egongo. Erosteko ahalmenean gorabehera izugarriak zeudela, ordea, ez zuen kontuan hartu; Jaungoikoaren bideak asmaezinak direla pentsatuko zuen orduan.
Tratua gaur egun baino ohikoagoa zen arren, produktu askok prezio finkoa zuten lehenago ere, eta, ziurrenik, askok prezio horiek etiketetan jarriko zituzten bezeroek ikus zitzaten. Wanamakerren meritua prezioen etiketak sistematizatzea eta, batez ere, bere burua ondo saltzea izan zen. Marketingean aitzindari, bere buruari publizitate bikaina egin zion: bere salgaiak kalitate handikoak ziren beti, bere langileek beste inork baino lan baldintza hobeak zituzten, publizitatean ez zuen sekula gezurrik esaten…
Hain ondo garbitu zuen curriculum distiratsuan, ordea, orban batzuk geratu zitzaizkion, bere jardun politikoan bereziki. Lehen Mundu Gerran, guztiari prezioa jartzeko obsesioak bultzatuta-edo, proposamen bitxia luzatu zien AEBetako kongresukideei. Ordurako Alemaniak Belgika okupatuta zeukan eta Wanamekerrek proposatu zuen AEBek Alemaniari herrialde okupatu osoa erostea. Horrela, gatazka behin betiko bukatuko zela uste zuen. Proposatutako prezioa ehun mila milioi dolarrekoa izan zen, kongresuak eman zion ezezkoa bezain biribila.