argia.eus
INPRIMATU
Arrazakeriak ez ditu suntsitu
Amaia Alvarez Uria 2024ko uztailaren 10a

BARBARO IRAUN
Louisa Yiusfi
Txalaparta, 2023

-------------------------------------------------

2022an Louisa Yousfik argitaratu zuen Rester barbare lana, eta Itziar Diez de Ultzurrunek eta Txalapartak euskaraz plazaratu zuten 2023an, Ainhoa Nadia Douhaibiren hitzostearekin. Aspaldi ez nuela hainbeste azpimarratzen liburu bat.

Euskaldunen barbarizazio prozesuari buruz aritu zitzaigun Ibai Atutxa duela gutxi, baina oraingoan arraza dago tartean, “mairu-musulmanaren asmakuntza”-ri buruz dihardu egileak lan honetan.

Bitxia da zein hurbil eta zein urrun dagoen Euskal Herri Hegoaldetik Frantziar errepublika. Hemen, oro har, hango errealitatea oso gutxi ezagutzen dugula esango nuke, eta liburu honetan bertako barbaro batzuen berri ematen da. Zehazki, zibilizatuek eraikitako pertsona ez-zurien imajinario arrazista dekolonizatzen lagundu diezaguke lan honek. Egileak dioenez: “Artxibozain eta idazlari garelarik, gure jardunaren ahalegin guztiak gure jendea zikindu duen estigma garbitzera bideratuko dira, gutarrak estereotipotik haratago irudikatzera”.

Yousfi integrazioaren arriskuez ariko zaigu (“unibertsaltasun deserrotua”) eta erresistentziarako deia egingo du hasieran. Jarraian, Mendebaldeko gaiz kileen eta Inperioaren munstroen irudikapenak aztertuko ditu, eta Pariseko aldirietan zuria ez izatea zer den adieraziko du, nagusiki, rap talde pare baten jarduna eta ahotsa ekarrita. Azkenik, emakumeen parte hartzeaz gogoeta egingo du eta Douhaibik auzi hau Euskal Herrira hurbilduko du gibel solasean.

Palestinako genozidioa etorriko zaio gogora, agian, irakurleari. Batez ere hurrengoa irakurrita: “Gaur egun objektu mairu-musulmanaren asmakuntza da gerra iraunkorra eta azpiratze inperiala funtsatzen dituen eragile nagusia energia-baliabideetan oparoak diren eta gure bizitzak aurrerapen teknologikoz zein neurriz kanpoko kontsumoz hornitzen dituzten lurraldeetan”.

Azpiratuen arteko konplizitatearekin batera, zuritasuna landu behar dugu euskaldunok (zapalduak eta pribilegiodunak garen heinean) eta liburu honek bide hori urratzen lagundu ahal digu: horretarako eutsi beharko diogu konplizitate-paralelismoak –soilik– egiteko tentazioari eta gure botere-kokapenetik irakurri liburu honetako hitzak. Deseroso, kontziente eta gogoetatsu.