Júlia Ojeda literatura-kritikariaren ahotsa garrantzitsua da gaur egungo Kataluniako hedabideetan, eta prozesu independentistaren osteko Katalunia birpentsatzen ari den ardatz ugarietako batera hurbiltzen laguntzen digu. Matriotes-eko kide ere bada, “feminista eta nazionalista” gisa definitutako gunea.
Katalunia azaltzen laguntzen duten koadro bat, abesti bat eta liburu bat aukeratzea proposatzen dizut.
Koadroa, La Masia, Mirórena. Koadro horrek oso ondo hitz egiten du, ez hainbeste gaur egungo Kataluniaz, baizik eta nik nahiko nukeen Kataluniaz, orain aldarrikatu behar dugunaz. Mirók artista figuratibo gisa bete zuen etapari amaiera eman zion koadro honek. Edo bestela esanda, gero erreferente unibertsala izango den Miró hori, esan liteke, koadro honetan jaio zela. Mirórentzat La Masia ez da inguratzen duen herrialdea, bere pentsamenduaren sorlekua baizik, eta horrek unibertsal bihurtzen du.
Eta La Masia-ren indar teluriko horrek Roger Masen kanta telurikoak gogorarazi dizkit: Cançons Tel.lúiques. Nire ustez, sinboloen ingurukoa da zain daukagun eztabaida: zein den babestu nahi dugun herria, zeinen seme-alaba sentitzen garen... globalizazioaren erasoei aurre egin behar dien Katalunia. Bi erreferente horiek bat datoz gure irudimen nazionalekin lotzen gaituzten musika eta sinbolo-irudikapen sendoak emateko beharrarekin. Gehien behar duguna dela iruditzen zait.
Eta liburua, Sota el signe del Drac (Herensugearen zeinupean), María Merce Marçalen prosa kritikoen bilduma bat da. Batez ere interesatzen zaizkit berak ezartzen dituen genealogiak, bai gure tradiziokoak, bai Europako beste tradizio batzuetakoak. Marçal ikono katalana da, eta pentsamendu intersekzionala garatzeko balio du. Afroamerikarrak teoria intersekzionalak egiten ari ziren bitartean, Marçal ere horri buruz pentsatzen ari zen. Hain zuzen, Sota el signe del Drac garrantzitsua da gure proiekturako, Matriotes-erako, alegia.
"Estatuaren barruko kolonialismoaren auziaz ez da inor gogoratzen"
Martxoaren 8an Matriotesen manifestua atera zenuen, Marta Roqueta eta Anna Punsodarekin batera, eta zortzi hedabidetan argitaratu zen. Azaldu nola sortu zen ideia.
Hirurok antzeko interesak genituela antzeman geniolako sortu zen, bai nazio kontuetan, bai feminismo kontuetan, eta hirurok eztabaidarako guneak falta genituelako, feminismoaren eta nazionalismoaren arteko elkarguneari buruzko elkarrizketa eguneratzeko. Manifestuarekin kolpea eman nahi genuen mahai gainean, eta esan: “Nahitaez hitz egin behar da honi buruz herrialdearen [Katalunia] elkarrizketa orokorrean; hau elkarrizketan sartzen ez bada, huts egingo dugu”.
Zer moduzko errakzioak izan ditu?
Pozik gaude erreakzioekin, gogobete gintuzten, oro har, baina, era berean, uste dugu oraindik ere badela joera lotsati bat, nazionalismo terminoa deserosoa delako. Baina uste dugu eremu nazional feministak potentzial handia duela.
Nazionalismo terminoa deserosoa bada, zergatik erabiltzen duzue?
Gatazka politikoa gatazka nazionala delako, eta, beraz, nazioaren oinarriekiko harremanari eutsi behar diolako. Emantzipazio prozesuak irekia eta zabala behar du, heterogeneoa, baina nazionala. Gainera, katalanok badugu lubakiko nazioari, okupaturiko nazioari, dagokion pentsamendu nazionalistaren tradizio bat, balio handikoa eta oso interesgarria eta, hori ere bai, prozesu independentistan urtetan aintzakotzat hartu izan ez dena.
