Errusiaren eta NATOren arteko gerra Ukrainaren lepotik

  • Bi urte bete dira Errusiako armadak Ukrainan inbasioa hasi zuela. Egun hori baino lehenago, 2014ko estatu kolpean eta ondoren hasitako gerra zibilean 3.500 zibil inguruk bizitza galdu zuten; horiei gehitu behar zaizkie Nazio Batuen Erakundeak (NBE) azken bi urteotan zenbatu dituen 10.300 zibilen heriotzak. Kontaketa borobiltzeko, fronteko bi aldeetan 2022ko urtarrilaren 31 arte, 14.000 dira erregistratutako zibilen heriotzak. Zaurituak, 30.000 inguru. Militarren heriotzen inguruko datuak ez daude batere garbi, baina litekeena da ehunka mila soldaduk bizitza galdu izana. Desastre humanitarioa da. Saihestu zitekeena.

Bi soldadu ukrainiar Kharkiven 2022ko irailean. Argazkia: A. Kostiantyn
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Gerra hasieratik, Mendebaldeak esan du probokatu gabeko inbasioa dela eta ez duela zerikusirik NATOren zabalkundearekin. Propaganda hori errepikatu zuenetako bat NATOko idazkari orokor Jens Stoltenberg izan zen. Baina 2023ko irailaren 7an Stoltenbergek berak azaldu zigun Vladimir Putinek 2021eko udazkenean itun zirriborro bat aurkeztu ziola NATOri, aliantzak uko egin ziezaion gehiago zabaltzeari. NATOko idazkariaren hitzetan hori Ukraina ez inbaditzeko baldintza zen, halere, harro kontatu zigun ez zutela sinatu.

1990eko hamarkadan Mendebaldeak Moskuri hitza eman zion NATO ez zela ekialderantz zabalduko. Halere, aliantza atlantikoa hamalau herrialdetara zabaldu eta Errusiako mugetara iritsi zen, eta ekialde hartan misilak jarri zituen. Orduko Mosku ahulak irentsi behar izan zuen, baina bazuen muga argi bat: Ukraina eta Georgia. Halere, NATOk 2008an bi herrialdeei agindu zien etorkizunean NATOn sartuko zirela. Arazoa, baina, ukrainarrekin zuten, NATOn integratzearen aldekoak gutxiengo ziren eta aldiz, gehiengo oso zabala neutraltasunaren edo errusiarrek zuzentzen duten Segurtasun Kolektiborako Itunaren Erakundean integratzearen aldekoa zen.

Errealitate hori eraldatzea 2013ko Maidan-eko mobilizazioen funtzioetako bat izan zen, 2014ko otsailaren 22an Viktor Janukovitx presidente “errusiar zalearen” kontrako estatu kolpearekin batera amaitu zena. Kiev-eko Maidan plazan frankotiratzaile batzuk herritarren eta polizien aurka egin zuten sarraskia erabakigarria izan zen. Baina Mendebaldeak ez zuen interesik izan sarraskiari buruzko ikerketetan, irudietan, autoinkulpazioetan eta epaiketan. Epaia Ukrainako auzitegiek argitaratu zuten 2023ko urriaren 20an eta baieztatu zuten manifestari eta polizia ugari tirokatuak izan zirela Maidaneko manifestariek kontrolatutako Ukraina Hotelean zeuden frankotiratzaileen eskutik.

Kieveko Maidan plaza 2013ko protesten ostean. Argazkia: AP

Estatu kolpearen ostean, Errusiak Krimea anexionatu zuen eta Ukrainako Gobernuak Donbass errebeldearen kontra eraso egiteari ekin zion. Testuinguru horri esker, Stoltenbergek adierazi zuen gisan, 2014tik NATOk aurrekaririk gabeko laguntza militarra eman dio Ukrainari, bere indar armatuak entrenatuta, ekipatuta eta babestuta. Bien bitartean, Donbasseko gerra zibilean Errusiak gutxienez bi momentutan era zuzenagoan esku hartu zuen mertzenarioen edota mozorroturiko soldaduen bidez. Une horietan Ukrainako armada egoera larrian zegoela Minskeko bake akordioak adostu zituzten. Halere, azken bi urteetan jakin dugu Ukrainak eta Mendebaldeak inoiz ez zutela adostutakoa betetzeko asmorik.

