Iazko irailean, Science Advances aldizkariak argitaratu zuen Earth beyond six of nine planetary boundaries (Lurrak bederatzi muga planetarioetarik sei gainditu ditu), planetaren mugen gainditzearen eguneraketa eginez. Jada gaindituak dira berotegi efektua, ur gezaren erabilera, lur azalaren erabilera, bioaniztasuna, kutsadura kimikoa, eta ziklo biogeokimikoak (fosforo eta nitrogenoarenak). Azken hori, jadanik gainditua zen ikerketa honen lehen bertsioan (2009an) eta laborantzarekin zerikusi handia du.
Karbonoaren zikloa bezala, nitrogenoaren zikloa landare biomasari oso lotua zaio. Ekosistema lurtarretan, landare biomasatik lurrera eroritako hosto eta bertzelako landare hondarrek lurzoruko nitrogeno organiko erreserba elikatzen dute. Lurzoruko izakien bidez (onddo, bakteria, zizare eta bertze hainbat) nitrogeno organiko hori mineralizatzen da, eta hazten diren landareen sustraiek nitrogeno mineral hori hurrupatzen dute. Zikloaren zati nagusi horri gehitu behar zaizkio animalien landare kontsumoa eta digestioaren ondotik zein hil ondoren lurrera itzultzen dutena; lurzoruan gertatzen diren nitrogeno mineral galerak; eta horiek konpentsatzen dituen nitrogeno harrapaketa atmosferatik, lekadunen bidez.
Aldiz, karbonoaren zikloarekin alderatuz, nitrogenoaren zikloa askoz gutiago konektatua da atmosferarekin: egoera gehienetan %5 inguru baizik ez dator atmosferatik lekadunen bidez, zikloaren gehiena landareetan eta lurzoruan gertatzen delarik. Horren ondorioz, tokian tokiko galerak emendatuz gero lekadunak ez badira konpentsatzeko gai, orduan lurzoruaren emankortasuna apalduko da. Galera horiek oso erraz gerta daitezke, amoniakoa, nitrogeno protoxidoa eta nitratoa oso mugikorrak baitira, lehen biak airean eta azkena urean.
Laborantza sistemetan, nitrogenoaren zikloa irekia da: uzta bakoitzean nitrogenoaren zati bat sistematik kendua da eta horren konpentsatzeko ongarria gehitzen zaio lurzoruari. Fertilizazioa Europa mendebaldean abereen gorotzaren bidez egin ohi zen nagusiki. Lur bereziki emangaitzeko eskualdeetan –landak adibidez, gaurko pinudi handia landatu aurretik– gorotzaren ekoizpena zen abereen lehen funtzioa, haragia edota artilea azpiproduktuak zirelarik.
XVII. mendetik aurrera garatu zen lekadunen erabilera errotazioetan, lurren emankortasuna hobetuz eta azalera beharrak murriztuz. 1820ko hamarkadatik aurrera, Peruko ugarteetako itsas txori gorotza esportatzen hasi ziren Europara, bertako laborantzaren etekinak emendatuz. Baina aldaketa handiena XX. mendean gertatu zen, ordurarte lekadunek bakarrik lortzen zutena Fritz Haber kimikari alemaniarrak lortu zuenean: aireko nitrogenoa ongarri bihurtu.
