argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Komunitatea
Ula Iruretagoiena 2024ko martxoaren 13a

2024ko Arkitektura Pritzker Saria arkitekto japoniar bati esleitu zaio: Riken Yamamoto-ri. Bere izena tekleatzen baduzue, bere izenari lotuta dauden eraikin irudiak ez dira bereziki deigarriak. Deigarria dena da Pritzker sariak oraindik ere eraikin berriak eta oparoak egitearen ibilbidea saritzen duela eta izen propio bati lotua egoten dela. Ulertzen da arkitektura esanguratsua eraikinean eta pertsona baten egitekoan dagoela. Ejem, arkitektura profesioaren irudikapen klasiko bati erantzuten ari zaio, gaur egun arkitektura bulego asko hainbat pertsonak osatutako kolektiboak baitira eta ez dute izen propio baten pean lanik egiten. Arkitekturaren eginkizuna espazioaren materialitatea da, ez du zertan eraikin berri baten emaitza ekarri behar. Agian urte batzuetan belaunaldi aldaketak ekartzen duena Prizker sarietan islatuko da.

Baina Pritzker saria egunerokoarekin bat dator, Yamamoto aukeratzean eman duen arrazoian: bere arkitekturak komunitatea aintzat hartzen duela. Txikitan bizi zen etxeak aurrealdean farmazia bat eta komunitateari zerbitzu emateko gunea zeukan eta atzealdean etxe pribatua, eta esperientzia horrek bere lana zedarritu duela kontatzen du Yamamotok. Esan behar da, arkitektura ikasleen hitz gogokoenetariko bat “komunitaterako gunea” sortzea dela. Etxe-eraikinean eta auzoetan espazio pribatu eta publikoaren banaketa gainditu nahi duen txoko bat da, jendartea saretzeko helburuz. Hirugarren kategoriako txokoetan gauza asko gertatzeko aukera irudikatzen da: bazkaldu, irakurri, bilera bat egin, jolastu, egonean izan, eztabaidatu… Irisgarriak, ongi argiztatuak, ongi ekipatuak eta erraz erabiltzekoak dira, etxean eta kalean ez dauden ezaugarriak dituztelako, beste kategorietan gertatzerik ez dena gertatzeko. Elkarbanatzeko gune bat, elkarren ondoan egoerak gertatzeko, elkarrekin ekintzak antolatzeko. Yamamotok komunitateari eta inguruneari arreta jartzen dio eta sentsibilitate hori garaikidetasunaren seinale omen da.