Inbasiotik bake negoziazioetara
Orain inork gutxik dudan jartzen du inbasioaren bitartez Kremlin-en helburu nagusia ez zela Ukraina osoa hartzea, baizik eta Ukrainako Gobernua aldatzeko baldintzak sortzea edota Ukrainako Estatua sinatzera behartzea Moskuren interesak zainduko zituen akordio bat. Baina Errusiako Gobernuak oso kalkulu kaskarra egin zuen. Konparaziorako, errusiarrek erabili zituzten soldadu kopuruaren erdia mobilizatu du Israelek Ukraina baino 13.000 aldiz txikiagoa den lurraldea inbaditzeko. 200.000 bat gizon armaturekin bere helburuak lortuko zituela pentsatu zuen Moskuk, nahiz eta ukrainar armadak errusiar soldaduen kopurua hirukoiztu edo laukoizten zuen.

Lehenengo unetik Ukrainako Gobernuak eta armadak borrokarako prestutasuna eta determinazioa erakutsi zituzten. Kremlin-en kalkulu estrategikoek huts egin zuten, ez zegoen errendizio masiborik, ezta gobernu dimisiorik edota estatu kolperik ere. Inbasioaren lehen hilabetean errusiarrek oinarrizko helburu operazional batzuk lortu zituzten, baina soldaduen eta materialen galera oso altua zen.

Bi herrialdeetako gobernuek pizgarri asko zuten bake agertokia erdiesteko. Israelgo lehen ministro ohi Naftali Bennett-ek azaldu zuen gerraren hasieran izandako negoziazioetan bitartekaritza lana egin zuela Israelek, eta bi aldeek gauzak bide onean jartzeko borondatea zutela. Oleksi Arestovitx-ek, Volodimir Zelenskiren aholkulari ohiak eta 2022ko udaberriko bake elkarrizketetan Ukrainaren ordezkaritzako kideak, azaldu du orduan adostutakoa Kieventzat oso ona zela. Ukrainak lurralde batasuna berreskuratuko zuen Krimea kenduta, eta hamabost urteko epea finkatuko zen bere estatusa eztabaidatzeko. Hori dena Ukraina NATOn ez sartzearen truke. Arestovitxek aitortu zuen ukrainarrek xanpain botila bat ireki zutela hori entzutean. Hori hainbat iturrik berretsi dute, besteak beste, negoziaketetan parte hartu zuen ukrainar diplomatiko Oleksandr Chalyi-k eta Vladimir Putinek berak, elkarrizketa eta adierazpen batzuetan.

Errusiaren aldeko indarrak Mariupolen - C. Kondarov/Reuters

Baina, Zelenskiren zalea den Ukrainska Pravda hedabidearen arabera, AEBek eta Erresuma Batuak Ukrainako Gobernua behartu zuten negoziazioa bertan behera uztera. Antzeko kontakizuna egin zuten bitartekariek, lehen aipaturiko Bennettek, Gerhard Schröder-ek eta bake elkarrizketen anfitrioia izan zen Turkiako Kanpo Harremanetarako ministro Mevlut Cavusoglu-k.

