“Pena ematen dit jendea futbolarekin horren itsututa egoteak”

  • Etxeko egongelan, oharkabean, bere ibilbide profesionalaren zenbait aztarna utzi ditu Oier Sanjurjok (Lizarra, 1986). Lurrean jostailuzko animaliak eta zuhaitzak daude barreiatuta, oihan bat irudikatuz. Futbol profesionalak ere badu oihanetik; harrapariak eta harrapakinak dituen ekosistema bat da. Eta bertan hamabost urte luze eman ditu lizarratarrak, gehienak Osasunaren elastikoa jantzita. Iaz erretiratu zen, eta familia-bizitzaz gozatzen ari da orain. Pieza guztiak dagokien tokian jarri nahi ditu, etorkizunean zer egin jakite aldera. Kasualitatea izango da, baina bukatu gabeko puzzle bat dauka mahai gainean.

Oier Sanjurjok ia hamabost urte eman zituen profesional moduan Osasunan / EÑAUT AGIRREBENGOA
Oier Sanjurjok ia hamabost urte eman zituen profesional moduan Osasunan / EÑAUT AGIRREBENGOA

Futbolari asko hutsik sentitzen dira botak zintzilikatu ostean. Zuri ere hala gertatu zaizu?

Daukadan sentsazioa da onenak emanda bukatu nuela. Ez dut halako zirrararik sentitzen nire taldekide ohiak zelaian ikusten ditudanean. Naturaltasunez egokitu naiz egoera berrira. Eroso nago. Ez da erraza trantsizio horretan zure tokia aurkitzea, eta uste dut egokitze prozesua oraindik futbolari nintzela abiatu nuela. Abisatuta nengoen, eta prest iritsi naiz aro berri honetara.

Umetatik baloiaren atzetik aritzen zarete, baina, halako batean, akabo futbola. Eta amildegi hori bakarrik zeharkatu behar duzue.

Hor gabezia nabarmena dagoela iruditzen zait. Badira dinamika batzuk futbola utzi behar dutenei laguntzeko. Baina orientazio hori oraindik ez dugu oso eskura. Klubetan ez dago horretan lagun zaitzakeen pertsona bat, eta egon beharko luke. Zorionez, geroz eta futbolari gehiagok bukatzen dituzte ikasketak, bizitza luzea dela jakinik. Futbolari askok ez dugu gure bizitza osoa lasai ederrean emateko adina diru. Etorkizuneko bideak gaztetatik jorratu behar dira.

Erretiroa hartu ondotik, zeren falta sumatzen duzu gehien?

Aldagela baten barruan sortzen diren harremanak aipatuko nituzke. Bizipenak partekatzea, eguneroko bizitasuna… Aldagela nire bigarren familia zen; ia nire familiarekin baino denbora gehiago igarotzen nuen taldekideekin. Harreman oso sendoak sortzen dira talde baten barruan. Orain hozten ari dira, nahiz eta mantentzen saiatu.

"Duela hamar urte, fruta erosteko dirurik ere ez zegoen Osasunan, eta benetan diot. Sinestezina da egoerari buelta eman izana"

Bestelakoan, nolakoa da 25 futbolariz osatutako aldagela bat?

Jokalari bakoitzak ezaugarri jakin batzuk ditu, fisikoki, teknikoki zein psikologikoki. Hiru alor horiek kudeatzea zaila suerta daiteke. Niri, kapitain bezala, askoz errazagoa egin zait Bigarren Mailako aldagela bat kudeatzea. Lehen Mailan, berriz, ego eta prepotentzia gehiago dago. Onenen artean jokatzean, kritikak eta zuzenketak ez dira guztiz ongi hartzen.

Entrenatzaileek baino indar handiagoa dute jokalariek? Nolakoak dira talde barruko botere harremanak?

Entrenatzaileak koherentea izan behar du bere ikuspuntuarekin, eta modu egoki batean transmititu behar dio taldeari. Ez bada koherentea, futbolariok berehala gogor egiten diogu. “Orain hau esaten ari zara, baina lehen beste hori esan zenuen”. Jokalariek ez dute halako konplotik egiten entrenatzaile baten aurka, baina ahul dagoela edo kontraesanak dituela ikusten badute, entrenatzailearen mezuan sinesteari uzten diote. Horrek, ezinbestean, eragina dauka zelaian. Duzun onena ematen saiatzen zara, baina barruan halako gatazka bat daukazu. Ez dira lehiatzeko baldintzarik onenak.

Nondik datorkizu futbolarekiko maitasuna?