Bortz urte geroago, BASF enpresako Carl Boschek Haberren aurkikuntza maila industrialera inplementatu zuen. Halere, lekadunek ez bezala Haber eta Boschek erregai fosil kopuru handiak behar zituzten erreakzio kimiko horretarako, hau da, aireko nitrogenotik eta hidrokarburoen hidrogenotik amoniakoa sortzeko. Amoniakoa, berriz, ongarriak eta lehergaiak ekoizteko erabiltzen zen. Lehen Mundu Gerran Alemaniak sektore hori azkarki garatu zuen: 1913an lehen kimikaguneak 11.000 tona ekoitzi zituen, 1917an bigarren bat eraiki zuten, 36.000 tona ekoitzi zituena eta ondorengo urtean 160.000 tona zituzten ekoitzi. Gerra eta gero, lantegi horiek berek –eta munduan zehar eraikitako antzeko hainbatek– ongarri sintetikoak masiboki ekoizten hasi ziren. Ordutik aurrera, polikultura eta lekadunen erabilera zaharkituak bilakatu ziren, eta laborantzaren industrializazioa eta espezializazioa hasi ziren. Alfred James Lotka populazio dinamikaren teorialariak 1924an zioen gizateriaren historian aro berri bat ireki zela. Garai hartan "antropozeno" hitza erabiltzen ez bazen ere, aldaketaren munta sumatu zuen.
Lotkaren komentariotik mende bat geroago, nitrogenoaren ziklo biologikoak airetik harrapatzen duen nitrogeno kopurua baino handiagoa da ongarri sintetikoek biosferan sartzen dutena. Aldaketa erraldoi hori ez da noski albo-kalterik gabe gertatzen ari, lurzoruan gertatzen diren nitrogeno mineral galerei dagokienez. Eta galera horiek masiboak dira ongarri sintetikoak erabiliz gero.
Arrazoietarik bat dugu galerak ez direla ongarri erabilerari proportzionalak, baizik eta proportzionalki handiagoak direla ongarri kopuru handiagoak erabiliz gero. Bertzela erranik, nitrogenoaren eraginkortasuna beheiti ari da ongarri kopuruaren emendatzearekin. Horrez gain, landareek hurrupatzen ez duten nitratoa lurpeko uretara, erreketara eta itsas bazterretara isurtzen da, uren edangarritasuna eta ekosistemak andeatuz. Soberan dagoen amoniakoa ere atmosferara isurtzen da, gure osasuna kaltetuz.
Muga planetarioak zehaztu dituen taldearen arabera, nitrogeno soberakin horrek urtean gehienez 60 milioi tonakoa beharko luke izan, eta gaur egun 190 milioi tonakoa dugu. Horregatik, Nazio Batuek eta Europar Batasunak 2030erako nitrogeno galerak erdiz murrizteko xedea iragarri dute. Baina arazo potolo bat dugu: laborantza industrialetik atera gabe, ongarrien eraginkortasua hobetzeko eta nitrogeno galerak murrizteko modurik onena dugu ekoizpen murrizketa, bertzelako doitzeek –lurzoruetan nitrifikazioa eragoztea, barietateen hobetzea, ongarriztatze zehatzagoak egitea– bazterreko eraginak baizik ez baitituzte.
Baina nor da gaur egun ekoizpena murrizteko prest, azken bi urtetan zerealen merkatu globalean izandako tentsioekin? Nola elikatu laster 10.000 milioi izanen garenak, ondorengo belaunaldien bizien baldintzak kolokan jarri gabe? Laburbilduz, hiru altxaprimaren arabera: errotazioetan lekadun gehiago ezarriz (horrela lurzoruko nitrogeno organiko erreserba igotzeko); laboreak eta hazkuntza birkonektatuz (abereak tokiko bazkaz bakarrik elikatuz eta haien gorotza soroetan baliatuz); haragi kontsumoa nabarmen jaitsiz eta zuhainen ordez giza kontsumorako laboreak ezarriz (lurren erabilera eraginkorragoa izateko asmoz). Konklusio horiek ematen ditu Methodology for designing a European agro-ecological future (Europar etorkizun agroekologikoa diseinatzeko metodologia) ikerketa berriak. Ilustrazio paradigmatiko bat hartzeagatik: ongarri sintetikoz ekoizturiko zuhain artoa hazkuntza industrialerako abereen bazkarako esportatzeko ordez; garia, txitxirioa, babak, patata eta hirustak landatu, landu ezin diren inguruko lurretan sasi ardiak bazkarazi, haien gorotza baliatu eta haragia asteburuko apairuetara bakarrik bideratu.
