argia.eus
INPRIMATU
Hitanoak generoan eragiten dituen zapalkuntzak, gogoetagai
  • Zergatik ari dira gizonak, lagun talde batean, euren artean hitanoa erabiltzen, gizonak ez diren bestelako gorputz eta identitateak ere zirkulu horretan baldin badaude? Zer esan nahi du horrek? Zer sentsazio sortzen dira? Eta horri aurre egiteko, emakumeek ere hitanoa erabiltzea al da soluzioa? Nola? Gizon ez direnentzat, baliagarria izan daiteke noka forma berreskuratzea? Lagunarteko hizkuntza edukitzeko tresna?

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko otsailaren 20a
Gatx Eizagirre eta Beñat Arruti. (Argazkia: Arnaitz Rubio / ARGIA CC BY SA)
Gatx Eizagirre eta Beñat Arruti. (Argazkia: Arnaitz Rubio / ARGIA CC BY SA)

Estua da oso hitanoaren eta maskulinitatearen arteko harremana, baina ez horregatik asko ikertua. Eta hitanoaz, oro har, gauza bera esan daiteke. Badira ikerketak, ikertzaileak, baita tokian tokiko egitasmoak ere. Jende askoren ekiteari esker, hainbat kezka ari dira plaza hartzen. Ezbairik gabe, hitanoaren erabilera presente samar dagoen euskararen eremuetan ari dira gertatzen, gehienbat. Urola Kosta (Gipuzkoa) da horietako eskualde bat. Azpeitia, Azkoitia, Orio, Zarautz, Zumaia... Biztanle asko dituzten herriak dira eta eguneroko elkarrizketetan presentzia handia du hitanoak. Belarria jartzea besterik ez dago ohartzeko, esaterako mutil gaztetxoek koskortzen direnetik zeinen lasai eta erraz darabilten hitanoa.

Bereziki, gizonen arteko forma gailentzen da: toka. Noka, berriz, tokaren aldean, dezente gehiago ahuldu da azken hamarkadetan. Zerikusi zuzena du horrek gizonek plaza publikoan duten –eta historian izan duten– espazio eta protagonismoarekin. Baita ere, jakina, hitanoak duen konnotazioarekin: landa-eremuarekin lotura, gutxiespena, zikina... Baina euskara kalean indartzearekin batera, maskulinitate hegemonikoak beregain hartua du hitanoa. Ikerketa askok diote, baita erreportajean aztertuko ditugunek ere, jendeari galdetuta ohikoa dela, betiere hitanoa erabiltzen den lekuetan, gizonak hitanoz entzutea, eta hori zerbait guay eta indartsu gisa hautematen dela. Aldiz, hitanoa darabilten emakumeen kasuan, historikoki, posizio sozialak eraginda, adjektibo zakarragoak gailendu izan dira: lotsagabe, marimutil eta abarrak.

“Osasuntsu al dago hitanoa zure herrian?”. Ohiko galdera da hitanoaren erabilerari buruzko inkestetan. Deserosotasuna eragiten dio horrek Gatx Eizagirre (Zarautz, 1990) euskaltegiko irakasleari. Transfeminismoan duen aktibismoak eraman du hizkuntzaren eta generoaren inguruko ikerketa egitera, horretan ari da ikasketa feministetan, eta noka ikastaroa eman berri du Astigarragan (Gipuzkoa). Aipaturiko galderari, galdera egin dio Eizagirrek: “Zer esan nahi du osasuntsu egoteak? Asko hitz egitea? Hitanoa, eta hizkuntza bera, osasuntsu egongo da hiztuna eta komunitatea osasuntsu baldin badaude”.

Eizagirre: "Bitartasuna zalantzan jartzen ez bada, problematikoa litzateke denok hitanoan hitz egitea". (Argazkia: Arnaitz Rubio / ARGIA CC BY SA)

Solaskide duen Beñat Arruti (Zarautz, 1999) ere gaiari bueltaka ari da azken urtean: “Kezka nagusia beti izan da hitanoaren galera, erabilera oso apala eta tokian tokikoa delako. ‘Noka berreskuratu behar dugu’, esan ohi dugu. Eta bai, horrela da, aintzat hartu behar dugu kopurua, beheranzko joera. Baina era berean, ezinbestean, gogoetatu behar dugu zergatik berreskuratu behar dugun noka forma”.