Elkarrizketetan parte hartu zuen Zelenskiren alderdiko lider David Arakhamia-k azaldu zuen Errusia prest zegoela gerra amaitzeko Ukrainaren neutraltasunaren truke. Halaber, baieztatu zuen Mendebaldeko herrialdeek dena zekitela bake elkarrizketei buruz eta Zelenskiri esan ziotela ez sinatzeko bake akordiorik. Ildo horretan erantsi zuen, Ukrainska Pravdak aurretik azaldu bezala, Boris Johnson lehen ministro britainiarrak Kievera 2022ko apirilaren 9an egin zuen bisitan borrokan jarraitzeko esan ziela ukrainarrei. Egun berean Europar Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkari Josep Borrellek ondokoa adierazi zuen: “Gerra hau gudu-zelaian irabaziko da”.

Ekaina bitartean negoziazioak berreskuratzeko saiakerak izan ziren, baina denek egin zuten huts, Mendebaldeak behin eta berriro Zelenskiri esaten ziolako ez zela bakerako unea, baizik eta gerrarakoa. Trukean, antza, EBko kide izateko hautagaitza lortu zuen Zelenskik.

Une horretatik aurrera Mendebaldeak Ukraina armatu, entrenatu, gidatu, mertzenariok bidali, inteligentzia militar guztia bere zerbitzura jarri eta estatua ekonomikoki sostengatzen du. Izan ere, Ukraina NATOren zerbitzura gerra egiten ari dela behin eta berriro gogoratu digute Mendebaldeko eta Ukrainako politikariek, eta funtsean horixe da daukaguna: Errusiaren eta NATOren arteko gerra bat, Ukraina erabilita. Josep Borrellek zera azaldu zuen: "Ukraina laguntzen ez badugu, egun gutxi barru eroriko da", eta beraz, "ezin da pertsonen, ospitaleen, eskolen eta hirien ongizatea handitu, diru hori Ukrainak behar duelako. Ez iezadazue esan Ukrainako gerra gelditzeko, Ukraina laguntzeari uzten badiot, gerra amaitu egingo baita, zalantzarik gabe".

Bucha hirian ehunka zibil hil zituzten 2022an - Getty Images

Gerraren aurpegi desberdinak
2022 urte gogorra izan zen Errusiarentzat. Iraila giltzarri izan zen. Ukrainak Kharkiveko fronteko kontraeraso arrakastatsua burutu eta 12.000 kilometro koadro berreskuratu zituen. Moskuk erreserbisten mobilizazio partziala eta Ukrainako lau eskualderen anexioa iragarri zituen. Erantzuna izan zen Errusiatik Alemaniara gasa eramaten duten North Stream gasbideen kontrako eraso ezaguna. Seymour Hersh kazetari prestigiotsuaren arabera, AEBek buruturiko atentatua izan zen.

2023an frontea gelditu xamar zegoen, Errusia bere akatsetatik ikasi eta iraupen luzeko gerra konbentzional baterako prestatzen hasi zen. Irabazteko gakoak ondokoak izango ziren: armada bakoitzaren gaitasun industriala eta giza baliabideak. Bi faktore horietan errusiarren nagusitasuna argia zen. NATOk ezin zuen, eta gaur egun ere ezin du, Ukrainarentzat behar adina armamentu ekoiztu. Halere, Mendebaldeko komunikabideek eta kantzilertzek esan ziguten armada errusiarra edozein unetan kolapsatuko zela: ez zutela arma hornidurarik, armamenturako txipak garbigailuetatik ateratzen zituztela eta Errusiako erregimen politikoaren kolapsoa iristear zegoela.

Frontean, Errusiak aspalditik du martxan jarrita Ukrainaren eta NATOren gaitasun militarrak higatzeko estrategia. Horregatik, 2023ko udan ukrainar armada ahulduta zegoen eta horren ondorioz, porrot egin zuen bere kontraerasoak. Ahulezia konpentsatzeko, eraso militar eta terroristak errusiar lurraldeetan ugaldu zituen Kievek.