Zoritxarrez, nitrogeno soberakinak murrizteko aukerak ez dira asko, baina zorionez, aukera horiek martxan ezartzearen abantailak anitzak dira.
Lehengai anitzekin papera egitea dute urteroko erronka Tolosako Lanbide Heziketako Paper Eskolako ikasleek: platano azalekin, orburuekin, lastoarekin, iratzearekin nahiz bakero zaharrekin egin dituzte probak azken urteotan. Aurtengoan, pilota eskoletan kiloka pilatzen den... [+]
Egungo Venezia 118 uhartez osaturiko artxipelago baten gainean eraikita dago. Uharte horiek 455 zubik elkar lotzen dituzte. Lura baino lokatza du oinarri hiriak. Inguruetako milioika zuhaitz mozteari ekin zioten IX. mendetik aurrera, piloteak eraiki eta hiria zimendatzeko... [+]
Alemanian zentral nuklearren itxierak izan duen “eragin negatiboa” kontuan izateko eskatu dio erakunde horretako buru Fatih Birolek Pedro Sánchezen exekutiboari. Iberdrola, Naturgy eta Endesa multinazional elektrikoak ere presio egiten ari dira itxiera egutegia... [+]
EAEn, energia berriztagarriko instalazioak non jarri daitezkeen biltzen du Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS). Plana osatuta dago, eta laster onartuko dute. Alabaina, zenbait adituk hutsuneak dituela ohartarazi dute, tartean, Gorbeialdeko Herri... [+]
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez ezagutarazi da Cañaveras Solar enpresak egingo duela zentrala. Cañaveras Solar enpresaren zuzendaria Rafael Benjumea da, oligarkiako Benjumea familiako kidea. 15 milioi eurotik gorako kostua izango du proiektuak... [+]
Badira bi aste beste behin makroproiektuei kaleetan oposizio argi bat erakutsi geniela. Milaka eta milaka pertsona atera ginen kalera dinamika suntsitzaile honek amaitu behar duela aldarrikatzera. Bada, dirudienez horrek ez du lurraren suntsiketaren aldeko politikarietan inolako... [+]
Komunitateari buruzko artikulu segida honekin hasi nintzenean, Antoine eta Antoine zeuden etxean, gazta-ganbara hutsik zegoen, hiltegirako bueltak asterokoak ziren eta hiru egunetik behin egiten genuen gazta. Hau idazten hasi naizenerako, Picardieko lagunak jaioterrira joan... [+]
Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta erlauntzarik ere.
Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan inkorporazio berriak bultzatzea da gure helburua,... [+]
Sugea entzun eta leku lehor bat etorriko zaio burura askori, narrastiek beroa behar dutela ondo barneratua baitu gizakiak. Suge guztiak ez dira berdinak, ordea; denek ez dituzte baldintza berak gustuko, eta horri esker dago, besteak beste, dagoen dibertsitatea. Bakoitzak bere... [+]
Europan kutsadura maila aztertzen aritzen den Toxicowatch erakundeak egindako ikerketaren emaitzak dira. Erraustegia martxan jarri aurretik egin zituzten lehen azterketak, eta ondoren 2024ra arteko laginak aztertu dituzte. Iazko laginen emaitzak dira honakoak.
Giza-katea antolatu du Subflubiala ez! plataformak eta hitzordua Artaza-Romo Institutuan jarri du gaurko 18:00etan. Bizkaiko Foru Aldundiak Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena (IIA) aldatzea du helburu eta horrelakorik ez du onartzen plataformak.
Zedarriak enpresari taldeak armagintza sustatzera deitzeak eta Jaurlaritzak horrekin bat egiteak "haserrea" sortu diela diote sinatzaileek. Mundu mailako egoera "inoiz baino larriagoa" dela uste dute, eta "Euskal Herriaren etorkizuna oztopa dezakeen... [+]