argia.eus
INPRIMATU
Esan gabe doa: entzun Pelax
Xalba Ramirez @xalbaram 2024ko otsailaren 23a

Entzun gabe doa
Pelax
Balio dute, 2024

-----------------------------------------------------

Testu hau irakurtzeko denbora soberan ez baduzu, laburtuko dizut: entzun Pelax. Aitzakiarik ez duzu orain, haien diskografia osoa Spotifyra igo dute lehen aldiz –lehendik Bandcampen zeuden arren–. Eszenako rara avis-a izateari utzi, eta peaje komertzial txikia ordainduta, Pelaxtarrak, itxuraz behintzat, kolpe bat emateko prest datoz oraingoan.

2019an eman zuten azken kolpea, orain arte guren inork errepikatu ez duen balentriarekin: lau kantaz osatutako disko bikoitza, ABDE. Euskal rock progresiboaren gailurra izan zen, inguruko lurretan ere, konparaziorik gabea.

Esan gabe doa-n itzuli dira Talka da didaktika-ren estiloko kantuetara. Taldekideen urte gorabeheratsu eta gogorraren ostean, azeleradorea sakatu eta “hit-en diskoa” hilabete gutxian prestatu eta bi egunetan grabatu zuten. Ohiko moduan, analogikoan grabatu, eta inongo edizio digitalik gabe.

Gitarra eta bateria erritmo konplexuak nahasten dira, melodia errazekin eta letra gordinekin. Jarrera da disko honen abizena, esan gabe doa. Hitzetan Unai Pelayok jarraitu du bere erretorika enigmatiko, sarkastiko eta zorrotza. Kritika guztiak norberari buruz izan daitezkeenaren susmoa ezin gainetik kendu: “Zure zama ez al da arinegia? Egindakoak eginda... inpostore dena duzu alde”.

Iker Vazquez bateria joleak errezitatuko duen hitz esan ilunean jartzen dira diskoaren zutabeak: “Egun on, izaki moderno berria. Jaikitzea lortu dezun arren, denbora igaro da esna somatzen ez zaitudala. Ikusten zaitut telebistaren atzean ezkutatu nahian, sintoniaren berotasunean. Bizitza ameskizun hutsa dela edo ez dela, fabulazio induzitu bat, blablabla, eta egia lanera joateko urratsak ematea”.

Descartesen jokoa ez dugu zertan onartu, eta harrigarria zait Matrixi buruz hitz egiten duten ehunka influencer, gymbro, ultraliberal eta anarkokapitalisten diskurtsoa. Amets neoliberala da ameskizunetik ateratzea. Baina ahaztu egiten zaie: gutxi batzuen irtetea. Lehia delako kapitalismoaren oinarria.

Lehiarik gabe, horizontaletik abiatuz, pelaxtarrak eredu ditugu Donostian, eta euskal zera honetan. Testua irakurtzeko denbora eman badizu, beste gomendio bat: ikusi Pelax. Euskal Herriko zuzeneko talde onenetarikoa da lerro hauek irakurtzen ari zaren unean behintzat.