argia.eus
INPRIMATU
Distira musikan, zakarkeria ekoizpenean
Montserrat Auzmendi del Solar 2024ko martxoaren 07a
Argazkia: Enrique Moreno Esquivel
Argazkia: Enrique Moreno Esquivel

Zer: OLBEk antolatutako Verdiren 'Rigoletto' opera.
Nork: Bilbao Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Opera Abesbatzak.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.
Noiz: Otsailaren 23an.

------------------------------------------------

Spoiler: Euskaldunan entzun genuen musika-mirari bati buruz idatziko dut, nahiz eta haren eszenaratzea ahazteko modukoa izan den. Lerro hauek idazten dituena ez da izutzen eszena ausartengatik, ez da mindulina edo horrelako ezer.
Ezin dut jasan ekoizpen ustez feminista baten etiketaren azpian ekoizpen erabat matxista agertzea, tramari ezer ekartzen ez dioten irudiz betea, eta adierazten duen gauza bakarra emakumearenganako mespretxua izatea, haren irudi erabat ahul eta hutsa eskainita. Dantzari-talde horrek guztiak, batzuetan biluzik, felazio-mugimenduak, sexu-eszenak eginez, ez zuen lekurik Rigoletto-ren istorioan. Horrek guztiak antzezpenari ekarri zion gauza bakarra gustu txarra izan zen, eta ikusle batzuentzat ziur aski zentzurik gabeko interferentzia bat, benetako gozamen musikaletik aldenduko zuena.

Hori guztia esanda, egia esan, ikuspegi musikal hutsetik begiratuta, OLBEk aurkeztu zigun Rigoletto zoragarria izan zen. Dena bere puntuan egon zen eta kantari guztiak grazia egoeran egon ziren, zalantzarik gabe.

Amartuvshin Enkhbat baritono mongoliarrak aho zabalik utzi zituen entzuleak, ahots- eta interpretazio-ezaugarri bikainak demostratu baitzituen. OLBEn debutari, Rigoletto honetan ahots biribila entzun ahal izan genion, ezin hobea fraseoan, indar handikoa baina aldi berean malgua eta xarmagarria. Oso gutxitan gozatzen den ahots horietako bat.

Sabina Puértolas sopranoaz gauza onak bakarrik esan ditzakegu. Bikain aritu zen Gildaren rolean, bikote zoragarriak egin zituen baritonoarekin, bigarren ekitaldia ixten duen cabaletta ikusgarria bezala, publikoaren harrera beroaren aurrean errepikatu behar izan zutena.

Nire ustez, bestalde, Ismael Jordi tenorearen lana ez zen merezi bezain txalotua izan. Duke di Mantovaren papera interpretatu zuen; oso tenore dotorea da, tinbre bereziki ederra du, eta ahoskera eta fraseaketa bikainak ditu.
Gainerako bakarlariek ez zuten huts egin. Carmen Topciu mezzoak, Maddalenaren paperean, maila handia eman zuen. Baita Marifé Nogalesek ere, Giovannaren rolean; Fernando Latorrek, Monterone kondearen paperean; José Manuel Díazek, Marullo bezala; eta Emanuele Cordaro baxuak, Sparafucileren rolean.

Daniel Orenek Bilbao Orkestra Sinfonikoaren gidaritzan egindako lana bikaina izan zen une oro, ahots bakoitza bikain azpimarratuta. Hasieran esan dudan bezala, Miguel del Arcoren eszena-zuzendaritza ahazteko modukoa izan zen. Eskerrak musikak dena sendatzen duen.