argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Zirkuitua hackeatu
Diana Franco Eguren 2024ko martxoaren 13a

Martxoaren 8a dela eta, berri eta iritzi ezberdinak irakurri ditut. Berdintasunerako bidean lan handia egiten ari da gure gizartea, eta publikoki berdintasunerako bidean feminismoa onartua den borroka bada ere, gizarteko mikrokosmosetara jaisterakoan, bada oraindik berdintasuna lortzeko feminismoaren beharra ulertzen ez duenik.

Feminismotik gure mundua eraldatzeko espresio modu ugari dugu, gizarte honetan ditugun mundu ikuskerak ugariak diren moduan. Aniztasun horren baitan, badira berdintasuna bakarrik mundu produktiboan aukerak berdintzera lotuta ulertzen dutenak: lan aukera bera, soldata bera, mundu produktiboan erabakitzeko botere bera. Bide horretan, Mary Beard-en esaldi bat oso gogoko dut: “Oso zaila da emakumeak gizonezkoentzat kodifikatutako egitura batean sartzea, egitura aldatu egin behar da”. Horregatik, emakume eta gizon feminista asko lanean ari dira emakume gehiagok egin dezan bidea zientzia eta teknologian edo emakume ekintzaileentzako inbertsio-funtsak sortzen.

Baina industrializazioan egin genuen lanaren banaketa, lan produktiboa eta erreproduktiboa sexuaren arabera banatuz, ezin da konpondu soilik emakumeak lan produktiboan barneratuta. Zaintzari erantzun on bat eman behar zaio. Zaintzan berdintasunaren ideia landu beharrean gaude. Lantze horretan, zenbaitek irtenbide bezala zaintza negozio bilakatzea ikusten dute. Eta bilakaera horretan, zaintzaren negozioaren errentagarritasuna handitzeko, teknologia ezberdinen bidez zaintza automatizatzea dute helburu.

Zaintzarako zenbait zerbitzu izateak onura asko ditu, baina zaintzatik pertsonak guztiz urruntzeak kalteak dakartza gizarte gisa. Zaintza ez baita soilik lana, zaintza harremana da, eta elkarlaguntzan oinarritutako harremanek bihurtu gaituzte izaki (Protpotkin). Horregatik, zaintzari loturiko teknologiekiko mesfidatia naiz. Zaintza zirkuitu itxi bilakatu aurretik, berau hackeatzeko aukera dugu oraindik gizon eta emakumeok.