Ceutako Tarajal hondartzan hamalau lagun hil zituzten duela hamar urte, itsasoz igeri Europara iritsi nahian, guardia zibilen eta Marokoko polizien tiro artean. Haien senide eta lagunek urteurrena baliatu dute justizia eskatzeko, auzia oraindik epaitegietan baita. Justizia beraientzat, eta justizia geroztik Europako hegoaldeko muga zitalean hil diren beste milaka lagunentzat: 2023an 6.618 izan dira, Ca-Minando Fronteras elkartearen arabera. Itota hil dira ofizialki, baina migrazio politika genozidek itsasoan lurperatu dituzte haien gorpuak eta memoria.
Ceutan, Duintasun Martxa batek gogoratu ditu, beste behin, duela hamar urte Tarajal hondartzan hildakoak. 2014ko otsailaren 6ko goizaldean, 300 pertsona inguru Maroko eta Espainiako Estatua banatzen dituen pasabide hartatik igarotzeko asmotan abiatu ziren, gehienak Saharaz hegoaldeko herrialde gatazkatsuetatik ihes egiten ari ziren migratzaileak. Euren buruak Marokoko poliziek atxikita ikustean, askok itsasora egin zuten jauzi, hondartzako kai-muturra igerian inguratzea zelako Europara iristeko azkeneko aukera. Baina bestaldean guardia zibilen gomazko pilotakadak eta ke-potoak zituzten zain.
Karelez kanpoko motorrekin abiadan zihoazen txalupetatik egin zieten eraso batzuei; punteria egiten aritu ziren kaitik bertatik bertara bestetzuekin. Hamalau pertsona hil ziren eta soilik 27 lagunek lortu zuten hondartzara iristea, baina berehala kanporatu eta Marokoko jendarmeen hatzaparretan utzi zituzten.
Karelez kanpoko motorrekin abiadan zihoazen txalupetatik egin zieten eraso batzuei; punteria egiten aritu ziren kaitik bertatik bertara bestetzuekin
Tarajalgo sarraskian gertaturikoa berezia bada, ez da mugako polizien axolagabekeria eta ankerkeriagatik –horretan iaioak direla askotan erakutsi digute lehenago eta geroago–, baizik eta hamar urteotan auzi judizialak izandako ibilbide etsigarriagatik. 2015ean hamasei agente deitu zituzten deklaratzera, baina epaileak kasua itxi zuen eta ordutik hona jarritako helegiteen aurrean behin eta berriz absolbitu dituzte. Oraintxe bertan Espainiako Konstituzio Auzitegiak erabakiren bat hartu zain dira hildakoen senide eta lagunak.
“Hau adibide garbi bat da, erakusten duelako nola eraikitzen den mugako krimenen gaineko zigorgabetasuna eta nola legitimatzen diren arrazakeria instituzionaleko jardunbideak”. Hala dio Duintasunaren Martxako Bilboko taldeak. Ceutako mobilizazioa aurrera eraman ahal izateko talde ugari osatu dituzte Espainiako Estatuan barrena, eta horietako bat da Bilbokoa.
ARGIAri igorritako ohar batean diote hegoaldeko muga hori “ez-lekua” bihurtu dela: legedia beste modu batean ezartzen den lurralde bat, zeinean “geografiak beste kontzeptu juridiko bat” hartzen duen, Espainiako Barne ministro izandako Jorge Fernández Díezek lotsagorritu gabe esan zuen moduan. Etxe barruan dugun Bidasoako mugarako, berdin-berdin balioko luke baieztapen horrek.
Yves, Samba, Daouda, Armand, Luc, Roger Chimie, Larios, Youssouf, Ousmane, Keita, Jeannot, Oumaurou, Blaise eta nola izena zuen ez dakiten beste pertsona bat. Denak izan dituzte gogoan Duintasunaren Martxan. Baina horrekin batera, “mugako erregimen genozida” ere salatu dute: “Garrantzitsua da ulertzea honek guztiak 1492ko erregimenarekin hasi zen kolonizazio gerra naturalizatu eta zabaltzen duela. Hierarkia arrazialak erreproduzitzen ditu demokraziaren eta giza eskubideen falaziapean, eta euren logika geopolitiko eta kapitalistaren barruan egiten da hori”.
Prozesu judizial luzean, Tarajalen bizirik irten zirenak berriz kriminalizatu dituzte, eta larriagoa dena, migratzea delitua dela dioen ideia indartu egin da, errua pertsona horiena balitz bezala “migratu egin zutelako”.