Master amaierako lana egin du Arrutik gaiaren inguruan, Urola Kostan zentratuta. 20 eta 36 urte arteko hainbat gazte elkarrizketatu ditu, eta iritzia eman dion talde heterogeneoa biltzea lortu du: trans ez binarioak, gizon eta emakume transak, gizon cis-ak eta queer-ak, besteak beste. Ikerketa oso lokala izanda ere, badu garrantzia inpaktuak: “Euskaraz hitz egiten den lurraldea hartuta, hitanoan hitz egiten den eremuak duen adierazgarritasuna minimoa da, baina Urola Kostaren moduko eremuetan daukan inpaktua oso garrantzitsua da, hemen horrela harremantzen delako jende asko”.

Erreportajean gehiago murgildu aurretik, gaizki ulertuak saihesteko oharra: bi solaskideak hitano hiztunak dira. Bien artean toka eta noka egiten dute, hitanoaren funtzio sozialean sinesten dutelako. Hausnarketa bultzatu nahi dute, hizkuntzaren –areago kasu honetan, hitanoaren– eta generoaren artean arakatuta. Arruti: “Hitanoa asko hitz egiten den lurraldetan jaio eta hezi garen pertsonak, segur aski ez gara kontziente hitanoaren erabilera normal eta tradizionalak zer dakarren berarekin. Atze-atzean dauzkan biolentziak eta estruktura ikusi behar ditugu”.

ERRUDUNTASUN SENTSAZIOA. Hitanoa erabiltzen bada, oro har, toka erabiltzen da. Horren aurrean erruduntasun sentsazioa ere existitzen dela kontatu du Eizagirrek, noka ikastaroan kide izan dituen emakumeen hitzak solasaldira ekarrita. “Gizonek mantendu egin dute, baina guk, emakumeok, ez”.

Zapalkuntza oro, hizkuntzak markatzen du
Hitanoa hizkuntza informala baldin bada, eta oro har gizonek baino erabiltzen ez badute –alegia, toka gailentzen bada–, ez da gehiegi pentsatu behar zein gorputz eta identitate geratzen diren informalismo horretatik kanpo.

Hitanoaren eta generoaren inguruko ikerketak egin dituen Onintza Legorbururen hitzak jarri ditu mahai gainean Eizagirrek. ARGIAn egin zituen adierazpenak, Onintza Iruretaren erreportajean: “Señoritismoaren aurkakoa da noka”. Eizagirreri iltzatuta geratu zitzaizkion hitzak, eta horregatik, klase zapalkuntzaren kontuei erreparatu die: “Kapitalismoaren baitako lan banaketarekin, zergatik geratu zen noka etxean, eta toka, aldiz, ez? Bistakoa da”.

“Botere estrukturaren isla eta sortzaile da hizkuntza”, segitu du Eizagirrek, baina aldi berean “disidentziarako tresna” ere izan daitekeela uste du. “Guk, hiztun gisa, agentzia hartzea litzateke onena; eraldatzeko aukera baliatzea, bizitzako esparru guztietan bezala, hizkuntzan eta komunikazioan ere bai”. Beste zenbait hari muturren artean, genero birformulaketa eta genero zabalpena planteatu izan du Astigarragan eman zuen noka ikastaroan.

“Bollera ez bitarra naiz, eta noka hiztuna”, dio Eizagirrek. Inguruan baditu noka hitz egiten duten bollerak, ez bitarrak, marikak, edota, oro har, generoaren bitartasuna zalantzan jartzen duten feministak: “Bai noka ikastaroetan eta bai topaketa informaletan, momentu horretan bertan bagaude nokaren praktikatik ere bitartasun afera zalantzan jartzen ari garen noka hiztunak”.

