argia.eus
INPRIMATU
Barbie hauteskundeetan
Anuntxi Arana 2024ko martxoaren 20a

Arropa bera luzaz eramatea ez da ongi ikusia, eskasa-edo dateke. Behin, lagun irakasle bati lizeoan ohartarazi zioten bazela ordua jaka berria eros zezan. Aspaldiko joera hori indartuz joan da. Telebistako esatari eta berriemaileek jantzi desberdinak luzitzen dituzte egunero. Mikel Aiestaran salbuetsia dela ematen du (biba!), baina susmoa dut emakumeak behartuak direla oinak sartzeko metatartsoak martirizatzen dizkieten takoi-zapatetan.

Politikari anitzek ere biziki zaintzen dute kanpo itxura, modari kartsuki jarraikiz. Ulertzen da, denen eskubidea da dotore eta pinpirin azaltzea. Aldiz, ganoragabekeria da etengabe arropa estreinatzen ibiltzea, eta halako ohitura dute Hego Euskadiko politikari zenbaitek –zoritxarrez emakumeek gehiago ezagun dute–. Batzuetan Barbie oroitarazten dute, propio soinekoa aldatzeko pentsatua den panpina. Eskuinekoak bakarrik balira, gaitz erdi, gauzen ordenuan lirateke. Kezkak hasten dira antzeko jaidura hautematen denean hainbat abertzale, ezkertiar, aurrerakoi jenderengan. Eta fenomenoa bere goieneko mailara iristen da hauteskundeetako ekitaldietan, modelo erakusketa bilakatuak.

Ikusiko al dugu kanpaina bizpahiru jantzitan egiten duenik? Bizitza ez baita Barbilandia, eta mundu erreal honek ez dezake gehiago moda azkarra eraman.

Esango digute maileguz hartuak direla jantzi horiek eta, bota gabe, berriz salmentako zirkuituan sartzen direla. Pena da bigarren eskuko merkatua ere kontsumoa delako, berkontsumoa eta, batez ere, ez duelako estereotipotik ateratzen eta soinekoz aldatzeko irrika konpultsiboa galarazten; aitzitik, hartara daraman eredua iraunaraz lezake.

Finean, Black Friday-etako frenesiak ez du etenik, haren aurkako salaketak alferrik urtzen dira eta suntsiketak aurrera segitzen du. Arropa berriari bide emateko, zaharra ez dena ere armairutik hustu eta badoa Afrikara edo Amerikara, zabortegi munstroak betetzera. Ez hori bakarrik. Moda industriak lehenik langileen esplotazio ankerra praktikatzen du, batik bat emakumeena; eta gero planetako punta batetik bestera arropa garraiatzeko erabiltzen dituen hegazkinek berotegi efektuko gasen %8 botatzen dute atmosferara, ARGIAko 2851. zenbakian azaldu zen bezala.

Munduko agintariek ez dute gehiegikeria horiek geldiarazteko itxurarik. Baina, modaren erabiltzaile gisa, emakumeen erantzukizuna ere da sistema horri uko egitea, bereziki publikoki agertzen direnena, besteentzat eredu emaile baitira. Ikusiko al dugu kanpaina bizpahiru jantzitan egiten duenik? Bizitza ez baita Barbilandia, eta mundu erreal honek ez dezake gehiago moda azkarra eraman.