argia.eus
INPRIMATU
Egin dantza, egin (zutaz) barre!
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2024ko uztailaren 10a

AUTOSUNTSIPENA HASIA DA. 3, 2,1... ZNORT!!!
Gailu
Bidehuts, 2023

----------------------------------------------------------

Politikoki zuzena izateari gehiegizko garrantzia eman, baina politika zuzena falta den garai kupidaga-
beotan esango dut Abregotarretatik, txerrietatik bezala, guztia dela aprobetxagarria… eta ona! Artistak dira zentzu askotan eta bi anaiek gidatutako proiektuak (Bap!, Inoren Ero Ni eta Gailu) apurtzaileak, irudimentsuak eta bakarrak dira.

Gailuk izan ditu bizitza hainbat: Mikelek sortu zuen 2002an, eta berorrekin estreinatu zuen Metak-ek Pil-Pil
Sessions
izenpean bestelako lanak kaleratzeko azpi-marka. Hirietako kamarek grabatutako zirkulazioaren soinu banda idatzi zuen esperimentazio ariketa eginda denborak irentsi zuen.

Baina, 2021ean, Mikelek konposatzeari berrekin eta Okene-Eneko anaiak eta Drake-k lagunduta (hirurak Bap!eko kideak) proiektua berpiztu eta Begiak, Egiak ba ote? diskoa erditu zuten. Jarmusch, baserria, elektronika, hardcore-punk eskola, eta batez ere dantza zein barre egitea erribindikatuta. Marianok
(Inoren Ero NI, Anari…) Drake ordezkatuta zuzenekoak ematen hasi ziren hirukote formatuan eta Okene, atrilarekin, eserita. Bestelako planteamendu estetiko minimalista baina efektiboa eta oinarri organikotik abiatuta dantza eta pentsaraztea bultzatzen duena.

Autotune-arekin zabaltzen dute diskoa, pilotari ikusgarria zen haien ahaideari idatzitako aspaldiko bertsoak Jesus Abregori kantuan musikatuta. Hasi da erritmoa eta dantza; eta jarraian datorren Mongoloid-en erritmo eztanda: elektronika organikoa, tronpeta jazzeroa eta Inoren Ero Ni are eta espazialagoa!. Quién soy da arnasa hartzeko beta, baina baita hausnarketa sakonaren ondorioz buklean korapilatzen den kontakizun-kantua ere. Euzko polizia aldatuko ez garenaren adibide sutsua da, eta, egia borobilaz gain, distortsiorik gabeko punk jostaria. Hutsa biziz da Okenek surfeatutako dance, jungle eta soul entsalada, eta Baxx intro Marianok disko osoan duen pisu eta abileziaren isla. Eta, azkenik, Edith Piaf-ek inspiratutako Ez dut nahi lanik egin pieza elektroniko ilun eta nagia.