“Maitasuna” baino gehiago, “zaletasuna” esango nuke. Umetan, baloiaren atzetik ematen nuen eguna: etxeko pasabidean, ikastolan… Niretzako, munduan dagoen jostailurik politena eta entretenigarriena da baloia. Horren sinplea den gauza batekin orduak eman ditzakezu. Horrek egiten du handi futbola, eta horregatik sortzen du hainbesteko zaletasuna. Ni beti oso ondo moldatu naiz. Berezko abilezia nuen baloiarekin, eta onenetako bat nintzen klasean.  

Gerora, hamabost urte egin dituzu profesional gisa, eta 400 partida jokatu. Zer diotsute zifra horiek? Amets guztiak bete dituzu?

Gaztea nintzela, profesional bihurtzea ez zen amets bat niretzat. Urruti ikusten nuen,  eta are gehiago, arbuio apur bat eragiten zidan, exijentzia handiko mundu bat iruditzen zitzaidalako. Bizitzak, azkenean, bide horretatik eraman nau, baina sekula ez dut espektatibarik eduki. Oraindik gazteegia nintzen profesional bihurtu nintzenean, eta ez nuen aparteko gogoetarik egiten. Alabaina, oso gutxi jokatu nuen hasieran, eta krisialdia izan nuen. Ez nuen argi futbolean jarraitu ala ez. Burutik pasa zitzaidan futbola utzi eta irakasle bezala lan egiten hastea. Momentu latzak izan ziren.

Argazkia: EÑAUT AGIRREBENGOA

Eta nola askatu zenuen korapiloa?

Dena mahai gainean jarri, eta futbolaren alde egin nuen apustu, erabakimenez. Vigora joateko aukera iritsi zitzaidan. Han argitu nuen nire etorkizuna. Futbolari bihurtuta itzuli nintzen Celtatik, eta konfiantzaz gainezka. Geroztik izan ditut momentu gorabeheratsu batzuk, baina indartsu sentitu naiz urte hauetan guztietan. Gogoz egin dut lan Osasunan garrantzitsua izateko, eta kapitain izateko ohorea eduki dut.

Zerk gogobete zaitu gehien urte hauetan?

Osasunaren egoerari buelta eman izanak, eta mendeurrena Lehen Mailan eta jokalari bezala bizi izanak. Oso egoera latza bizi izan genuen duela hamar urte, eta benetan harro sentitzen naiz orain kluba nola dagoen ikusita. Ez diot soilik jokalarien meritua izan zenik; kluba osatzen dugun guztiok hartu genuen parte eraldaketan, zaleak barne. Balentria latza izan zen. Sinestezina da, Osasuna hilzorian baitzegoen. Fruta erosteko dirurik ere ez zegoen, benetan. Galdezka joan nintzen hemen inguruko fruta-denda batera, ea fruta emango zigun taldea babestearen truke.

Bada ezer partida bat jokatu edo gol bat sartzeak sortzen duen zirrararen parekorik?

Partida egunaz, berez, ez duzu gozatzen. Urduritasunak eta tentsioak gainzama eragiten dizute. Aldiz, ederra da garaipen baten ostean etortzen dena. Eta golek eragiten dutena ere oso berezia da. Alde batetik, gol bat sartzean baloiak sarearekin ateratzen duen zaratotsa aipatuko nuke. Oso berezia da. Eta noski, zer esan momentu horretan sentitzen den zirraraz… Beste ezerk ez nau horrela sentiarazi. Hiru segundoko eztanda bat da. Sekulako poza hartzen duzu, eta aldi berean, emozio oso bortitzak eragiten dituzu zaleengan. Ez dakit beste inor gai den halako sentipenak sorrarazteko.   

Hainbeste jende erakartzen duen kirol batean, kritikak ere eguneroko ogia dira.

Nik taldearen unerik kritikoenetan jaso ditut kritikak. Normala da, baina ez da kudeatzen erraza. Hori gertatzen denean, erabat txikitzen zara zelaian. Baina horri buelta emateak indartsuago egiten zaitu, eta beste kontzientzia maila batera iristen zara. Geroz eta klub gehiagok dute kirol psikologo bat. Beharrezkoa da, baina zalantza batzuk ere baditut. Izan ere, ez dakit futbolaria hainbeste babestu behar den, edo bere kabuz ere egoera batzuk bizi behar dituen begiak ireki ahal izateko. Noski, psikologo batek tresnak emango dizkizu, eta hori oso ongi dago.

"Futbolari gisa, hitzak asko neurtu behar izan ditut nire joera politiko eta sozialak erakusteko orduan"

Gorputzari gehiegizko egurra ematen zaio futbol profesionalean?

Bai, gorputzaren deiadarrei ez zaie jaramon egiten. Beti prest egon behar duzu. Zu ez baldin bazaude, beste batek aurrea hartuko dizu. Gorputzak atsedena behar du batzuetan, baina zuk estutzen jarraitzen duzu. Geroz eta partida gehiago jokatzen dira gaur egun, eta kezkatu egiten nau futbolarien osasunak. Gorputza horren mugara eramanda, ez dakit nola bukatuko dugun.

