argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Ispilua
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko otsailaren 07a

Non gordetzen dituzu kudeatu ezin izan dituzunak? Badago pilularen bat ondorioak arintzeko? Orfidalak, adibidez? Bestela? Ezkutatu beharko dituzu ile urdinak, ileak oro har (aurpegikoak, zangoetakoak, besazpietakoak, pototakoak, titietakoak, zilbor azpikoak...), zimurrak, umore txarra, begi zuloak. Zahartzeak eta nekatuta egoteak sortzen duen hori guztia, alegia; erakustea zigortzen den guztia, beraz (pentsa erotuta bazaude, pobrea bazara... zenbat ezkutatu beharko duzun). Esternaliza ditzakezu kolpeak? Baduzu Dorian Grayren ispiluaren moduko zerbait?

Eta gizartean, zer gordetzen dugu? Zer ez zaigu ikustea gustatzen? Zer gero eta gutxiago? Zabortegiak, beti. Erraustegiak. Usaina, kutsadura... isilean eta arinduta iristen zaizkigu, fabriketako kearen moduan. Zaborra, eta kea. Eta ospitaleak ere jartzen ari gara kanpoaldean; lehen arreta desagertzen ari denez, beharrik ez, ospitalera joango gara karkaxak eskutan. Non daude CIEak? Non daude gurasorik gabe iristen diren haurrak? Ikusten dituzue? Nola tratatzen ditugu? Ondo jaten dute? Kartzelak ere gero eta urrunago nahi ditugu, ikusten baditugu, nahi gabe, noizean behin, hor jendea dagoela gogoratzen baitugu bestela. Jendea, gu bezalakoa. Zer egiten dieten jakin nahi ez dugun jendea. Inporta ez zaigun jendea ez, beldurtzen gaituena, geure burua direnez. Zer kanporatuko dugu hurrena? Non ez dakigu zer gertatzen den? Zerk beldurtzen gaitu? Zahartzaroak? Barrurantz nahiko ezkutatuta daude orain ere, zahar etxeak, pandemian batzuk hiltzea erabaki zuten zenbait lekutan, eta ez da ezer gertatu: noizbait, atera beharko ditugu horiek ere kanpora, Gipuzkoan, Zubietara, pentsatzen dut.

Dorian Grayk, ordea, egun batean, bere burua ikusi zuen, baita gainerakoek ere, guztiz esternalizatu zuenean dena. Guztiz esternalizatu zuenean bizitza. Hil zenean, guztiz.