argia.eus
INPRIMATU
Gorabeheratsua
Montserrat Auzmendi del Solar 2024ko otsailaren 16a
Argazkia: OLBE
Argazkia: OLBE

FITXA
Zer: OLBEk antolatutako Mozarten Serralloko bahiketa (Die Entführung aus dem Serail) opera.
Nork: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Operaren Abesbatzak.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.
Noiz: Urtarrilaren 20an.

------------------------------------------------------

Jose II.a austriar enperadorea Nationalsingspiel izeneko kultur proiektu batean tematu zen, eta obrak alemanieraz interpretatzeko konpainia bat sortu zuen, garai hartan italierazko opera baitzen nagusi.

Proiektuak ez zuen oso ibilbide luzea izan, baina lan magistralak sortu zituen, OLBEren eskutik Euskaldunan ikusi eta entzuteko aukera izan genuenaren modukoak.

Serralloko bahiketa Mozarten lehen Singspiel da. Genero hau zati kantatuak eta ahozko zatiak tartekatzean zetzan. Gaur egungo emanaldietan, batzuetan, ahozko testu asko ezabatu egiten dira. Hala ere, OLBEren proposamenean obra osoarekin gozatu ahal izan genuen.

Lan arina eta sarritan komikoa da, eta ez dauka Mozarten ondorengo operatan aurkitutako pertsonaiaren edo sentimendu ilunen esplorazio sakonik. Beste obra garaikide batzuk bezala, opera honek Otomandar Inperioaren exotismoarekiko gustua du, inperio austriar-hungariarrarentzat mehatxu militarra izateari utzi zion inperioa hain zuzen ere.

Ikuspegi musikal hutsetik, kemenez beteriko obra da, aria ikusgarri eta zailez betea.

Euskaldunan ikusi eta entzun genuena aztertzera pasata, antzezpenak ez zituen aurreikuspenak bete. Ez zen funtzio biribila izan, hainbat arrazoirengatik. Eszenografia apur bat eskasa izan zen. Ziur aski ideia ona zen, inguru naïf bat birsortzea. Hala ere, sinpletasunak eta, agian, zuzendaritza eszeniko eraginkorrik ezak eragin zuten ikuskizunak, oro har, ez konbentzitzea.

Ahotsei dagokienez, pena handia izan zen Moises Marin tenorrak eztarriko arazo larri bat izatea. Ziurrenik ez zuen estreinaldian parte hartu behar, zailtasun handiak izan baitzituen erraza ez den rol bati ekiteko. Hain justu, abeslari hau beste tenore batek ordezkatu zuen ondorengo antzezpenetan.

Denok gogoz espero genuen Jessica Pratten aktuazioa, Bilbon beti emanaldi gogoangarriak izan dituena. Konstanzeren interpretazioa indartsua eta tinbratua izan zen, eta koloraturak eta bizkortasunak eraginkortasunez gauzatu zituen. Baina beste aldi batzuetako magia eta distira falta izan zitzaizkion. Leonor Bonilla sopranoak, Blonderen rolean, eta Mikeldi Atxalandabasok, Pedrilloren rolean, profesionaltasun handia erakutsi zuten, beren roletarako ahots egokiak.