argia.eus
INPRIMATU
Aireportuko anekdota bat
Eva Perez-Pons Andrade @Eva__96 2024ko otsailaren 21a

Askotan nahastu izan nau kanpo begiradak mutiko nerabe batekin, hori ez da berria. Berria ez denez, grazia egitetik gogaitzera pasa izan nau. Berria ez denez, geroz eta erantzun epikoagoak botatzeko gaitasuna garatu dut, egoeraren gaineko kontrola neureganatuz. Eta kontrola neureganatu dudanez, egoeraz disfrutatzen ikasi dut momentuan eta geroxeago.

Metro eta erdiko butch-a izatea auzi konplexua da, espazio eta denbora berean, gauza bat edo beste izan zaitezkeelako inguruan duzun jendearen arabera. Hona azalpena duela bi urte Loiuko aireportuan gertatu zitzaidan anekdota batekin: lehenengo kontrolean, atzean nuen familia bateko ume batekin nahasi ninduen seguratak. Bigarrenean, lehergailuen kontrako “ausazko” bi kontrol (birritan egin behar izan nuen ur botila batekin sartu nintzelako) eta aireportu batean inoiz egin didaten miaketarik bortitzena egin zidaten, aurrean nuen giri ilehori txukunari egin ez ziotena.

Umoretik gogoratzen dut istorioa gainetik pasa gabe zelan normatibitatearen eraginez tratu bat edo beste jasotzen jarraitzen dugun aireportuan, kalean, supermerkatuan, garraio publikoan edo edozein lekutan.