Zer iritzi duzu futbolari gaur egun ematen zaion garrantziaz?

Ni futbolaria izan naiz, baina ez dut ulertzen nola dagoen jendea horren itsututa futbolarekin. Fanatismo puntu hori dutenez ari naiz. Tristea iruditzen zait bestelako mintzagairik ez edukitzea, eta soilik igandeko partidan pentsatzea. Pena ematen dit hainbeste jendek soilik futbola kontsumitzea. Balio oso politak lantzeko tresna da, ados, baina herriaren opioa ere bada. Oso kritiko nago horrekin. Jendea entretenituta mantentzen dute eta, bitartean, arretarik ez diegu jartzen askoz ere garrantzitsuagoak diren gauzei.

Ikuskera bera zenuen futbolean buru-belarri zenbiltzanean ere?

Bai, lehen ere sentitzen nuen amorru hori. Gainera, barrutik ezagututa, mundu gezurti bat dela iruditzen zait. Sekulako lehiakortasuna dago, eta jendeak erabili egiten zaitu. Halako egoeretan ez naiz inoiz eroso sentitu.

Hortaz, kontraesan handiak sentituko zenituen zure baitan.

Erabat. Eta kontraesan horiek gainezka egiten zidatenean, galdu egiten nuen futbolari izateko grina. Normalean, alde batera utzi izan dut barne gatazka hori, banekielako futbolean soilik urte batzuk egingo nituela. Kirol bezala asko gustatzen zait, eta etekin ekonomikoa oso handia da.

Adierazpen askatasunik izan duzu futbolari gisa, edo hitzak neurtu behar izan dituzu?

Hori izan da nire baitan izan dudan gatazkarik handienetakoa. Hitzak asko neurtu behar izan ditut, batez ere nire joera politiko eta sozialak erakusteko orduan. Banekien ez nintzela futbolari soila, klub baten ordezkaria ere banintzela; non, eta Nafarroa bezalako lurralde konplexu zein zoragarri batean. Mingainari askotan egin behar izan diot kosk.

Mingainean euskara izan duzu sarri, eta tokia egin diozu Osasunan.

Nire apustu pertsonala euskararen aldeko inplikazioa izan da. Euskara babesterakoan ez nuen kontuz ibiltzeko beharrik sentitzen. Uste dut lan polita izan dudala hizkuntzaren normalizazioa sustatzen, entrenatzailearekin [Jagoba Arrasate] batera. Kezka sortzen dit euskararen erabilerak, eta lan asko dago egiteko. Zentzu horretan, euskal erreferenteak beharrezkoak dira.

"Espainiako selekzioan jokatzeak ez du zure euskal nortasuna kolokan jartzen. Deitu izan balidate, uste dut joango nintzela"

Euskal selekzioan aritzeak zenbateko garrantzia izan du zuretzat?

Zintzoa izanik, hor ere kontraesan bat daukat. Alde batetik, harro nago Nafarroa ordeztu dudalako Euskal selekzioan, edo hobe esanda, Euskal Herriko selekzioan. Nafarroa da guztien ama, eta Osasunako jokalari bezala ordezkatzeko ohorea izan dut. Bestalde, jakitun nintzen ez nindutela deitzen Euskal Herriko jokalari onenetako bat izateagatik; Nafarroako ordezkari bezala nindoan, militantziagatik kasik. Lotsa apur bat ematen zidan, ikusten bainuen besteak jokalari hobeak zirela.

Espainiako selekzioak deitu izan balizu, zer egingo zenukeen?

Ba nik uste dut joango nintzela. Badaukat alderdi militante eta erromantiko bat, gure lurraren alde egiteko eskatzen didana. Baina badut beste ahots bat, hori erlatibizatu egin behar dudala esaten didana. Futbola da, eta uste dut Espainiako selekzioan jokatzeak ez duela zure euskal nortasuna kolokan jartzen.

Futbol taldeak tokikotasuna galtzen ari diren honetan, sustraiei lotuta jarraitzen du Osasunak. Horren erakusgarri da harrobiak duen garrantzia.

Apustu hori hor dago, eta zaleen atxikimenduak handia izaten jarraitzen du. Ea etorkizunean ere hala den, baina ez da erraza. Taldeak enpresa erraldoiak dira gaur egun, eta berezko idiosinkrasia galtzeko arriskua dute. Agintariek erronka handia izango dute futbolak norabide horretan garatzen jarraitzen badu. Hala ere, ikusi da futbolaren ibilbidean ere zikloak daudela. Orain goren puntuan gaude, baina beherakada ere etor daiteke; dela ekonomikoa, dela beste mota batekoa.   

