argia.eus
INPRIMATU
Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera
  • Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez arituko gara.

Ainhoa Aldazabal Gallastegui 2024ko martxoaren 07a

Ikasketaz kazetaria, aurkezpen gutxi behar duen bertsolari eta idazle ezaguna da Uxue Alberdi. Berari entzuna da bertsolaritzak hizkuntzarekin jolasteko eta esperimentatzeko aukera ematen diola, oholtzak publikoarekin hartu emana izateko aukera eta kotxeko bidaiak beste bertsolariekin denbora pasatzekoa. Alegia, bertsolaritzak espazio publikoa eta plaza okupatzeko aukera ematen diola. Idazketak barrura begiratzeko aukera ematen dio eta hizkuntzaren zehaztasuna eta zuzentasuna bilatzen lagundu. Printzipioz bakardadean egiten den ariketa mota da idaztea. Bi diziplinatan hitzaren erabilerak markatuko du bere lana. Aita euskara irakaslea, eta ama liburu saltzailea izanik, hizkuntzarekin eta literaturarekin duen loturaren zati handi bat etxetik jaso duela esan genezake.

Bere ibilbide literarioari begira jarriko gara eta helduentzat idatzi dituen prosazko lanak aztertuko ditugu artikuluan (beste lanak, hurrengoan). Ibilbide luze eta zabala da berea. Luzea, 2007an argitaratu baitzuen bere lehen liburua, eta paseak direlako ia bi hamarkada argitaratzen hasi zenetik. Zabala, Alberdiren lanak beraien artean askotarikoak diren materialek osatzen dutelako.

Hitzak jatorri, hitzak helburu
Batxilergoko ikaslea nintzela, Aulki bat elurretan ipuin liburuaren aitzakian, Uxue Alberdiren bisita jaso genuen institutuan. Egia esan behar badut ez dut liburuaren lehen irakurraldi hartatik asko gogoratzen, baina gogoan dut parean nuen idazlearen pentsatzeko zein hitz egiteko moduak nola liluratu ninduen. Goiz hartatik jarraitu diot pista Alberdiri, eta argitaratu bezain azkar irentsi ditut bere liburu gehienak. Eta, bai, gerora gogoratzen dudan irakurraldia egin nion Aulki bat elurretan liburuari. Inpresioa egin zidan. Suedian kokatzen diren ipuinek osatzen dute liburua eta paisaia zuri eta hotzen irudiak dira liburuko hari komunetako batzuk. Hoztasun klimatologikoa erabiltzen da hoztasun sozialari buruz zein pertsonaien barne mundu hotz (eta aseptikoaz?) hitz egiteko. Liburuak ipuin gordin batekin egiten digu harrera eta oso ondo zahartu delakoan nago. Eta ez nuen Bon Jovi kontakizunean egiten duen jolasa gogoratzen, baina berrirakurtzera animatzen zaituztet. Oraingo irakurraldian orduan ere sentitu nituen hotza, bakardadea eta samina sentitu ditut.

Aulki-jokoa (Elkar, 2009) da argitaratu zuen hurrengo eleberria. Izugarri gustatzen zaidan nobela da, eta programatu dudan irakurle taldeetan ere harrera ezin hobea izan duela aitortu behar dizuet (21. edizioa argitaratu berri da). Hala ere, literaturaren zubitegian (Armiarmako webgunean) begiratuz gero, nobela motz hori da kritikarion partetik oihartzun txikiena jaso zuena eta kritika gutxien pilatzen dituena. Aulki-jokoa bizitzaren eta heriotzaren metafora bat da, hiltzen den zahar bakoitzak hutsik uzten baitu kafetegiko aulkia, hain zuzen ere. Eta kafetegiko enkontru horiek dira iraganaz hitz egin bitartean bizirik jarraitzeko arrazoia. Emakume protagonistak dituen nobela motza da, erraz irakurtzen dena eta tarteka hunkigarria ere bai.

Aurkezpen liburu bi horien ondoren, eta lehenengo erditzearen ostean, arratsaldero bi ordu hartuta idatzitako liburua da Euli-Giro (Susa, 2017). Hala kontatu zion autoreak Juan Luis Zabalari Berria-rako egindako elkarrizketan. Ama izatera mugatuko zelako ustea zutela pentsatzen zuten besteek, eta horregatik, askatasun handiagoz idatzi zuen. Orduko literatur girotik jasotako harrerari, erreakzioz idatzitako liburua izan zen. Ama izan ostean, bertsolaria eta idazlea izaten jarraituko zuela bere buruari zein munduari erakusteko beharra sentitu zuen. Aurreko bi liburuekin alderatuta ipuin ilunagoak dira, sentsazio batetik sortuak eta sentsazioak sorrarazten dituztenak: deserosotasuna, egonezina... Oso errealistak dira, nahiz eta absurdotik edo nahasmendutik asko duten.  Berrirakurri dudanean Olatz Mitxelenaren Arrain hezur bat eztarrian liburuaz gogoratu naiz. Hain desberdinak izanagatik ere, sentsazio antzerakoak sortu dizkidate.