2024an Ukrainaren egoera okerragoa da. Orain, Errusiak frontean azkarrago egiten du aurrera. Kievek soldadu gutxi du eta jendea errekutatzeko arazo handiak dauzka. Halere, aurten ez dirudi bake negoziaketarik izango denik. Alde batetik, Mendebaldeko agintariek ez dute ahuldadetik negoziatu nahi, ekainean Europako Parlamenturako hauteskundeak eta azaroan AEBetakoak izango dituztela eta, bestalde, Errusia orain sentitzen da erosoen, armada eta ekonomia gerrarako egokituta dituela.

Vladimir Putin, Krimearen anexioaren urteurrena ospatzeko ekitaldi batean, 2022an - M. Klimentyev/AFP
2024an Ukrainaren egoera okerragoa da. Orain, Errusiak frontean azkarrago egiten du aurrera. Kievek soldadu gutxi du eta jendea erreklutatzeko arazo handiak dauzka

Moskuk 2023ko erdialdera arte pairatu zuen ezegonkortasun politiko eta militarra atzean geratu da. Inork gutxik gogoratzen ditu inbasioa hasi arte Errusian martxan zeuden gobernuaren kontrako protesta sozioekonomiko eta politiko jendetsuak edo 2023ko San Juan egunean Wagner talde paramilitarrak egin zuen altxamendu armatua Kremlin-en kontra. Martxoan egingo diren hauteskunde presidentzialetan litekeena da Putinek inoizko babes handienetakoa lortzea. Erregimen politikoa geroz eta autoritarioagoa da, baina aldi berean, bere babesak kohesionatzen ari dira, kanpo etsai bat eragiten duten gerretan gertatu ohi den bezala. Errusiarren artean inbasioak ez zuen gogo handirik pizten eta kritikoak ez ziren gutxi. Baina gerra hasi zenean NATOk bere jo puntuan ez zuen Errusiar Federazioa soilik jarri, baizik eta Errusiako herritar guztiak. Errusiarren aurkako jazarpena ekonomiara, kulturara, hezkuntzara eta kirolera zabaldu zuten. Ondoren, NATOren inplikazio belikoa indartu ahala, “kanpo etsai baten aurkako borroka”-ren irudia sendotu da errusiarren artean. Horrek erregimena kohesionatu du eta diskurtso nazionalistak indartu. Horri guztiari erantsi behar zaio gerra ekonomikoan Errusia garaipen handiak lortzen ari dela. Bere ekonomiak Mendebaldekoak baino hazkunde handiagoa du. Etxean gerra ekonomiarako neokeynesiar politika publikoak aplikatzen ari dira, aberastasunaren banaketa bultzatu eta zerbitzu publikoetan inbertsioa handituta.

Errusiaren kontrako gerra ekonomikoak, ordea, asko kaltetu du Europako Batasuna. AEBek Ukrainako 2014ko krisiarekin lortu zutena areagotu eta sendotu egin da: Berlin-Mosku-Beijing ardatz ekonomikoa suntsitu eta EB Washingtonen interesen zerbitzura jartzea. Ondorio ekonomiko lazgarriak eragin ditu, Josep Borrellek garbi azaldu zuenez: “Errusiatik datorren energia merkean oinarritu da gure oparotasuna. Errusiako gasa eta Txinako merkatu handirako sarbidea: esportazioetarako eta inportazioetarako, transferentzia teknologikoetarako, inbertsioetarako (eta) produktu merkeak izateko”.

Etapa hori bukatu egin da. Orain, errusiar gasaren ordez, AEBek Europari berea askoz garestiago saltzen diote eta energiaren prezioaren gorakada indartu. Ondorioz, inflazioa harrotuta dago, euroa hondoratuta eta europar industriak lehiakortasuna galdu du nazioarteko merkatuetan. Enpresa askorentzat irtenbidea da Europa utzi eta AEBetara joatea, han energiaren prezioa hiru edo lau aldiz merkeagoa izateaz gain, dirulaguntzak dauzkatelako. Hori guztia gutxi balitz, NATOko herrialdeak beraien gastu militarraren igoera garrantzitsuak egiten ari dira AEBetako industria militarraren mesedetan.

