“Erraz diogu ikastetxeen arteko lehia gainditu behar dela, baina errealitatean ez da hain sinplea”

  • Hezkuntza eskumenak deszentralizatu eta tokian tokiko eragileek erabakimen handiagoa izatea: aspaldiko aldarrikapena praktikara ekartzen ari dira herri ugaritan, eta bide horretan aholkulari dabil Elhuyar. Uneotan hamar bat prozesutan buru-belarri dabiltzala eta eskaera gero eta gehiago dituztela kontatu digu Nerea Zubia Elhuyarreko Partaidetza eta Eraldaketako arduradunak: “Udalerriek helarazten dizkiguten bi kezka nagusiak segregazioa eta hizkuntza dira”.

Argazkilaria: Dani Blanco

Gurean, zenbateraino dago hezkuntza sistema zentralizatuta, bai estatuko gobernuarekiko, bai erkidegoko gobernuarekiko?
Ulertzen badugu zentralizazioa gobernantza ereduaren arabera neurtzen dela, agerikoa da estatuko nahiz erkidegoko gobernuekiko lotura oso estua duela hezkuntza sistemak. Baina hortik harago, bestelako praktikak ere badira, tokian toki. Gure ustez, deszentralizaziorako premisa da erabakiak hartzeko boterea banatzea, eta horretarako prest egon behar dugu. Uste dugu udalek protagonismo handiagoa izan behar luketela eta hezkuntzaren inguruko erabakiak beste plano eta espazio batzuetan hartu beharko liratekeela, baina horrek ez du esan nahi gorago dauden erakundeek beren ardura gutxitu behar dutenik.

Hezkuntza deszentralizatzea bada urtetako aldarrikapen bat. Zein onura dakartza?
Ikusten dugu udalek protagonismoa hartzen dutenean hezkuntza eragileekiko elkarrizketak beste modu batera egiteko aukerak zabaltzen direla, funtzionatzeko eta harremanak egiteko moduak eraldatzeko aukerak. Azken finean, auzoa, herria, batzen gaituen eta gertu dugun lurraldean aritzeak erraztu egiten du zoru komun batera iristea. Beste arlo batzuetan parte-hartzea eta erantzun komunitarioak zabaltzen ari diren moduan (trantsizio energetikoa, jasangarritasuna, kultur politikak…), hezkuntzan ere hori da bidea. Gizarte erronka gero eta konplexuagoak ditugu, eta ezinbestekoa da horiei komunitarioki erantzutea, nahiz eta gizarte gero eta indibidualistago honetan zaila dugun.

"Esperientziak erakutsi digu tokian tokiko hezkuntza eragileak batzen dituzten egiturak aktibatzeak eta hezkuntza erronkei modu komunitarioan begiratzeak gauzak mugitzeko aukerak zabaltzen dituela"

Hori egin ahal izateko, hezkuntzan nahikoa eskumen al dute gure herrietako udal eta instituzioek?
Lege markoa lagungarria eta beharrezkoa da, baina ez dugu zertan zain egon. Eskumen horiek iritsi bitartean, lurra jorratu daiteke eta esaten dugun modu honetan funtzionatzen has gaitezke, udalerriek pisu eta ardura gehiago hartuta. Horretarako behar dira inplikazioa, ausardia eta baliabideak. Eskumenak ez dituztenez, batzuetan udalak ez dira horretan pentsatzen jartzen, “goitik dator eta ezin dugu beste ezer egin, mugatuta gaude”, eta egia da eskumena izateak beste toki batean jartzen zaituela (adibidez, baliabideak bideratzeko orduan), baina zirrikituak egon badaude eta udal baten ustez herriarentzat garrantzitsua den gaia baldin bada, urratsak eman daitezke, prozesu bat abiatu daiteke esperimentatzen hasteko. Guretzat, eskumenen gaia ez da “hau zuk egin behar duzu eta beste hori nik”, konfluentziarako eta elkarlanerako espazioak sortzea baizik. Aukera baliatzea herrian gertatzen ari denaz hitz egiteko, zein harreman sare ditugun, zein bide jorratu daitezkeen elkarrekin, nola antolatu aurrerantzean…