Dona i nació (Emakumea eta nazioa) manifestuan, 1982ko hartan, niri asko gustatzen zaidan termino bat erabiltzen da, “inorena ez den lurra”. Herri gutxituetako emakume feministok hartzen dugun espazioa da eta izan liteke emakume espainolistek okupatu eta gutxietsi dezaketena edota, alderantziz, gerorrek konkistatuko duguna. Guk ez badugu espazio hori hartzen, beste norbaitek egingo du.
"Katalunian, literaturak, askotan, estatu-egituren dimentsioa hartzen du, Generalitate autonomikoaren beraren egiturak txiki uzten dituena"
Feminismo dekolonialaren korronte berrietatik oso argi dute zenbait arazori feminismo zuritik ezin zaiela erantzun. Gu nola kokatzen gara auzi horretan? Europarrak gara, zuriak gara, baina kultura eta nazio-zapalkuntza ere jasaten dugu... Hori guztia pentsatu duzue Matriotesetik?
Bai, hain zuzen, nik uste dut Kataluniako egungo feminismoaren urgentzietako bat, eta ez feminismotik bakarrik, tradizio kolonial eta postkolonialaren mapa teoriko eta kontzeptuala pixka bat txukuntzea dela, ordena pixka bat jartzea. Pentsamendu-esparru hori ez dugu hemen aplikatu, edo ez dugu aplikatzen jakin, nahiz eta zantzu batzuk izan. Eta uste dut, alde horretatik, gabezia analitiko handia dugula.
Argi baduzu nola funtzionatzen duen gaztelaniaren inposaketak Konstituzioan eta Estatutuan, kultura-gaietan erregimen-eskualdatzea nola egiten den aztertzen baduzu, oso argi dago zapalketa- eta menderatze-harremana dagoela, eta hori kolonialismo terminoetan irakur daitekeela.
Orain, independentzia erreferendumaren ondoko estatuaren erantzunaren garaian, argi eta garbi ari gara ikusten hori Katalunian, baina 1980ko eta 1990eko hamarkadetan ezin genuen ikusi, normalizazio autonomikoaren prozesuak indar handia zuelako, eta 1980ko eta 1990eko oasi pujolistaren eraikuntza oso garrantzitsua izan delako. Urte horietan, erakunde autonomikoetatik ez dagoen botere bat fikzionatzen da, eta horrela herrialdea bakean mantentzen da. Hizkuntza-gatazka ezkutatu eta elebitasunaren ideia normalizatzeko logikak onartu ziren, eta, horren ondorioz, herrialdearen kultura-egoera kontatzeko beste modurik garatzen ez zen utzi.
Kolonialismoaren adibide bat eman diezagukezu?
Har, adibidez, Joan Lluis Lluis, Roselloneko idazlea. Els invisibles [ikusezinak] liburuan Ipar Katalunian hizkuntza-ordezkapen eta identitate-ordezkapen prozesua nola bizi izan duen azaltzen du, eta liburu hori kolonialismoaren ikuspegitik baino ezin da irakurri. Eta Joan Lluis Lluisek kontatzen diguna Valentzian edo Balear Uharteetan gertatzen ari denarekin lotzen baduzu, PP eta VOXen politika lenguizidekin, alegia, ondorio berberetara iristen zara. Azkenean, kolonialismoaren gaian boterea nork daukan eta menpean nor dagoen azaltzen da, eta agerikoa da valentziar edota balear gisa existitzen jarraitzeko aukeraren ukazioaren aurrean gaudela.