Volodimir Zelenski, NATOko buruzagiek 2023ko uztailean Lituanian egindako bilkuran - Y. Herman/Reuters

Ukrainan egoera okerragoa da. Gerrak sortzen duen suntsiketarekin batera, ekonomia koman dago. Herrialdea bizi da Mendebaldetik datozen transferentzia ekonomikoetatik eta kasu askotan diru hori era ustelean kudeatzen dute. Gainera, herrialdearen neokolonizazio ekonomikoak sekulako abiadura hartu du. Lurrak eta baliabideak Mendebaldeko enpresen mesedetan pribatizatzen ari diren bitartean, herritarrei politika neoliberalak inposatzen dizkiete. Ildo horretan, Ukrainaren berreraikuntzarako funtsaren arduradun izendatu dituzte AEBetako BlackRock munduko inbertsio funts handiena eta JPMorgan Chase bankua.

Ukrainar autoritarismoa biguna da. Alderdiak eta hedabideak debekatzen ditu, aurkariak jazartzen ditu eta eskuin-mutur nazionalistaren ideologia eta posizioak elikatzen ditu. Baina biguna da, soberania eta babes herritar faltagatik. Horregatik, Volodimir Zelenskik hauteskunde presidentzialak ez egitea eta agintaritza militar osoa aldatzea erabaki du.

Etorkizuneko perspektibak
Sergei Shoigu-k, Errusiako Defentsa ministroak, 2025ean gerraren amaiera irits daitekeela iradoki du. Aurten Ukrainak gutxi-asko eutsiko balu, 2025ean indar berrituta kontraerasoa prestatuko luke edozein negoziazio agertokira indartsuago iristeko; baina oso ahulduta iristen bada, negoziazioa zailduko litzateke. Zelenskik oso zaila du ukrainar biztanleei saltzea bete edota sinatu nahi izan ez dituzten bake akordioek aurreikusten zutena baino lurralde askoz gutxiago izango dutela. NATOk ere ez luke nahiko horrelako porrot ageriko bat eta hor hazi egin dira azken asteetan sumatzen diren arrisku berriak.

Ukrainiako armadako soldadu bat tiro egiten Donetsk-eko mugan - A. Stepanov/AFP

Ukraina asko ahuldu baino lehenago mahai gainean dagoen aukeretako bat da NATOren inplikazio zuzenagoa, agian kideren baten zuzeneko parte hartzearekin Ukrainari gerran laguntzeko. Horretarako bi baldintza landu behar dira. Lehenengoa, Europako herritarrak psikologikoki prestatzea horrelako gerra baterako eta bigarrena da casus belli bat probokatu edo fabrikatzea.

Errusia orain sentitzen da erosoen, armada eta ekonomia gerrarako egokituta dituela

Orain hilabete batzuk kolapsatzera omen zihoan Errusia, sekulako galerekin Ukrainako %20 okupatzeko gai besterik izan ez dena. Orain benetako arriskua omen da aliantza atlantikoarentzat. Alemaniako Defentsa ministroak esan du Errusiak bost urte barru NATOri eraso egin diezaiokeela. Europako zenbait herrialdek antzeko adierazpenak egin dituzte, besteak beste, Suediak, Finlandiak, Poloniak eta Baltikoko herrialdeek, beren herritarrei balizko gerra baterako prestatu behar direla adierazi diete. Rob Bauer-ek, NATOko Batzorde Militarreko buruak, argi utzi du: “Errusiaren aurkako gerrarako prest egon behar du Mendebaldeak". Eta Stoltenbergek epe luzeko gatazka iragarri du: “Errusiaren aurkako hamarkadetako borrokarako prestatu behar dugu”.