“Daoudaren anaia naiz”
Nazioarteko migrazio politika “nekropolitika” dela diote migratzaileen eskubideen aldeko elkarteek, gogoratuak izateko eta dolu duin bat izateko eskubidea ere ukatzen baitzaie hildakoei. Tarajalgo kasuaren abokatu Patricia Fernándezen esanetan “arrazakeria modu bat” da pentsatzea pertsona batzuengatik negar egiteak ez duela merezi “heriotza haien bizitzako ibilbidearen parte bihurtu delako”.
Nazioarteko migrazio politika “nekropolitika” dela diote migratzaileen eskubideen aldeko elkarteek, gogoratuak izateko eta dolu duin bat izateko eskubidea ere ukatzen baitzaie hildakoei
Aurtengoa Duintasunaren Martxaren XI. edizioa izan da, eta 250 elkarteren babesa lortu dute, horietako asko Euskal Herrikoak. Ceutako harrizko hondartza txikian dozenaka lagun elkartu dira otsailaren 3an: hainbatek afixak daramatzate eskuan, beste batzuek egia, justizia eta erreparazioa eskatzen duen pankarta luzea zabaldu dute, hesi txarrantxadun mehatxagarriaren itzala atzean dutela.
“Daoudaren anaia nagusia naiz, Tarajalgo biktimetako bat”, hasi da haietako bat. La Marea egunkariak jaso du bere testigantza osorik: "Hamar urte hauek gogoratzean nire sentimendu batzuk konpartitu nahi ditut zuekin. Zera mingots batek betetzen ditu gure bihotzak eta gure familienak. Minez eta pena handiz hitz egiten dut, hamar urte dira gure anaiak ondotik joan zirenetik, urte zailak. Hil ziren modua, Gobernuak nola egin zien tiro… mina sakondu besterik ez du egiten horrek”.
Ludovic N. kamerundarrak –ez da bere benetako izena– 15 urte zituen Tarajalgoa gertatu zenean. Urte batzuk lehenago osabarekin bere herritik ihes egin eta bidaia amaigabea hasi zuen: basamortua gurutzatu ondoren Aljerian atxilotu zituzten, eta elkarrengandik bananduta, urte eta erdiz Marokon biziraun zuen mutikoak, kanpaleku klandestinoetan. Denbora horretan hainbatetan saiatu zen Espainiako Estatura sartzen, baina beste hainbestetan harrapatu, jipoitu eta kanporatu zuten basamortura.
2014ko otsailaren 6an Ludovic N. Ceutako hondartza txikian zegoen. Orain, bere salaketa Nazio Batuen Erakundera eraman dute, eta Europako Giza eta Konstituzio Eskubideen Aldeko Zentroak (ECCHR) bere webgunean zabaldutako dokumentu baliotsu baten bidez jakin dezakegu gertatu zitzaiona.
Kamerundarrak ez zekien igeri, horregatik, flotagailu bat aldean hartu eta Tarajalgo hondartzako kai-muturraren harritzarrei helduta abiatu zen askatasun desiratuaren bila. Baina agenteek besoetan borra-kolpeak emanez egin zioten ongi etorria: igerian ez dakienari itsasoan heldulekurik gabe uztea zer da, homizidio saiakera ez bada? Besoa odolez urratuta eta negarra eragiteko gasarekin ezin arnasa harturik, aurrera jarraitu zuen hala ere, hondartzaren beste aldera iritsi arte. Berehala bueltarazi zuten txarrantxetatik kanpora, Marokora.
Azken sei urteetako urte hilgarriena
Senitarteko baten heriotza mingarria da, baina aipatu ezin denean jasangaitza bihurtzen da. Ca-Minando Fronteras kolektiboak alarma piztu du, itsasoan Europara sartu nahian hiltzen diren pertsonen gaineko isiltasuna handituz doalako: hildakoak tabua bihurtu dira, estatuek errepresioarekin eta atxiloketekin erantzuten dutelako eta estigmak pertsegitzen dituelako haien familiak: “Tabuaren onarpen sozialak mesede egiten die muga kontrolatzeko politikei eta gizatasunik gabeko diskurtso arrazistei”, dio elkarteak bere azken txostenean.
Ca-Minando Fronterasek hogei urte baino gehiago daramatza migratzaileen eskubideen alde lanean –ARGIAko irakurleari seguruenik ezagun egingo zaio bere sortzaile den Helena Malenoren izena, Marokoko justiziak jazarritako kazetari eta aktibista–, eta urtero Derecho a la Vida (Bizitzarako eskubidea) txostena kaleratu ohi du hainbat erakunderen laguntzaz, tartean Nafarroako Gobernua.