Deszentralizazioa ipar, EAEko Hezkuntza Legean jasotzen diren tokian tokiko Hezkuntza Kontseiluei funtzio inportanteak aitortzea izan da aldarrikapenetako bat, nahiz eta eragile ugarik kritikatu duen azkenean urardotuta geratu dela kontseilu hauei emandako erabakimen ahalmena.
Udal eskola kontseiluak existitzen dira dagoeneko, eta batez ere kontsulta egiteko eta informatzeko baizik ez dira erabiltzen, baina sekulako potentziala dute. Administrazioa-ikastetxeak dinamika gainditu eta herri ikuskera jasotzeko eta politika publikoak proposatzeko espazio oso interesgarriak dira, besteak beste eragile ugarik parte har dezaketelako bertan: familiek, gazteek, hezkuntza ez formaleko eragile eta herritarrek... Guk gidatutako prozesu batzuetan, organo honi dituenak baino funtzio gehiago eman zaizkio, udal ordenantzaren bidez.

Hezkuntza gai gatazkatsua da herri askotan, uneotan.
Guk aurkitu duguna da herri batzuetan gatazka azaleratuta dagoela eta beste batzuetan tentsioa nabari dela, gutxi falta dela gatazkara jauzi egiteko… Errealitatearen arabera, giroa ezberdina da, ez da gauza bera bi ikastetxe dituen udalerria edo bederatzi dituena, baina oro har tentsioa eta gatazka bai antzeman ditugu. Hainbat faktore ikusi ditugu atzean: ikasleen arteko segregazio sozio-ekonomikoa, beheranzko joera demografikoak matrikulazioan duen eragina, euskararen transmisioa… Erraz esaten dugu lehia gainditu eta elkarlana jarri behar dela zentroan, baina errealitatean ez da hain erraza, eta ez da egun batetik bestera egiten den salto bat, prozesu luzeak dira. Teoria jakin badakigu, “ni”-tik “gu”-ra salto egin behar dugu, baina askotan gurea sentitzen dugun horretara lotzen gara, irmoki defendatzen dugu, eta adostasunak lortzeko gauza batzuk askatu egin behar ditugu. Norbere zentroaren jardunaren gainetik, prozesua herriko hezkuntzaren eta herriko ikasleen mesedetan izango dela sinetsi behar dugu. Azken finean, ezberdinen arteko beharrek elkar ukitzen dute eta eremu berean ari dira denak, auzoan edo herrian.

Esperientziak erakutsi digu tokian tokiko hezkuntza eragileak batzen dituzten egiturak aktibatzeak eta hezkuntza erronkei modu komunitarioan begiratzeak gauzak mugitzeko aukerak zabaltzen dituela. Hori esanda, ikastetxe batean matrikulazioa gainbehera badoa, ikasleen profilak lan handia ematen badu, irakasleen etorkizuna zalantzan badago… pertsona horren eguneroko kezkak horiek izango dira, eta horiei ere lekua egin behar zaie. Tokian tokiko prozesuak ongi daude, baina ez dira denaren soluzio, gobernutik bestelako neurriak ere hartu behar dira.

"Landuko ditugun gaiekiko minak eta sentimenduak azaleratzea oso garrantzitsua da, prozesuak aurrera egin ahala gatazkak gora ez egiteko"

Nola jokatzen duzue, gatazka giro hauetan?
Gure esku-hartzeen esperientzietatik hainbat gako identifikatu ditugu prozesuaren hasieran egin beharrekoak, egoera ahalik eta ongien bideratzeko. Batetik, eragileak nola dauden ezagutzea: nola daude herriko harreman sareak? Gaiari modu bateratuan erantzuteko baldintzarik ba al dago? Zer espero dute eragileek prozesutik eta zer emateko prest daude? Herrian elkarlanerako kulturarik ba al dago (eseri al dira noizbait mahai beraren bueltan, beste zerbaiterako)? Halako espazio batera goazenean bakoitza bere bizipen eta motxilarekin dator, eta horri ere tokia egin behar zaio. Batzuetan eragile bakoitzarekin erronda bat egiten dugu, horretaz guztiaz hitz egiteko, beste batzuetan denok elkarrekin hitz egiten dugu, horretarako baldintzak baldin badaude; funtsean, landuko ditugun gaiekiko minak eta sentimenduak azaleratzea oso garrantzitsua da, prozesuak aurrera egin ahala gatazkak gora ez egiteko.

