argia.eus
INPRIMATU
Gogoeta bat
Xalba Ramirez @xalbaram 2024ko otsailaren 02a

HASIERA BAT
Gorka Urbizu
Only in dreams, 2024

----------------------------------------------------

2005ean eta 2007an, Banksy artista Egiptotik Gazara sartu zen, tunel sare klandestino baten bidez. Gazako murruan bere grafiti ezagunak egin zituen, apartheida eta kolonizazioa salatzeko.

Ametsa aipatzen duten kanten ordez, zalantza aldarrikatu du Gorka Urbizuk bere bakarlari gisako lehen disko sonatuan, “kanpotik babestuko gaituen txoko eder bat” eskainita. 1980ko hamarkadan Pott bandak egin zuen eran, anphora hautsi dela eta, dena posible egiten duen askatasunaren gramatika bilatuta.

Galtzaileak ziren haiek, Sarrionandiak berak kontatzen du Moroak gara behelaino artean?-en: “Irakurlerik ere ez zegoen eta, desinteres absolutuarekin, mamuentzat idazten genuen”. Sabelkeriarik gabe, merkaturik gabe, gramatika bat sortzen lagundu zuten. Euskal literatura bat sortu zuten.

Nondik egiten den. Eta nora. Horra azken aldian gehien interesatu zaizkidan galderak, arteari loturik. Ez zait horrenbeste axola zortzi pistetan analogikoan grabatu den, Pedro The Lionen It’s hard to find a friend dakarren gogora edo Kiwanukaren soinukera.

Artista ez dago derrigortuta erantzun bat ematera. Are gutxiago bat eta bakarra. Baina nago ezerrezi buruzko disko eder bat baino gehixeago behar duela garaiak. Galdera solteez harago, badugula elkarri zer esana, eta zer entzuna. Horren gogoz geratu naiz.

Banksyk kontatzen du nola agure bat hurbildu zitzaion esatera bere pinturak horma edertzen zuela. Konplimendu gisa hartu zuen, gizonak erantzun zion arte: "Ez dugu nahi polita izatea. Horma hau gorroto dugu. Zoaz etxera".

Zorionez, gurean ez dugu, oraindik behintzat, inor etxera bidaltzeko beharrik. Are gutxiago hamarkada luzez bere burua berrasmatu, eta milaka zale astelehen buruzuri batean dantzan jartzeko gai den Urbizu (tira, dantzan... esateko modu bat da). Diskoa buklean entzun ostean, edertasun eta baretasun horrek sortu didan gogoeta bat, besterik ez.