1980etatik hiru hamarkadatako kronika jasotzen da laugarren liburuan, Jenisjoplin (Susa, 2017).  Gatazkari lotutako paisaia dugu: borroka armatua, militantzia, kartzela, droga. Patriarkatua. Baina gizakiak diren pertsonaiek osatua: gaixotasuna, zaurgarritasuna, gozamena, plazera eta edertasuna. Epikotasuna eta egunerokotasuna nahasten dira. Konbinazio horrekin (bereziki epikotasunarekin), alde batetik, autoritatea duen kritika maskulinoaren hobespena jaso zuen liburuak. Alberdik berak aitortua da liburua argitaratu ostean soilik sentitu zela lehen aldiz benetako idazle. Eta konbinazio honekin (bereziki egunerokotasunarekin) irakurleen interesa ere bereganatu zuen liburuak, dinamikoa baita eta hausnartzeko aukera ematen baitu. Laugarren liburu honetan, kritikek eta irakurleek bat egin zuten liburu borobila delako iritzian.

Susa argitaletxeko Lisipe bilduma feministan argitaratutako Kontrako eztarritik (2019) liburua testigantzetan oinarritutako saiakera bat da; Svetlana Aleksvic autoreak Gerrak ez du emakume aurpegirik (Elkar, 2014) liburuan egin bezala,  hamabost testigantza jaso ditu Alberdik, bertsolaritzaren munduan emakumeek bizi duten biolentziaren inguruko diskurtsoa harilkatzeko. Horrekin batera, sarreran autoreak berak esaten duen bezala, “bertsolaritzaren definizio tradizionala zabaltzen eta osatzen lagundu nahi luke” (liburuak). Isiltasun deseroso ugari sortu bazituen ere, maitasunetik egindako proposamen ausarta eta beharrezkoa izan zen. Bertsolari emakume batzuk kolektiboan eta elkarrekin hausnartutako horri ahotsa ematea lortu zuen modu didaktiko batean eta estilo zuzen batekin. Liburu honekin ondo merezitako 2020ko Euskadi Saria irabazi zuen.

Begirada maskulinoaren hatsetik ihesean, Dendaostekoak (Susa, 2020) liburua denetan klasifikatzeko zailena da. Autoreak hibrido bezala izendatu du. Nik, autobiografia kolektiboa eta kronikaren arteko materiala dela esango nuke. Dena dela, lan konplexu eta sakona egitea lortu du idazleak. Ama eta izeba diren Marijo eta Izaskunen ahotsetatik kontatuta dagoen istorioak Pitxintxu dendan du bere epizentroa, kalera ematen duen erakusleihoak, dendak berak eta errekara ematen duen dendaosteak osatua. Dendaostea, intimitatea, kontsideratzen den horri dimentsio politikoa ematen zaio liburuan; alde batetik, emakumeen gauzak kontsideratzen direnak (joskintza estiloak, brodatuak, tela motak edota hilekoa, bortxaketa edo abortua) zehaztasunez izendatzen direlako eta garrantzitsu bezala tratatzen direlako. Beste alde batetik, indartsuak, askeak, erabakigarriak eta erresilenteak diren emakume biren begirada (eta ahotsa) jasotzen duelako Alberdik. Ahizpak izanik ahizpatasunez ibili dutelako bizitza (eta Karakaterako bidea).

Lumbung (Txalaparta, 2022) eta Zirriborroak eta gero (Consonni, 2023) liburu kolektiboetan ipuin banarekin ere hartu du parte.

Hasieran esan bezala ibilbide literario luze eta zabala egin du Uxue Alberdik. Idazten zuen neska gazte bat bezala hartu zuen literatur sistemak, baina bere ahots propioaren bilaketa egin duen idazlea dugu egun. Argitaratu duen testu bakoitza originala da. Tonu eta forma aldetik obra aberatsa sortu du. Eta begirada gauza txiki eta inportanteetan pausatu du. Abilezia duela erakutsi du eta hitzekin munduak irekitzeko gaitasuna duela ere bai.