Bigarrenik, datu objektiboen gainean egoeraren diagnostikoa egitea, erradiografia partekatuak. Datu berdinen gaineko irakurketak beti ez datoz bat, baina inportantea da gutxienez irakurketa horiek partekatzea eta horretaz hitz egitea.

Hirugarrenik, erabakimen ahalmena duenak borondatea eta prestutasuna agertzea, baita lidergoa hartzeko ere. Adibidez, udalak jakin behar du interpelatuko dutela, erabakiak hartzeko eskatuko zaiola, baliabideak jartzeko, eta erantzun egin beharko duela.

Hezkuntzaren zein arlo eta korapilori heltzen die zuen esku-hartzeak?
Guregana jotzeko duten kezkaren arabera, horri heltzen diogu. Batzuetan udalak deitzen digu, bestetan eskolak dira udalera jotzen dutenak, halako prozesu baten beharra helarazteko. Bi kezka nagusiak dira segregazioa eta hizkuntza. Hizkuntzaz ari garelarik, euskararen transmisioarekin kezkatuta ageri dira leku askotan. Eta segregazioaz jarduterakoan, ez dugu ikastetxeez bakarrik hitz egiten, eskolaz kanpoko jardueretan ere desoreka handiak ikusten dira herrietan, jatorriari eta egoera sozio-ekonomikoari lotuta.

Dena den, diagnostikoa egiterakoan herri horretan dauden beste hezkuntza erronka batzuk (edo beste alarma gorri batzuk) azaleratuz gero, horiek ere lantzen ditugu.

Praktikan, zuen esku-hartzea zertan datza?
Tokian toki, neurrira egindako esku-hartzeak dira, baina hiru titular nagusi ditugu, denetan baliagarri: komunitatea eta parte-hartzea dira aldagai nagusiak herri baten eraldaketarako; hezkuntza trintxeretatik eta jarrera polarizatuetatik beharrean, herri ikuspegitik lantzea ezinbestekoa da; erronka sozialei modu kolektiboan erantzun behar zaie, baita hezkuntzan ere. Hortik abiatuta, eta lehen aipatu moduan, prozesua aurrera ateratzeko baldintzak sortzen ditugu (eragileei entzun, minei tokia egin…), diagnostikoak egiten ditugu (esaterako, zein dira matrikulazio datuak batean eta bestean?), datu horiek nola bizi ditugun interpretatu eta eztabaidatzen dugu, oinarri komun horretatik herri erronkak zein diren definitzen ditugu eta erronka horiei eusteko bide-orria diseinatu eta aurrera eramaten dugu. Bide horretan sortzen den koordinazio mahaia erabakigune bilakatzeko ahalegina ere egiten dugu.

"Ikasleei eta familiei egiten zaien harrera adostu eta bateratu dute han-hemenka: familiei nola aurkeztu herriko hezkuntza sarea eta eskolatzeko aukerak"

Kezka nagusietako bat segregazioa dela diozu eta matrikulazioari lotutako diagnostikoak egiten dituzuela. Matrikulazioan eragitera iristen dira prozesu hauek, adibidez?
Egia da arlo batzuetan eragin ahalmena mugatua dela, baina animatzen ditugu matrikulazio prozesuan eskumena duen Hezkuntza Sailari proposamenak egitera, eta kanal hori batzuetan zabalik aurkitu izan dugu. Adibiderik ezagunenetakoa Errenteria herrikoa da, tokiko eskolatze batzordearen pilotajea, hori izan zen hain justu mota honetako gure lehen esku-hartzea, 2018an [tokiko eskolaratze batzorde horrek lankidetzan jarduten du Eusko Jaurlaritzarekin, eta esku hartzen du matrikula bizia deituriko eskolaratzean, alegia ikasturtean zehar EAE kanpotik etorritako ikasleen eskolaratzean]. Bide beretik esperimentatzen ari dira beste hainbat herri, nahiz eta eragina mugatua izan. Herriko matrikulazio batzordetik jarraipena egiten dute eta matrikulazio irizpideen proposamenak helarazten dizkiote Jaurlaritzari.