Ikuspuntu antropologiko eta soziolinguistikotik, hiztuna subjektu aldakor gisa ulertu behar dela uste du, testuinguru eta ibilbide oparoa duena. Hau da, hiztun batek, bere bizitzako uneren batean, edo askotan, hizkuntza errepertorioa, erregistroa, dialektoa, aldaera edo hizkuntza bera aldatzen ditu. “Bizitzako beste aldaketekin lotzeko aukera ematen digute hizkuntza mudantzek”. Horregatik dio interesgarria izan daitekeela nokarako mudantza linguistikoa.

Beñat Arruti: "Hizkuntza batek generoa gehiago ala gutxiago markatu arren, beti hor egongo da; estrukturala da". (Argazkia: Arnaitz Rubio / ARGIA CC BY SA)

Eta zergatik ez zuka, denentzat berdin bada?  
“Joera horrantz doa...”, esan du Arrutik galdera planteatutakoan. Baina hitanoaren ahal den neurriko erabilera defendatu du; hasteko, euskararen ondarea izan badelako. Funtzio sozialari erreparatu dio, ordea. Izan ere, hainbatetan azpimarratu den moduan, lagunarteagokoa den hizkuntzaren forma da hitanoa, gertutasuna eta konfiantza transmititzen duena. Azken horretan ñabardura egin du: “Beti esan izan da bi solaskideren arteko konfiantza erakusten duela hitanoak, baina nik neuk, ziurrenik, pareko kafetegi horretara sartu eta zerbitzari gizonezkoarekin egingo banu topo, hikaz egingo nioke. Baina ez dut ezagutzen, ez dakit nor den. Beraz, ez da konfiantza kontu bat soilik”. Eta hori esanda, erreferentzia egin dio Lisiperen bildumako (Susa) Trikua esnatu da liburuari. Arrutik aipatzen duen kasua adibide bat besterik ez da Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek liburuan diotena azaltzeko: “Gizontasunean elkar ezagutzen dira bi gizon horiek”. Ahaidetasunaz mintzo dira. Ez dela “kontzienteki egiten” dio Arrutik, baizik eta “inertziaz”.

Zuka formari lotuta, Eizagirrek azpimarratu nahi izan du ez dela egia hainbestetan errepikatu den esamoldea, euskarak ez daukala generorik. “Hori esan ohi da gramatika aldetik ez delako bereizten genero maskulinoa eta femeninoa, baina lexikoan badaude ahaidetasunari loturiko hitzak. Iruditzen zait gramatikan eta lexikoan generoa azaltzea edo ez azaltzea tresna izan daitekeela, bi kasutan, betiere gure alde erabiltzen badugu”.

Hitanoaz hitz egitean bitartasuna aipatzen da sarri, lehen unetik, eta berdintasunaren mesedetan zuka formak gailentzeak berdintasun hori ekar dezakeela ez dute espresuki egoki jo solaskideek. Arazoa sakonagoa dela diote: jestuak, gorputz jarrerak eta hizketako erak eta gaiak seinalatu dituzte. Eizagirre: “Zuka ari garenean ere bitartasuna hor dago. Eta gizonek gizonekin toka egin gabe ere, bitartasun bat markatzen da. Toka erabilita, jakina, askoz ere nabarmenago geratzen da”.

Arrutik, haria, generoa performatiboa den ideiarekin lotu du: “Hizkuntza batean generoa hain markaturik egon ala ez, beti gertatuko den zerbait da, generoa estrukturala delako. Hitanoak esplizitatu egiten du genero ezberdintasuna. Hitanoaren bidez markatzen da pareko pertsona nola ulertzen duzun eta nola jokatzen duzun berarekiko. Baina marka ipintzeaz gain, hierarkizatuta dago boterea bera. Berezkoa duen botere asimetrikoa ezartzen da, sinbolikoa bada ere, maskulinitatearen hegemonia ezartzen duena”.