Zer gertatzen da, ordea? Bartzelonan pentsamendu dekolonialari buruzko jardunaldiak antolatzen hasi, eta Latinoamerikako pentsalari handiak ekartzen dituztela, ingelesez edo gaztelaniaz arituko direnak, eta estatuaren barruko kolonialismoaren auziaz ez dela inor gogoratzen. Uste dut koldarkeriagatik dela, eta baita ezjakintasunagatik eta produkzio intelektual faltagatik ere.
Horregatik da Literatur Ikasketen karrera erdia gazteleraz, eta horregatik erabiltzen da matrize frankofonoa eta anglosaxoia. Kataluniako erreferente gutxi daude, eta, azkenean, ondorioz, pentsamenduaren markoa espainiartu egiten da.
Feministok, zentzu zabalean (LGTBI borroka, trans, eta abar), aspaldi gaude “lotsagabetuta”; orduan, zergatik kostatzen zaigu hainbeste nazio-identitate zapaldu bezala “lotsagabetzea”?
Zergatik dela uste duzu?
Espainiako zapalkuntzaren azterketa eta interpretazio lana falta zaigulako. Nik uste dut ez dela nahikoa ulertzen. Espainiako zapalkuntza-sistemak nola eragiten duen ulertu gabe, ezin ditugu azaldu hartzen dituen formak. Maila intelektual eta politikoan dudan obsesioetako bat da ulertzea Espainiako Trantsizioaren kultura delakoak nola makillatu dituen periferiko izendatutako lurraldeen menderatze-dinamikak.
"Berez katalanez idatzitako testuan gazteleraren presentzia naturalizatzeko joera handitzen ari da"
Bestalde, fikzio autonomista honen ondorioz, Espainiako Estatuko nazio gutxituetan auzi eta eztabaida sozial, kultural eta politikoak estatu propioaren jabe balira bezala burutzen dira... baina, estatu izan gabe, jakina. Esate baterako, hizkuntza-politikei dagokienez, estatu batean ingelesari zenbat ordu eman ala ez, eztabaidagarria izan daiteke; baina gure kasuan, ingelesari ordu asko ematea gure hizkuntzari orduak kentzea izan liteke, eta hizkuntza-ordezkapenerako urratsak ematea. Ildo berean, Kataluniako 'eskola publikoa-eskola itundua' eztabaida ezin da herrialde normal batean izan litekeen modu berean izan, kasu askotan eskola itundua katalanismoaren gotorlekua izan baita. Horrekin ez dut esan nahi ereduak eskola itundua izan behar duenik, segregazioa eta gainjartze ekonomikorako arazo nabarmenak baititu. Katalunian eztabaida konplexuagoa dela eta ñabardura gehiago dituela esan nahi dut.
Hitz batean, gutxituriko herri gisa, eta estatua kontra izanda, diskurtsoak falta zaizkigu globalizazioaren oldarraldi handiei aurre egiteko.
Literatura-kritika egitea da,hein batean, zure lana.
Literatura-kritiketan ere saiatzen zara elkarrizketan azaldu dizkiguzun ideiak inplementatzen. Zergatik uste duzu dela garrantzitsua katalanez egiten den literatura-kritika?
Kritikak egiteko modu asko daude: idatzizko kritika tradizionala dago, komunikabide akademikoetan edo kazetaritzakoenetan; gero, irratiko kritika dago, kultura-kazetaritzatik hurbilago dagoena, eta, gero, kritika sarietan eta sarietako epaimahaietan instituzionalizatuta dagoena. Hori ere kritika egiteko modu bat da; izan ere, kritikaren zentzua, azkenean, literatura-produkzioaren balioa ordenatzea eta balioestea da. Akademiak literatura-kritika ere egiten du, autore batzuk eta ez beste batzuk ikastea erabakitzen duenean. Hori guztia ezinbesteko lana da edozein kulturatan, baina gurean, are gehiago, kultura katalanean, liburugintzaren sektoreak presentzia erabatekoa duelako sektore kulturalean; oso gizarte literaturizatua gara.