Espainiako Estatuaren eta Marokoren arteko aldebiko “kooperazio” akordioek migratzailea kriminalizatzea baino ez dute pertsegitzen, “mafien” kontrako borroka estakuru hartuta, Rabatek mugatik urrunago bidali ditzan
Mendebaldeko muga euroafrikarrean –Kanariar Uharteak, Gibraltarko itsasartea, Alboran eta Aljeriako ibilbideak biltzen dituena– gertatzen diren giza eskubideen urraketak eta heriotzak monitorizatzen ditu Ca-Minando Fronterasek txostenean, eta horretarako “urtean 365 egunez eta egunean 24 orduz” lan egiten duen sare bat dauka. 2023ko datua ikaragarria da: 6.618 lagun hil ziren itsasoan muga horretatik Europara sartu nahian. Zifra horrek, bere horretan, nahikoa izan behar luke nazioartean lurrikara mediatiko bat sortzeko... Ba ez, eta egon zaitezkete zain.
Duela sei urte txostena egiten hasi zirenetik, iazkoa izan da urte hilgarriena –aurreko urteko hildako kopuruaren hirukoitza da–. Heriotza gehien-gehienak, Kanariar Uharteetara joateko Atlantikoko ibilbide arriskutsuetan gertatu ziren, 6.007 hildako zehazki.
Senegalen errepresio prebentiboa
Senegal bihurtu da migratzaileen abiapuntu nagusietakoa. Baliabide naturalak erauzten dituzten atzerriko enpresen sistema kolonial batek agintzen du herrialdean. Egoera ekonomiko kaskarrak eta hauteskundeen testuinguruan Macky Sall presidentearen kontra sortu diren protestek eraginda, milaka gazte eta nerabe irten dira kalera, baina beste askok cayuco-etan migratzea beste irtenbiderik ez daukate momentu honetan: 843 senegaldar hil dira bidaia horietan urrian, soilik hilabete bakarrean.
Europako herrialdeek migrazioaren kontrola esternalizatu dute eta jatorriko estatuei eman diete migratzaileak erreprimitzeko zeregina. Hala, Senegalgo Gobernuak migratzaile “potentzial” eta antzeko kontzeptu gutxiesgarriak erabilita, itsasoratu baino lehen prebentiboki atxilotzen ditu haietako asko. Gainera, tratu txarrak jasan ondoren sorterrira itzularazten duten herritarrak porrot eta erruduntasun sentimenduarekin bizi behar du sarritan, eta horrek isiltasun handi bat sortzen du bere inguruan.
Espainiako Estatuaren eta Marokoren arteko aldebiko “kooperazio” akordioak ere norabide berean doaz: migrazioa kriminalizatzea baino ez dute pertsegitzen, mafien kontrako borroka estakuru hartuta. Madrilek itsas eremu zabalen gaineko subiranotasuna aitortu dio Rabati, honek Europara igaro nahi duten pertsonak bere mugetatik urrunago bidali ditzan.
Migratzaile askok hegoalderago jo dute, Marokoko Agadir eta Mendebaldeko Saharako Dajla hirien arteko eremura, handik Kanariar Uharteetara egiteko apenas flotatzen duten pneumatikozko txalupa ziztrinetan. Horrek, noski, arriskua areagotu duen neurrian hildako kopurua ere handitu du 2023. urtean: 1.418 lagunek galdu dute bizia.
84 itsasontzi ozeanoak osorik irentsita
Arrisku handiena Gambiatik bidaiatzen duten herritarrek dute, zalantzarik gabe. Urtero –normalean urri erditik aurrera– jende ugari hango kaietatik itsasontzi zatarretan irteten da, milaka kilometrotara dagoen espainiar artxipelagora nabigatzeko.
Pasa den urtean gutxienez 84 itsasontzi desagertu ziren ozeanoan jendez gainezka muga euroafrikarra zeharkatu nahian, inolako arrastorik utzi gabe. Estatistikarik ez dago haien inguruan, ikusezinak bezain oroitezinak dira, eta Tarajalen hil zuten hamalaugarren laguna bezala, haien izenik ez dakigu
Afrikako kostalde zabal hartan naufragio bat gertatzen denean herrialde askoren koordinazioa behar izaten da biktimak “aktiboki” bilatzeko, baina Ca-Minando Fronterasek salatu duenez ez da horrela izaten: “Atlantikoko beste ibilbideetan gertatzen den bezala, hemen ere kontrol begirada soilaz egiten dira bilaketak”.