Ikasleei eta familiei harrera ikastetxe bakoitzak egin ohi die, hori ere adostu eta bateratu dute han-hemenka: familiei nola aurkeztu herriko hezkuntza sarea eta eskolatzeko aukerak. Eta beste lan ildo bat: aztertzea hezkuntza formaletik eta ikastetxeetatik harago herriko bizitzan oro har gazte zaurgarrien parte-hartzea zein den eta zein aukera ditugun ekitatea bultzatzeko.

Hizkuntza da beste kezka nagusietakoa.
Bakoitzak bere ikastetxe barruan bakarrik heltzetik herri ikuspegiarekin heltzera igarotzea eta euskara indartzeko programak herri guztira zabaltzea, udalaren inplikazioarekin, bada aurrerapauso bat. Goazen indarrak batu eta sinergiak aprobetxatzera, erantzuna zabalagoa izan dadin eta baliabideak askoz hobeto aprobetxatu daitezen.

Bidean zein oztopo aurkitu dituzue? Zein dira erresistentzia nagusiak?
Gurea sentitzen dugunetik atera eta herri kohesioaren izenean zabaltzea kostatzen zaigu, aipatu dut lehen. Horrez gain, prozesu hauek ez dira linealak eta batzuetan atzera egiten dugun sentsazioa egon daiteke, frustratu gaitezke; horri lotuta, espektatiba errealak jartzea eta gardenak izatea garrantzitsua da; bidegurutzetara iritsiko garela jakin behar dugu (batzuetan traba izango dira, beste batzuetan aukera berriak zabalduko zaizkigu); hainbatetan prozesuak pisutsuak egiten dira; eragileen arteko konfiantza urratu dezakeen edozein mugimendu oso arriskutsua izan ohi da, horregatik inportantea da espazioa zaintzea, diskrezioa eta konfidentzialtasuna mantentzea, elkarrizketa paralelorik gabe; kanpo-faktoreek eta garai jakin batzuek tentsioa eta gatazka areagotu dezakete (Hezkuntza Legeak, dekretu berriek, matrikulazio garaiak…); eta gu bitartekariok desagertzeko unea iristen denean, bertigoa sor daiteke.

Emaitza zein da, tokian toki?
Oro har, frogatu da eskumena Jaurlaritzarena izan arren eta Jaurlaritzak bere betebeharrak izaten jarraitu arren, tokiko eremuak eta gertutasun horrek aukera asko zabaltzen dituela. Eta artikulatu behar da herria, baina administrazioak ere artikulatu behar dira beren artean, elkarlana bideratzeko.

Eskola kontseiluei gehitutako funtzioak, tokiko eskolatze batzordea... aipatu ditut aurretik. Dena den, maila oso ezberdinetako lorpenak daude. Adibidez, gauza hutsala dirudi, baina herri batzuetan arazo handiak dituzte Euskararen Eguneko edota inauterietako desfileekin, ezin direlako elkar gurutzatu, guztiek herriko plazan amaitu nahi dutelako baina ez elkarrekin... eta hori gainditzea bera lorpen handitzat bizi da.

Errenteriako kasua da osagai hauekin abiatu genuen lehenengo prozesua, ibilbide luzeena duena, eta ikastetxeek hilabetero biltzen jarraitzen dute, esaten digute uste baino gertuago zeudela batzuk besteengandik, nahiz eta hasieran ez zuten hala ikusten, baina hitz egiteak eta erabaki batzuk elkarrekin hartu beharrak, elkar hobeto ezagutzeak eta bestearen egoerarekin enpatizatzeak hori dakar.

Eta ikastetxe horietako errealitatea aldatu da Errenterian?
Giroa aldatu da, elkarrekin ekintza bateratu askoz gehiago egiten dituzte, udal eskola kontseiluak orain beste funtzionalitate bat du eta gazteen eskola kontseilua aktibatzera doaz, ekitatea lantzeko unitate didaktikoa egin dute elkarrekin, eskolatze batzordearen pilotajea hor dago… Egunerokoan gauza batzuk ez ziren aldatuko, baina beste batzuk bai, inpaktua daukatenak.

