Udaberrian, Iparraldeko Hizkuntz Politika Publikoa berrituko da: hortik, datozen urteetako norabideak, asmoak eta horien zerbitzuko jarriko diren dirutzei buruzko erabakiak hartuko dira eta horretan jarrera argia hartu beharko dute eskualdeak, departamenduak, estatuak eta Euskal Hirigune Elkargoak. Euskalgintza delibero horien zain dago, zintzurra tinko; izan ere, Iparraldean euskarak duen egoeraz kezkaturik agertu dira, deiadar eginez politika publiko egokiagoaren eta ausartagoaren alde.
Euskararen Erakunde Publikoak hogei urte ditu. Hizkuntz Politika Publikoa zaharragoa da, noski, EEPren sorrera aitzin hainbat aurrekari ezagutu baititu. Haatik, euskalgintzaren bultzadaz eta instituzioen bidez eraman politika orokorra, molde antolatuan, 2004. urte inguruan hasi dela laburbil daiteke. Instituzio horren eta ondotik Elkargoaren sorreren ondorioz hainbat aldaketa gertatu dira, baliabide eta lan ildo mailakoak: euskalgintza profesionalizatu da, gaia instituzionalizatu, eta zeregina ez da, geroztik eta ondorioz, militanteena bakarrik.
Bizkitartean, azken inkesta soziolinguistikoak irakurketa baikorretarako hari gutxi luzatzen ditu. Aitzinamendu ñimiñoak dira eta batez ere belaunaldi gazteetan kokatuak, hiztun heldu eredugarrien kopuruan eragin gutxikoa eta erabilera esparruen garapen mugatukoa. Kopuruen aldetik euskararen beheranzko joera konfirmatu da: euskaldunen proportzioa apaldu da, elebidun dira %20. Haatik, kopuru horren erdiak dio euskaraz frantsesez bezain eroso sentitzen dela, beraz, euskaldun oso eta aktiboen kopuru erreala %10ekoa ez ote da? Horretaz gain, datuen artean eskas zaizkigu kualitatiboak: nolako gaitasunak ditugu euskaraz bizitzeko? Norainokoak eta zein kalitatekoak? Ikertu gabea eta agian ikertua izatea nahi ez den aldea da.
Nolako euskal komunitatea garatuko da lurraldean %10 baizik ez bada gai egunerokoa euskaraz eramateko?
Bide horretatik hurbiltzen ari gara, uste baino lasterrago, Euskal Konfederazioak duela zenbait urte egin zuen aurreikuspenera, zeinetan zioen 2035ean %15ekoa zatekeela elebidunen proportzioa. Horiek ikusirik, bada arranguratzekorik. Izan ere, nolako euskal komunitatea garatuko da lurraldean %10 baizik ez bada gai egunerokoa euskaraz eramateko? Nola egin dezakegu, hiztunen gehiena 60-99 urtekoa delarik, hizkuntzaren geroratzeko eta garatzeko? Nola molda daitezke hiztun amorratu bezain isolatu horiek euskaraz bizitzeko ez bada entre-soi miserablean? Hemen argiki egoera larria baita, ez da diglosia egoera sinplea, ordezkapen aitzinatuarena baizik, desagertzearen heinekoa, orain arteko pauso epelak baino anitzez gehiagoko (erre)medioak beharko dituena.
Azken hilabeteetan, euskalgintzak alarmak piztu ditu: ezin du gehiago. Egoitzak ez dira segurtatuak, irakasle eta langile euskaldun eskasa kronikoa da, egituren baliabideak ahulegiak. Hots, kinka larrian dira denak ere. Artetik, 2000 urte inguruetan, duela 25 urte, ARGIAko zutabe hauetan berean, euskalgintzak arazo eta zenbaki berak aipatzen zituen.
Politika publikoaren egituratzeak eta hogei urteko bideak, eta militanteen inplikazio dorpeak, ez dute argiki eragin euskararen berreskurapenean eta normalizazioan. Politikariek –anitzetan erdaldun eta erdaltzaleek– hizkuntzaren geroa eskutan dute eta zirt edo zart egiteko momentua dute. Espero izan dezagun, hautetsiak eta kargudunak itxurakeria eta epelkeriatik aterako direla, eta ezker-eskuin zabaltzen dituzten aldeko diskurtsoen izariko eta ausardia bereko ekintzak ahalbidetuko dituztela. Bestela, kamarada, itsusia datorkiguna.