Gure kultura-efemeride handia Sant Jordi eguna da; baina, horrez gain, kultura oso indartsua gara argitalpenei dagokienez. Ekoizpen handiko argitaletxeak zein hainbat argitaletxe independente barnebiltzen dituen ekosistema daukagu. Kataluniako argitaletxeen munduak boom bat izan zuen 2012tik aurrera; Idazketa Eskolek garapen handia izan zuten, argitaletxe independente asko ireki ziren, literatura-sarien leherketa ere egon zen... Horren guztiaren alde txarra: irakurleak falta zaizkigu.
Zer esan nahi duzu?
Katalunian, literaturak, askotan, estatu-egituren dimentsioa hartzen duela, Generalitate autonomikoaren beraren egiturak txiki uzten dituena, eta hori izugarria da. Kultura gutxitu guztiek ez dute gaitasun hori. Horretaz 2007an hasi ginen konturatzen, Frankfurteko azokako kultur gonbidatua Katalunia izan zenean. Eta azken urteetan, adibidez, Irene Solàren arrakastarekin, edo Eva Baltasar Booker saria irabazteko hautagia izatearekin.... Hori guztia lehen mailako kultura literarioaren ibilbidearen adierazle da.
Hala ere, nik, dena termino politikoetan irakurtzeko joera dudanez, uste dut honek irakurketa bikoitza eskatzen duela: alde batetik, irudi horiek kanpora begira duten garrantziari buruzkoa, katalanitatearen proiekzioari dagokionez, eta, beste aldetik, barne-irakurketa bat. Niretzat, oso nabarmena da argitaletxeen sektorea prozesu independentistatik eta Kataluniako gatazkatik bereizteko erakusten ari den gogoa.
Esate baterako, aurten Anagramaren katalanezko saria irabazi duen eleberriaren %15 baino gehiago gaztelaniaz dago idatzita. Bada, hori testuan ez bada zalantzan jartzen, ez bada modu gatazkatsuan ordezkatzen, niri behintzat, arazotsua iruditzen zait, eta eztabaidatu egin behar dela uste dut. Kezkatu egiten nau horrelako testuak errealistatzat saltzeak, hau da, irudikapen ez-ideologiko bat balitz bezala aurkezteak. Ideologikoak dira, elebitasun banalaren logikak erreproduzitzen dituen ideologia dute atzetik. Azkenaldian, berez katalanez idatzitako testuan gazteleraren presentzia naturalizatzeko joera handitzen ari da, baina ez bakarrik literaturan, baita zineman eta kalean ere. Eta hori hizkuntza ordezkatzeko dinamika bat martxan dagoelako gertatzen da.
Hor beste erpin batzuk ere badira, agian. Adibidez, katalanez eta gaztelaniaz liburu bera une berean ateratzeaz zer pentsatzen duzu? Ez ditu katalanez ateratako liburuaren aukerak pixkaren bat gutxitzen?
Bai, erabat. Literatura-itzulpena bi hizkuntzatan ateratzea ere elebitasun banala da. Bistakoa delako hemen ez direla bi merkatu elkarrekin bizi. Hemen literatura-produkzioaren monopolioa lortzeko borrokatzen diren bi merkatu daude, eta, jakina, Kataluniako literatura-hizkuntza ezin da gaztelaniarekin lehiatu.
Gai tabu gisa marrazten da Euskal Herrian, baina munduan barna ez da horrela. Hizkuntz politikak ezin dira merkatu librearen logikan ipini, baizik eta kuotak edo kupoak ezarri behar dira. Beharrezkoak dira. Eta beharrezkoak dira daudenak betetzea, ez baititu inork betearazten.
6.000 eurotik 10.000 eurorainokoak izango dira zigorrak. Katalana da Andorrako hizkuntza ofizial bakarra, nahiz eta biztanleen erdiaren ama hizkuntza gaztelania den.