2023ko urriaren 19an, Gambia eta Senegalgo mugan dagoen Kartong herritxotik cayuco bat irten zen 155 migratzaile zeramatzala. 155 pertsona, Kanariar Uharteetatik Europako ateak gurutzatu eta bizitza duinago bat izateko esperantzarekin. Handik hiru astera, senideak Ca-Minando Fronteras kolektiboko kideekin kontaktuan jarri ziren larri, haien berririk ez zutelako oraindik. Aljeriako kostazainek erreskatatu zituztela zabaldu zen hasiera batean, baina zurrumurru faltsua zen. Ez dira inon azaldu, itsasoak irentsi ditu beste asko bezala.
Txostenean migratzaileen eskubideen aldeko kolektiboak ziurtatu duenez, pasa den urtean gutxienez halako 84 itsasontzi desagertu ziren ozeanoan jendez gainezka muga euroafrikarra zeharkatu nahian, inolako arrastorik utzi gabe. Estatistikarik ez dago haien inguruan, ikusezinak bezain oroitezinak dira, eta Tarajalen hil zuten hamalaugarren laguna bezala, haien izenik ez dakigu.
Astearte honetan Baionan egitekoa zen zazpi herritarren aurkako epaiketa zortzi hilabetez atzeratu dute. Iazko Korrikan, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubia zeharkatuz, 36 migratzaileri Ipar Euskal Herrian sartzen lagundu izana egotzi die Frantziako Justiziak. Defentsak... [+]
2.000 lagun inguru bildu dira urtarrilaren 26an, Irunetik Hendaiarako martxan, Europaren migrazio politika “hiltzaileak” salatzeko. Korrika igaro zenean hainbat migratzaileri muga igarotzen laguntzeagatik auzipetutako ekintzaileei babesa eman diete. Ekintzaileak... [+]
Egiari zor, ez dakit zergatik ari naizen hau idazten. Gaur egungo giro liskartsuan ez dira modu honetako iritziak ondo hartzen. Beharbada, ARGIAk ez du hau argitaratuko, ez baitator bat orain arte argitaratu dituzten iritziekin (baina, azkenean argitaratzea erabaki badute,... [+]
AEBko John C. Coughenoiur epaileak onartu du Washington, Arizona, Illinois eta Oregon estatuek elkarrekin aurkeztutako helegitea, eta horren arabera atzera bota du Donal Trumpek AEBn jaiotako migratzaile ez legezkoen seme-alabak kanporatzeko dekretua.
Tipi-tapa mugitzen ditugu euskaltzaleok gure oinak Korrikaren lekukoaren atzetik, gure hizkuntzaren alde, desio dugun Euskal Herri euskalduna helburu, herri euskaldun gisa biziraun nahi dugula aldarrikatzeko.
Tipi-tapa ematen ditu lehen urratsak Afrikako, Hego Amerikako edo... [+]
"Ameriketako Estatu Batuen gainbehera aldia amaitu da", esanez abiatu du kargu hartze ekitaldiko diskurtsoa Donald Trumpek. Besteak beste, trans eta pertsona ez-bitarren eskubideak deuseztatuko dituela promestu du, baita energia berriztagarrien aldeko politikekin... [+]
Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Urtarrilaren 26an «modu masiboan» Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute eragileek, «migrazio politika... [+]
2024ko balantzea egin du Irungo Harrera Sareak. Aurreko urtearekin alderatuta saretik migrante gehiago pasa dira, eta Gautxori taldearen harrerak laukoiztu egin dira. 6.000 pertsona inguru artatu dituzte guztira.
Iazko martxoaren 14an, polizia operazio handi bat izan zen Martuteneko Agustindarren eraikin okupatuan, Udaltzaingoaren, Ertzaintzaren eta Espainiako Poliziaren eskutik: 56 lagun atera zituzten eraikinetik eta 29 Espainiako Poliziaren komisariara eraman zituzten,... [+]
The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.
2024ean batez beste eguneko 30 migratzaile baino gehiago zendu dira Espainiako Estatuko kostaldeetara iristeko ekinean. 10.457 heriotza errejistratu ditu Caminando Fronteras erakundeak eta "arrastorik utzi gabe" desagertu diren beste 131 ontzi zenbatu ditu. Kopuru hau... [+]
Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]
Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]
20 urte zituela, Alberto Flores-Uranga Mutrikutik Idahora (AEB) joan zen artzain. Bakardadean, mendietan galduta, maiz koiote eta hartzak begira zituela."Berriro egingo nuke, zalantzarik gabe", dio, garai haiek gogoratuta.