argia.eus
INPRIMATU
Gure “Mona Lisa” iraultzailea
Laura Penagos Rodríguez 2024ko otsailaren 14a

Herri axolagabea! Zein ezberdina izango litzatekeen zuen patua, askatasunaren prezioa ezagutuko bazenute! Baina ez da berandu. Emakumea eta gaztea naizen arren, heriotzari aurre egiteko ausardia dut orain, eta mila aldiz gehiagotan ere izango nuke, ez ahaztu!".

Hitz horiek esanda hil zen fusilatuta Policarpa Salavarrieta 1817ko azaroaren 14an, gaur egun Bolivar izena duen plazan, Bogota erdian. La Pola izenaz ezaguna, Kolonbiako independentziaren ikono garrantzitsua da.

Policarpa Salavarrieta eta biok probintzia berean jaio ginen, Cundinamarcan. Guaduas herrian jaio zen bera, ez dago argi zein urtetan, nahiz ofizialki 1795 dagoen ezarrita. Jostuna eta irakaslea izan zen. Bere garrantzi historikoa bizitzan erakutsi zuen determinazioan, gizatasunean eta ausardian datza. La Polak eginkizun erabakigarria izan zuen Espainiaren aurkako askatze prozesuan. Berak independentziaren bidea oparitu zigun, baina tamalez klase politiko nagusiak ez zuen ezer ulertu garai hartan, eta ezer ulertu gabe jarraitzen du orain.

'La Pola'k independentziaren bidea oparitu zigun, baina tamalez klase politiko nagusiak ez zuen ezer ulertu garai hartan, eta ezer ulertu gabe jarraitzen du

Zenbat maite zuen gizateria, nolako fedea zuen herriarengan eta zorotik ere zenbat zuen La Polak. Inteligentzia lanak egiten zituen eta espioia izan zen. Lortzen zuen informazioa mugimendu independentistari pasatzen zion. Garai beldurgarria izan zen bizi izan zuena, Espainiako koroak hala ezarrita. Horregatik fusilatu zuten plaza publiko batean, herriko jendeak kontu har zezan.

Bere irudia banku-billeteetan eta txanponetan agertu da maiz, Bogotako auzo batek bere izena du, Kolonbian ez dago eskolarik bere hormetan Policarparen ausardia laudatzen ez duenik. Testu-liburuek ere bere biografia nabarmentzen dute, erreferentea da herri xeheko emakumeen artean. Antzezlanak idazten dira bere bizitzari buruz. Lehenengoa 1820an eman zuten oholtza gainean eta, garaiko iturrien arabera, ikusleek fusilamendua galarazi egin zuten. Telesailetan emakume heroiaren balentriak kontatu dituzte askotan. Argentinan kale batek bere izena du. 1911n Bavaria enpresak garagardo bati jarri zion La Pola izena. Horregatik, kolonbiarrok garagardoari pola deitzen diogu.

Hego Amerikako margolari handi askok bere erretratua egin dute, eta horietako bat bereziki aipatu nahi nuke, José María Espinosak egindakoa, hain zuzen ere. Erretratu hori gaur egun Bogotako Museo Nazionalean dago ikusgai, eta gune propio berezia eta nabarmena du. Espinosak ere parte hartu zuen askapen borrokan eta Policarpa pertsonalki ezagutu zuen. Erretratu eder horrek beti ekartzen dit gogora Leonardoren Gioconda eta, distantziak distantzia, gustatzen zait pentsatzea emakume handi batek egindako ekarpenaren edertasuna islatzen duela gure “Mona Lisa” iraultzaileak.