Egoera kezkagarria da munduan dauden gatazkak konektatzen ari direlako. Israelek Gazako genozidioa hasi bezain laster, Hegoalde Globalak era zakarragoan ikusi du ezaguna zuen Mendebaldearen moral bikoitza. Ildo horretan, Stoltenbergek harro esaten duenean Putinek Ukrainako inbasioarekin lortu duena aliantzaren hedapena eta kohesioa handitzea dela, ahaztu egiten du errealitatea konplikatuagoa dela.

Poloniako soldaduak NATOren ikurra eskuetan - O. Marques/Getty Images

Ispilu-joko batean bezala, NATO indartu den bezala, Errusiak harremanak estutu ditu Txinarekin, Iranekin eta Hegoalde Globaleko beste herrialde batzuekin. Horrela, blokerik ez zegoen tokian, orain badago, nahiz eta Mendebaldekoa bezain definituta eta kohesionatuta ez egon, polo anitzeko estrategia batetik mehatxu eta etsai komun baten aurrean artikulatzen diren interes nazionalen konbergentzia delako.

Blokeak ez zeuden lekuetan sortzeak edo daudenak kohesionatzeak baldintzak sortzen ditu munduko gatazkak lotzeko eta hirugarren mundu gerrara iristeko. Martxan dauden gerra guztiek besteengandik bereizten dituzten ezaugarri eta logika propioak dituzte. Baina gatazka horien artean nazioarteko potentzien interesak lerrokatzen hasten direnean gerra globalera hurbiltzen gara. Nancy Pelosi Alderdi Demokratako buruzagi historikoaren adierazpenak logika horretan daude: "Gazan sufrimendua geldiarazten saiatu behar dugu, baina su-etenera deitzea Putin jaunaren mezua da. Ez nahastu, horrek zerikusi zuzena du berak ikusi nahiko lukeenarekin".


ASTEKARIA
2024ko otsailaren 25
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ukrainako gerra
Arma nuklearrarekin erantzuteko bidea ireki du Putinek, Ukrainak AEBek eta Ingalaterrak emandako misilekin eraso egin eta gero

Arma nuklearrarekin erantzuteko aukera dakarren dekretua izenpetu du Vladimir Putin presidenteak. Hegazkinekin, gurutzaldi misilekin zein droneekin "eraso masibo bat" pairatzeak ondorioztatu dezake arma horren erabilpena. 


2024-11-18 | Jon Torner Zabala
Errusiaren kontra irismen handiko misilak erabiltzeko baimena eman dio Bidenek Ukrainari

Urtarrilaren 20an utziko du AEBko presidente kargua Joe Bidenek, lekukoa Donald Trumpi emanda –zeinak AEBen norabide aldaketa marka dezakeen Ukrainako gerran–. Agintaldia amaitu aurretik, baina, irakurri dugu Ukrainari baimena eman diola Errusiako Kursk eskualdean... [+]


2024-11-05 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Iparkorearrak ote dabiltza behe-laino artean Errusian?

Errusian Ukrainarekiko gerra-frontean arituko liratekeen iparkorear soldaduena bezalako kontakizunak entzuten direnean, kosta egiten zaio behatzaileari bereiztea zer izan daitekeen gerra-lainoak lausotzen duen errealitatea, eta zer maskirovka klasikoenekoa.


2024-10-17 | Julene Flamarique
Zenbat jende hil da Errusia eta Ukrainaren arteko gudan? Zer dio batak eta besteak?

Dagoeneko milioi bat pertsona hil dira Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra hasi zenetik, hainbat informek jaso dutenez. Hildako gehienak soldaduak dira, eta ondoren zibil ukrainarrak. Udara honetan izan dira kopururik altuenak 2022tik. 