Joan M. Serra soziolinguistikak hizkuntza katalanaren etorkizun posibleei buruzko liburua kaleratu du: L'ús parlat del català: En un tombant decisiu (Katalanaren ahozko erabilera: bidegurutze erabakigarrian). Kike Amonarrizek irakurri du eta... [+]
Googleren bilaketa emaitzetan katalanak eta euskarak 2022-2023 tartean izan zuten beherakada dokumentatu genuen webgune honetan. Nolabaiteko konponketa izan zuen gauza hark. Oraintsu, Kataluniatik iritsi zaizkigun azterketa batzuetatik, hizkuntza hauek bilaketetan gutxiago... [+]
Soziolinguistika Klusterrak antolatuta 2024ko Euskal Soziolinguistika Jardunaldia egin berri da Gasteizen apirilaren 23an. Azken urteetan euskararen eta katalanaren alde eta aurka agertu diren diskurtsoak izan ziren ardatz. Onintza Legorburu, Xan Aire eta Mikel Peruarena aritu... [+]
Carme Junyent hizkuntzalari katalana hil zen pasa den irailean. Hizkuntza-politikari buruz esaten zituenak arretaz segitu ditugu hemen, haren proposamen batzuk noizbait gurean aplikatzera ausartuko ginelako itxaropenez-edo, beharbada. Aho-bizarrik gabe jarduten zuen. Aldizkari... [+]
Manuel Albares Atzerri Ministroak erabilitako arrazoiak dira, besteak beste, katalana lehenesteak prozesua arinduko duela eta katalanak beste bi hizkuntzek baino hiztun gehiago dituela.
Irailaren 3an zendu da pankreetako minbiziaren ondorioz. Katalanak desagertzeko dituen arriskuez zorrotz hitz egin izan du hizkuntzalariak eta haren mezu gordinek deserosotasun ugari sorrarazten zuten. Azken unera arte borrokatu da bere hizkuntzaren alde. Bizitzako azken uneetan... [+]
Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.
Espainiako Gorteak osatzeko ordu gutxi batzuk geratzen zirela, Pedro Sánchezek beharrezkoak dituen alderdi abertzaleen botoa eskuratu nahian hizkuntza gutxituen gaia jarri du mahai gainean. Espainiako Parlamentuko mahaiko presidente Francina Armengol PSOEko hautagaia... [+]
O Festigal jaialdian elkartu dira Euskalgintzaren Kontseilua eta katalanaren eta galizieraren aldeko hainbat erakunde eta elkarte. Bertan egin dute eskaera, eta hizkuntza gutxituen normalizazioaren aurkako “oldarraldia” gertatzen ari dela salatu dute.
Udal komunikazioetarako hizkuntza lehenetsia zen katalana duela 36 urtetatik; orain, berriz, udalak osatu berritan, legea atzera bota du Vox eta Alderdi Popularraren arteko koalizioak. Funtzionarioek herritarrekin halabeharrez gazteleraz komunikatu beharra dute orain.
Frantsesa da nagusi, frantses instituzioetan. Haatik, urtez urte, erakunde publikoetan ere lekua egiten hasi dira euskara, korsikera edota bretoiera. Hemen, horren adibide ditugu, Ortzaizeko, Urruñako, Hendaiako edota Urepeleko herriko kontseiluak, baita Hirigune Elkargoa... [+]
Elna udalerriak irekitako xendari jarraituz, hamabost bat udalerrik mozio bidez onartu dute udal batzetan katalanez eta okzitanieraz hitza hartu ahal izatea, eta Jefaturara bidaltzen diren aktak ere hala idaztea, ondoren frantsesera itzulita. Eskualde hauetakoak dira hamabost... [+]
Hamabost egunetan, Kataluniako eskolek ikastorduen %25 gaztelaniaz eman behar dutela agindu dute epaileek. Helegitea jarriko duela iragarri du Generalitateak eta irakasleei esan die orain arte bezala jarraitzeko. “Ebazpen aberrantea da pedagogikoki eta juridikoki”.