argia.eus
INPRIMATU
Artea suntsitzeko arrazoiak
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko otsailaren 14a
Velazquezen Ispiluko venus, sufragistek sastakatua.
Velazquezen Ispiluko venus, sufragistek sastakatua.

Londres, 1914ko martxoaren 10a. Mary Raleigh Rochardson (1889-1961) sufragista eta WSPUko kidea National Galleryra sartu zen, soinekoan laban bat gordeta zuela. Diego Velazquezen Ispiluko venus ezagunaren parera iritsi zenean, mihisea zazpi aldiz sastakatu zuen, guardiek geldiarazi zuten arte.

Ez zen artelan baten ez lehen eta ez azken erasoa izan. Halako kasuetan prentsak bandalismoaz hitz egin ohi du, baina ez da hitz zuzena. Bandalismoa ondarea inongo "arrazoirik" gabe suntsitzea da; ekintza horien atzean arrazoi erlijioso, politiko, sozial… bat dagoenean, aldiz, ikonoklasia esaten zaio.

Kontzeptu hori nagusiki erlijioari lotuta egon da historikoki. Antzinako Egipton, Akenaton faraoiak Amon jainkoaren irudiak suntsitu arazi zituen Aton jainkoaren gurtza ezartzeko. Halaber, Akenatonen agintaldia amaituta, ordena zaharra berrezartzeko, faraoi ohiak utzitako ondarea suntsitzen ahalegindu ziren; baina ez zuten guztiz lortu, hain zuzen, bere garaiko artelan batzuek iraun zutelako, esaterako, Akenatonen emazte Nefertitiren bustoa.

Duela 110 urte sufragistek egindakoak aldaketa ekarri zuen ekintza ikonoklastetan. Ordura arte, artelanak berak –eta horiek irudikatzen zutena– suntsitzea zen helburua. Eta garaiko prentsak ere hala interpretatu zuen koadroaren aurkako erasoa

Ziurrenik, historiako ikonoklasia erlijioso ezagunena Bizantzioko VII. mendeko irudi kristauen aurkako erasoaldia izan zen, baina gerora ere kristauek, katoliko nahiz protestanteek, irudi erlijiosoak suntsitzeko ekintzak bultzatuko zituzten.
Arrazoi politikoek ere bultzatu dute ikonoklasia. Frantzian, 1789ko iraultzaren ondoren, Antzinako Erregimenaren sinboloak desagerrarazi nahian, eliza gotikoak 24 ordutan suntsitzeko makina eraikitzea pentsatu zuten –azkenean gauzatu ez zen arren–. Eta oraindik ere buruzagi politikoen estatuak suntsitu ohi dira han eta hemen.

Baina duela 110 urte sufragistek egindakoak aldaketa ekarri zuen ekintza ikonoklastetan. Ordura arte, artelanak berak –eta horiek irudikatzen zutena– suntsitzea zen helburua. Eta garaiko prentsak ere hala interpretatu zuen koadroaren aurkako erasoa: venus biluzia emakumeak objektutzat jotzea sinbolizatzen omen zuen eta horregatik suntsitu nahi izan zuten. Richardsonek berak ukatu zuen hori; koadroa ez zen jomuga, bitartekoa baizik. Sufragisten kausak arreta izan zezan sastakatu zuen venusa.

Azken urteetako artelan ezagunen aurkako erasoak ere atentzioa bereganatzea izan dute helburu. 2022ko urrian Londresko National Galleryn bertan ekintzaileek zopa bota zioten Van Goghen Eguzkiloreak lanari, inflazioaren aurka protesta egiteko; koadroari ez zion kalterik eragin. Eta berriki ekintzaile ekologistek Da Vinciren Mona Lisa-ren aurkako enegarren ekintza egin dute, horri ere zopa botata; ekintzaileek ederki zekiten, babes-egitura medio, zopak ez zuela koadroa ukitu ere egingo.

Eta, hala ere, komunikabide askok bandalismotzat jotzen dute. Ahaztu edo ezkutatzen dute, ordea, artelanen espoliatzeak, merkatu beltzak eta espekulazioak ondare artistikoari askoz kalte handiagoa eragiten diotela, ekintza jakin horiek baino.