Adibide sinple eta ulerterraz batera jo du Eizagirrek. Aipatu du Azpeitian eginiko ikerketa bateko galdera eta erantzunei erreparatzen ari zela begietara nola egin zion salto hain asumitua dagoen erantzun batek. Mutil gazte bati zuzentzen zitzaion galdera, ea norekin hitz egiten zuen hika. Haren erantzuna: “Mundu guztiarekin”. Jakina, tokaz mintzo zen; beraz, gizonak soilik zituen buruan.

GAZTEEI KARGU HARTZEA. “Gazteek hitanoz gaizki hitz egiten dutela esaten da. Jakina: ez badute jaso, nola egingo dute? Hasteko, gazte askok jaso dutena toka izan da. Mutilek, oro har. Jaso eta eman egiten dute gainera. Nesken kasuan, jaso, segur aski, ez dute ezer jaso. Eman ere ez dute egingo, beraiei egiten ez bazaie”.

Hitz egin dezagun honetaz
Euskara hizkuntza zapaldua eta jazarria dela ez da dudarik, baina erromantizismo ariketak nagusitzen dira euskara “salbatzeko” printzipioarekin bat. Euskaraz eta euskararen bueltan egiten den gauza oro, abiapuntutik, aberasgarritzat hautematen da; funtsean, atzean dagoelako autentikoa denaren ideia, herri zapaldu baten historia, identitatea, ondarea, berreskuratzea, indartzea... Solaskideak bat etorri dira kontzeptu horiekin, euskara hori guztia dela, baina ikuspuntu soziolinguistikotik aztertzeko beta ere behar dela nabarmendu dute: “Edozein modutan hizkuntza eta hitanoa salbatu behar dela dirudi”. Salbatzearen alde, jakina, baina kritikotasun eta gogoeta propioa eginda.

Argazkia: Arnaitz Rubio / ARGIA CC BY SA

“Hitanoaren biziberritzea eta ikerkuntzan dabiltzan beste batzuek esan duten ildotik, tresna gisa planteatu behar da nokaren erabilera, gizon ez diren guztientzat”, esan du Eizagirrek. Bestela, haren aburuz, “besterik gabe berreskuratuta”, arazoak erroan jarraituko luke: “Bitartasuna zalantzan jartzen ez bada, problematikoa litzateke denok hitanoan hitz egitea”.

Nondik hasi? Gakoa izan daiteke pareko pertsonari galdetzea nola zuzentzea nahi duen, gerta daiteke-eta norbaiti toka hitz egitea gizon gisa irakurri duelako, edo alderantziz. “Entzute-adoste ariketa bat” interesgarritzat jo dute; ahal denean, adosterik ez baitago beti.

Proposamen berria: xoka

Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduaren Nafarroako taldeak proposamen berria jarri du mahai gainean: xoka. Hitano ez-bitarra sortzeko proposamena da. Sinpleki esanda, tokaren k edo nokaren n beharrean, ez-bitarra izateko guztiek x erabiltzea. Alegia: “Hasi gaituk” edo “hasi gaitun” erabili ordez, “hasi gaitux” esatea.

Iazko azaroan Xoka. Jite disidenteak jardunaldiak egin zituzten Iruñean, euskara eta genero disidentzia uztartzeko asmoz. Bertan sakonago azaldu zuten xokarako propio sorturiko taula, baina aurrez, Euskalerria Irratia-n Reyes Ilintxetari hainbat gako eman zizkioten Kepa Yecora eta Oskar Sada mugimenduko kideek. “Premia” sentitzen zuten hizkuntza ez-bitar informala sortzeko, “hutsunea” sumatzen zutelako, hain justu ere tokaren maskulino eta nokaren femeninotik aldentzeko: “Ez toka, ez noka; guk, xoka”.

Haiek asmatutako hitza da, hizkuntzak “aurrera” egin behar duelako: “Hiztunok garatzen dugu hizkuntza, sortzen ditugu hitz berriak, eta urratsa eman dugu”. Areagotu nahi dute queer euskaldunen komunitatea, bereziki fokua Nafarroa Garaian jarrita.