Gerra galtzen ari den Ukrainan, negoziazioaren bideak indarra hartu du

Asteazken honetan Ukrainako lehendakari Volodimir Zelensky Londresen bildu da Keir Starme lehen ministro britainiarrarekin eta Mark Rutte NATOko idazkari nagusi berriarekin. Ondoren bildu da ere Europar Batasuneko beste buruzagi garrantzitsuekin. Helburua da “garaipenerako... [+]


2024-10-07 | Joan Mari Beloki
Euskal europarlamentari gehienak guda Europara zabaltzearen alde

Irailaren 19an Europako Parlamentuaren gehiengoak honen alde eman zuen botoa: "Berehala kendu ditzatela Ukrainari emandako arma-sistemaren erabilerari jarritako murrizketa guztiak Errusiako lurraldean". Hitz arruntetan esanda: "Bota itzazue luzera handiko misilak... [+]


Salamiren taktikaren arriskuak

Potentzientzat salamiaren taktika erakargarria da. Xerrak apurka-apurka era finean moztean datza. Horrela AEBek NATOren zabalkundearekin, nazioarteko legediaren hausturekin, erregimen aldaketekin eta nazioartean bere base militarren ugalketarekin errusiarren segurtasuna eta... [+]


2024-09-20 | George Beebe
Ez dago irismen luzeko misil nahikorik Mendebaldean Ukrainako egoera aldatzeko

(Baina Kievek Errusiari eraso egiten uzteak gerrara eraman gaitzake zuzenean).

George Beebe CIAko Errusiako analisi zuzendari ohia da eta bere artikulu hau Rafael Poch kazetariaren blogean argitaratu dute gaztelaniaz eta Brave New Europe webgunean ingelesez.


2024-09-11 | Gedar
Ukrainako Azov Batailoi faxistak errekrutatze-bira bati ekin dio Europan

Taldea ezagutzera ematea, gerrarako dirua biltzea eta soldaduak errekrutatzea da faxisten asmoa. Hainbat geldialdi egingo dituzte, hala nola Alemanian, Polonian, Txekian, Lituanian, Herbehereetan eta Belgikan.


2024-09-10 | Axier Lopez
Ikasturte berrian ere, gerra ate joka

Udan ohikoa izaten da albiste asko opor garaien etenak estaltzea. Eta egia esan, estalita baleude, kasik hobe. Gerra hotsen doinuak jarraitzen baitu dantzan jartzen kontinente zaharra.


2024-08-29 | Gedar
Aurrekontuetan aitortutakoa baino are handiagoa da Espainiako Gobernuaren gastu militarra

2022an, urteko aurrekontuan onartutakoa baino %20 handiagoa izan zen inbertsio militarra; 2023an, %30 handiagoa. Europako herrialdeen gastu militarra Gerra Hotzaren amaierakoa baino handiagoa da une honetan.


Errusiak eraso bortitzak egin ditu Ukrainako hainbat lurraldetan

2022ko otsailaren 24an hasi zen gerra. Ordutik, Errusiak egiten duen erasorik bortitzenetakoa egin du astelehenean. Erasoak azpiegitura energetikoa izan du jomuga, eta horrek itzalaldi orokorrak eragin ditu.


2024-08-07 | Euskal Irratiak
Oihana Goiriena
“Haserre gara, Polonia airos atera baita Pabloren kontrako salaketa frogatu gabe”

Osasun artak biltzen ari da Pablo Gonzalez Moskun une honetan. Joan den astean, Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera zen kazetaria bi urte eta bost hilabeteko preso egon ondoan. Poloniak leporatzen zion espioitza frogatu gabe libre atera da.


NATOk gogor egin du Txina eta Errusiaren kontra, 75. urteurreneko goi-bileran

Sortu zela 75. urteurrenean egindako gailurrean, Aliantza Atlantikoak Txinaren kontrako mezua gogortu du eta herrialde asiarrari egotzi dio Errusia laguntzea Ukrainako gerran. Kievi laguntza gehiago emateko konpromisoa adierazi dute NATOko 32 kideek eta Europako herrialdeek... [+]


Eguneraketa berriak daude