Eskumenak eskumen, “badaude zirrikituak, eta udalaren ustez herriarentzat garrantzitsua den gaia bada, urratsak eman daitezke, esperimentatzen has gaitezke”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-19 | Leire Ibar
Ia urtebete daramate soldatarik gabe Bilboko ikastetxe bateko langileek, funts putre batek eraikina erosi ondoren

Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langile batzuk soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.


Hezkuntzako ratioak jaisteko eskaera Nafarroako Legebiltzarrera eramango dute gurasoen plataformek

Sortzen eta Ratioak Jaitsi 0-18 elkarteek Legegintzako Herri Ekimen bitartez egin dute eskakizuna eta alderdi guztiek agerraldia onartu dute. Europar Batasunak Foru Gobernuari ratioak murrizteko egindako gomendioan du oinarria nafar gurasoen aldarrikapenak.


Mezu kristaurik gabeko Gabon kantak, ikastetxe ugariren aukera

Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.


2024-12-17 | Leire Ibar
Urretxindorra Ikastola sexu abusuen “konplize” dela salatu dute

Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]


Nola egiten da bi ikastetxeren fusioa?

Zerk motibatuta bultzatzen da bi ikastetxeren arteko fusioa? Nola uztartu norbere eskola-proiektua, eredua eta ibilbidea ondokoarekin? Zein da bidea bi eskoletako hezkuntza komunitateak ados jartzeko? Zein da Eusko Jaurlaritzaren rola?


2024-12-16 | Leire Ibar
Bilboko Urretxindorra eta Lekeitioko Azkue ikastoletako bi irakasleren sexu erasoak salatu dituzte

Urretxindorra Ikastolako (Bilbo) eta Azkue Ikastolako (Lekeitio) bi irakasleren aurkako salaketak egin dituzte zenbait emakumek sare sozialen bidez. Horren aurrean, Urretxindorra ikastolako irakasleak astelehen honetatik aurrera klaserik ez ematea erabaki du Ikastolen Elkarteak... [+]


Kalitatezko hezkuntzaren aldeko eserialdia egin dute Iruñeko Hezkuntza Departamentuaren sarreran

Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez... [+]


2024-12-09 | ARGIA
Ikama ikasle antolakuntzak unibertsitateetara eta Lanbide Heziketara zabalduko du bere jarduna

II. kongresuan aurkeztu duen berritasun esanguratsuenetako bat da. Orain arte Bigarren Hezkuntzara zuen bideratua bere jardun politikoa eta hemendik aurrera unibertsitateetan eta Lanbide Heziketan ere arituko dira. Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa aldarrikatu du... [+]


2024-12-05 | Jon Torner Zabala
‘Protestaka’ erakusketa, EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasle borrokaren 30. urteurrenean

1994an EHUko Arte Ederretako ikasleek protestak abiatu zituzten. Bost irakasle euskaldun lortzeko hiru hilabeteko greba egin zuten, eta bitarte horretan Leioako fakultatea okupatu. Euskal jendartearen babes handia izan zuten, baina Poliziaren errepresioa ere jasan zuten; Bilboko... [+]


Zaku bete galdera iritsi dira Leizaran institutuko ikasleak Pape Niangen solasaldira

Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita... [+]


“Eskola partikularren eskaera handia zerbaitek huts egiten duen sintoma da”

Ongi ezagutzen ditu eskola partikularretara doazen ikasleak Aitziber Ibarbiak. 25 urte inguru daramatza matematika, fisika eta kimikako partikularrak ematen, batez ere Batxilerrekoei. Irakasle on eta txarrez, ikasgelan sortzen diren erritmo ezberdinez, azterketak zuzentzeko... [+]


2024-12-04 | Tere Maldonado
Biraka jarraitzen du gurpilak

Gogoratzen al duzue? Legebiltzarreko %90ak onartu zuen Hezkuntza Akordioa duela bi mende –barkatu, bi urte–. Ezkerraren biltzarkideen erreakzioa euforiaren eta neurriko gogobetetasunaren artean mugitu zen. Onarturiko dokumentuaren arabera, zentro pribatuek diru... [+]


Eguneraketa berriak daude