argia.eus
INPRIMATU
Norena da Taiwan?
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko urtarrilaren 27a
Ann Wang

Taiwan, K.a. 323. urtea. Txinako espedizio batek uhartea esploratu zuen eta, hala, Taiwan lehenengoz erregistratuta geratu zen txinatar artxiboetan. Baina mende luzez ez zen bertako jatorrizko populazioan aldaketa nabarmenik izan; uharteko giza arrastorik zaharrenak duela gutxienez 20.000 urtekoak izan arren, austronesiar nekazariek duela 6.000 urte okupatu zuten.

XVII. mendean iritsi zen populazio aldaketa, europarrekin batera. Portugaldarrek Formosa izena jarri zioten, espainiarrek irlaren iparraldean hainbat kolonia ezarri zituzten eta 1624tik 1662 arte herbeheretarren esku egon zen. Orduan, txinatarrek kanporatu zituzten europarrak Taiwanetik. Eta 1683an Qing dinastiak Ming dinastia mendean hartu zuenean, Taiwan ofizialki Txinaren esku geratu. Prozesu horretan, Txina kontinentaleko asaldura politikotik eta eskasia ekonomikotik ihesi, txinatar oldeak Taiwanera joan ziren, eta austronesiar populazioa ia desagerrarazi zuten. Nagusiki Fujian probintziako hokloak eta Kantongo hakkak ziren; Taiwango egungo biztanle gehienak bi migrazio olde horien oinordekoak dira.

AEBetako presidente Trumanek zazpigarren flota Taiwango itsasartera eramatea erabaki zuen, teorian Txina kontinentalaren eta Taiwanen arteko gatazka saihesteko. Praktikan, interbentzioak ez zuen gerra zibila eten

1895an, Txinak lehen gerra sino-japoniarra galdu ondoren, uhartea irabazle japoniarren esku geratu zen. Baina Bigarren Mundu Gerraren amaieran Txinara itzuli zen; Txinako Errepublika, 1912an sortua, aliatuen parte zen eta, beraz, AEBen oniritzia izan zuen. Baina handik urte gutxira, 1949an, Mao Zedong buru zuten indar komunistek Chiang Kai-sheken gobernua mendean hartu zuten. Chiangek eta bere jarraitzaileek Taiwanen hartu zuten babesa eta uhartean Txinako Errepublikaren jarraipena ezarri zuten, diktaduraren jarraipena, alegia.

Txinako Herri Errepublikak uhartea erreklamatzen jarraitu zuen eta AEBetako presidente Trumanek zazpigarren flota Taiwango itsasartera eramatea erabaki zuen, teorian Txina kontinentalaren eta Taiwanen arteko gatazka saihesteko. Praktikan, interbentzioak ez zuen gerra zibila eten eta, besteak beste Izu Zuria bultzatu zuen: Taiwango Gobernuak 140.000 pertsona espetxeratu eta hil zituen, komunista izatea leporatuta.

Mende honetako Taiwango hauteskundeen emaitzek eragina izan dute Txina-Taiwan aferan. Duela bi asteko hauteskundeak Txinarekin bat egitearen aurka dagoen PPD alderdiak irabazi zituen. Lai Ching-te hautagaiak independentziaren alde lan egingo duela aginduta, Txinako Gobernuarekiko tentsioa areagotu egin da, interbentzio militar baten mehatxuarekin batera.

Taiwanen eta AEBen arteko itun formalik ez dagoen arren, eta ofizialki Taiwanen independentziaren alde ez dagoela esanda ere, Washingtongo gobernuak adierazi du arma defentsiboak utziko dizkiola Taiwani. Joe Biden presidenteak esan du AEBek Taiwanekiko duten konpromisoa “harria bezain tinkoa” dela, nahiz eta azken 80 urtetan uhartearekiko jarrera nahi bezala egokitu duten, kontraesanak kontraesan.