Begi bat kokotean
Juan Kruz Igerabide / Elena Odriozola
Ediciones modernas el embudo, 2023
--------------------------------------------------------
Umetan, atzera begira egoten nintzen maiz. 'Begia aterako zaik kokotean', mehatxatzen ninduan apaizak, elizan atzera begira ikusten ninduelako”. Hitz horiek ematen diote hasiera Igerabideren liburu honi; atzera begira haurtzaroaren kontakizun pertsonal eta hunkigarria da, baina baita soziala eta umoretsua ere.
Oso gutxi dira gure artean autobiografiak, are gutxiago haur eta gazteentzako obretan –hau da, nik uste, aurrenekoa edo aurrenetakoa– eta, alde horretatik, liburua, estiloa, gertakariak, narrazioa… klasikoa izanik, berritzailea dugu.
Juan Kruz Igerabide Adunan sortu zen 1956ko martxoan. Eta Joxe Arratibelek 1980ko hamarkadan esaten bazuen gehiago aldatu zela mundua azken 80 urteetan aurreko bi mila urteetan baino, Igerabidek erakusten digu are gehiago aldatu dela Adunan sortu zenetik gaur arte. Izan ere irakurleak 1960 eta 70eko hamarkadetan Gipuzkoako herri txiki batean haurrak nola bizi diren ikusi ahal izango du, nola jolasten zuten, nola bizitzen zuten normaltasunez heriotzaren presentzia, nolakoa zen eskola eta nolakoak lagunak eta haurren arteko harremanak. Belaunaldi baten kontakizuna, memoria, azaltzen digu Igerabidek obra honetan, baina baita berea ere, Juan Kruzena, amaren galera, aitaren bizimodu gogorra, gaixoaldiak, eskolarizazioa…
Liburua atal laburretan egituratuta dago, bakoitzean gertakari edo pertsonaia baten inguruan mintzo zaigu egilea, bere lagunak, herriko eskalea, jaunartzea, gaixoaldiak, gustuko arropak; hots, era guztietako oroitzapenak azaltzen dizkigu, XXI. mendeko irakurleari bitxiak eta, beharbada, sinesgaitzak zaizkion istorioak ere bai. Horiek guztiak Elena Odriozolaren ilustrazio xumeekin, liburuaren tonua eta estiloarekin bat eginik.
Begi bat kokotean, beraz, memoria liburu bat da, duela mende erdi pasa Euskal Herria nolako zen erakusten digun lana, baina baita irakurlearengan tristura, irribarrea, ezagutza eta jakin-mina sortarazten dituen liburua ere; Igerabidek narrazio zaindu eta, era berean, arinaren bidez irakurlea eramaten baitu bere haurtzaroko txoko ilun eta argietara, alai eta tristeetara, bere historia kontatuta baina baita belaunaldi batena ere.