argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Zer da berria
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko martxoaren 13a

Ez dira taberna batean ausartu, baizik eta Instagramen, Facebooken, edo email batean (mundu digitalean ere badira zaharkituak: email hori Hotmailekoa izan daiteke oraindik, pentsa). Zuzeneko lehen musuen ondoren, Whatsapp eta Telegram bidez, poltsikotik iritsiko zaizkie laztan batzuk, eta bideodeiez besteak. Ilunabarra elkarrekin begiratu dutenean, desioa ez dute izar iheskor bati begira eskatu, Elon Musk-en satelite bati begira baizik: deigarriagoa, Starlink (batzuek etxean googleatu ondoren jakin dutena zer den).

Teknologia berriek dena arintzen dutela dirudi. Oso gutxi ikusten dugu, zati bat bakarrik, politena. Baina eman digute abisua, zirrikituren batetik ateratzen dira telefono mugikor geometriko eta kolore uniformedunaren azpiko lohiak. Aldizkari honetan bertan gogorarazi dizkigu Adrián Almazánek. Kongoko haurren esplotazioa kobaltoa lortzeko, energia gastua, hondakinetan lurperatzen ditugun herrialdeak (Ghana kasu), gerrak, betiko herrialdeak (Ameriketako Estatu Batuak, Txina), prekarietatea, burujabetza galera… Guztiak dirudi nahiko zaharra.

Arinagoa zirudien, baina zer da berria beldurrak zaharrak badira, konpromisoa aingura bat baino gehiago bazen azkenean, eta, gabe, amiltzen bagara berdin gaur egun ere, zer da berria desioa beteko ez bada berdin, zer da berria askatasuna ezer ez bada, eskurik ez badago heltzeko, zer da berria dena berdin-berdin kutsatzen badugu. Berria izenak baino ez dira (izango).