Etorkizunera begira, entrenatzaile lanak erakartzen zaitu?

Uste dut gai izango nintzatekeela ondo moldatzeko. Jokalari bezala, entrenatzailearen luzapena izan naiz zelaian. Ordea, badakit zer dakarren entrenatzaile izateak, eta ez nau guztiz konbentzitzen. Gainera, berriz ere lanez lepo egongo nintzateke asteburuetan, eta familia beste nonbaitera eraman beharko nuke arrastaka. Ez da erosoa. Hori bai, futbolari ibilbidea Zipren bukatu nuen, eta oso esperientzia polita izan zen. Rock talde bat ere osatu nuen, The Clozes, taldekide batzuekin batera. Horretaz ere harro nago!

Gorputzak zer eskatzen dizu orain?

Denbora tarte bat ari naiz hartzen, atseden hartu eta gauzak bere tokian jartzen saiatzeko. Prozesu horretan, gauza oso interesgarri eta motibagarri bat topatu dut: arnasketa. Formakuntza polita ari naiz egiten horren inguruan. Pertsonen ongizatera dago bideratua. Arnasketa oinarrizko funtzio bat da, eta berrikasi egin behar dugu. Kirol arloarekin lotura handia dauka, oxigenazio on batek onura handiak dakartzalako. Badago zer landua, eta gogotsu nago. Futbolarekin lotuko dudan? Ez dakit. Batek daki.


Azkenak
Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


Urtebete baino gehiago greban, Elon Musken enpresaren aurka
“Teslak ez du nahi langileek iritzia emateko eskubidea izaterik”

Teslaren aurkako lehen greba –eta bakarra– da munduan, Suedian 2023ko urritik aurrera egiten ari direna. Duela mende batetik hona Suedian egindako grebarik luzeena bihurtu da. IF Metall sindikatua bultzatu du protesta, Elon Musken autogintza enpresak hitzarmen... [+]


Politono bat entzun nahi?

PLEIBAK
Miren Amuriza Plaza
Susa, 2024

--------------------------------------------------

Miren Amurizaren bigarren eleberria argitaratu du Susak Durangoko azokaren atarian: Pleibak. Aurretik egindako grabazio baten gainean kantatzen ari zarelako antzerkia egitea da... [+]


2024-12-20 | Xalba Ramirez
Xabier Badiolaren gitarra: zaharra zena, berri

Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023

-------------------------------------------------

Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara... [+]


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

------------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


2024-12-20 | Hiruki Larroxa
Irribarre egin, murtxikatu eta isildu

Askok, Gabonetan, ilusioa baino alferkeria handiagoa sentitzen dugu familia-otordu eta -topaketetan pentsatzean. Baina aurreratzen dizuegu ez dela otordua bera kolektiboki deseroso sentiarazten gaituena, familia tradizionala definitzen duen normatibitatea baizik. Are gehiago,... [+]


2024-12-20 | Sonia González
DSBEren ‘humilladeroa’

Betidanik begitandu zait esanguratsuagoa han-hemenka topa daitezkeen guruztokiei gazteleraz esaten zaien modua: humilladero. Ez al da guruztoki edo santutxo izen nahiko light, zuri edo haragoko konnotaziorik gabekoa? Azken batez, bertatik pasatzen zen oro umiliatu behar zen... [+]


Siriako Arabiar Errepublikaren amaiera

Siriako Arabiar Errepublikaren amaierak harridura handia sortu du, gertatu den moduagatik: azkar eta ia erresistentziarik gabe. Halere, ez da hain arraroa herrialdea suntsituta, pobretuta eta zatitua zegoela kontutan hartzen badugu. Aspalditik siriar gehienen ardura ez zen nor... [+]


“Jadanik ez gara zuen tximinoak”

Centre Tricontinental erakundeak kongoarren erresistentzia historikoa deskribatu du The Congolese Fight for Their Own Wealth (Kongoko herriak bere aberastasunaren alde borrokan dihardu) dosierrean (2024ko uztaila, 77. zk). Kolonialismo garaian, Belgikako Force Publique-k... [+]


Kongo eta kobaltoa
Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?

Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]


Peio Berterretxe
“Tresna sozial izatetik, produktu kultural izatera pasatu dira plaza antzerkiak”

Master Amaierako lan sendoa aurkeztu berri du Peio Berterretxek. Urte luzetan antzerkian ikasia eta aritua, plaza antzerkien jatorriaz eta gaur egun dituzten funtzioez aritu gara harekin, Lekorneko Kabalkadan oinarrituta egin duen ikerketaren aitzakian.


Eguneraketa berriak daude