Nazioarteko Justizia Auzitegiak erabaki historikoa hartu berri du genozidioari buruzko konbentzioan, eta Hegoafrikaren salaketaren onargarritasuna berretsi. "Israelek Gazan herri palestinarraren aurkako ekintza genozidak egin ditu, egiten ari da eta egiten jarraitzeko arriskua du" esan, eta Israeli agindu dio ekintza genozida oro gelditzeko, bere militarrek ekintzok eragozteko, eta bermatzeko elikagaiak, ura, botikak eta premia humanitarioak Gaza okupatu eta setiatuan sartzea. Zergatik ez dute euskal alderdiek gauza bera esaten edo, are, egiten? Euren poltsikoen interesak galarazten dielako, noski! Hipokrita ustelak, etxean ahoa bete giza-eskubide duten horiek beraiek. Zoritxarrez, itxurazaleak izateaz gain, hiltzaileen kolaboratzaile ere badira. Zein izen merezi du, bestela, genozida babesten eta laguntzen duenak?
Izan ere, EAJren gobernuak ekonomikoki sostengatzen du genozidioa. ARGIAk argitaratu zuen sarraskia hastean: euskal enpresek ia 200 milioi euroko produktuak saldu zizkioten Israeli 2022an eta, 2023ko lehen erdian, kopuru hori %52 handitu zen. EAEko ekoizpen gehien erosten dituzten hogei herrialdeen artean kokatzen da estatu sionista. Irabazien erdia baino gehiago CAF enpresari dagokio, zeinaren %3 Eusko Jaurlaritzarena den. Bada, euskal gobernuak badu ardura zuzena, euskal enpresek beste hainbeste eta, Palestinarekiko Erantzukizun Plataformak aldizkari honetan berriki idatzi duen moduan, herritar guztiok ere badugu gure ardura.
BDZtik hasi eta ekintza zuzeneraino, egite oro da beharrezko bezain zilegi. Bide guztiak erabili behar ditugu, gehiegi gertatu delako gure begien aurrean
Hitzetik jardunera igarotzea baizik ez dago. Besteak beste, Boikotak, Desinbertsioak eta Zigorrak (BDZ) biderkatu eta egiazko bilakatu behar ditugu. Hegoafrikako apartheid-aren aurkako mugimenduan oinarrituta eta Israeli presio egiteko, 2005ean, Palestinako gizarte zibileko erakundeek (170 sindikatu, alderdi politiko, errefuxiatu sare, emakume elkarte, antolakunde, herri erresistentziako batzorde eta gizarte zibileko bestelako taldeek) BDZ mugimendua abiarazi zuten. Lorpenak nahikoak izatetik urrun badira ere, dagoeneko urrats esanguratsuak eman dira; esaterako, hainbat estaturen gobernuek Israelen dituzten inbertsioak bertan behera utzi dituzte, Suedia, Norvegia, Zeelanda Berria eta Luxenburgo, kasu.
BDZtik hasi eta ekintza zuzeneraino, egite oro da beharrezko bezain zilegi. Ditugun tribuna, bide eta molde guztiak erabili behar ditugu, gehiegi gertatu delako gure begien aurrean; geratzen diren palestinarren bizirautea denbora kontua baizik ez delako.