argia.eus
INPRIMATU
4.000 urteko ezpain-margoa
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko martxoaren 19a
Argazkia: Scientific Reports
Argazkia: Scientific Reports

Paduako (Italia) unibertsitateko ikerlari talde batek Iranen 2001ean aurkitutako harrizko ontzi txiki bat aztertu du. Zehazki, flasko  barruan zeuden arrastoak aztertu dituzte, eta hainbat osagai dituela ikusi dute: hematita xehetua –kolore gorri biziko mineral oxidoa–, manganita, braunita eta kuartzo partikulak.

Pigmentu gorria ezpainak margotzeko erabiltzen zutela ondorioztatzea ez da zaila izan  “pigmentuak antza harrigarria duelako gaur egungo ezpain margoen errezetarekin”, Massimo Vidale arkeologoaren hitzetan.

Flaskoa eta pigmentua duela 4.000 urte ingurukoak dira, Kobre Arokoak, eta orain arte aurkitutako ezpain-margo arrastorik zaharrenak dira.