argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Espantua
Uxue Apaolaza Larrea 2024ko urtarrilaren 24a

Ez du irabaziko, erotuta dago, esaten ari dena ez da posible. Edonork ikusten du ez dagoela estatu bat gobernatzeko prestatuta. Teoriko bat da, ez dauka errealitatearen kontzientziarik. Feminismoak emandako pausoak atzeraezinak dira, herritarrek ez dute onartuko zenbait eskubide zalantzan jartzea. Ezkertiarrenek eta demokrazian sinesten dutenek Massari emango diote botoa, gustatu edo ez, Mileik ez irabazteko. Eskuindarrak ere ez dira fidatzen berarekin.

Irabazi egin zuen. Eskuindarrek, fidatu edo ez, nahi izan zutelako, eman zizkiotelako behar zituen botoak, eman ziotelako behar zuen azpiegitura estatu bat gobernatzeko gai ez zena izan zedin.

Boterera iritsita ere ez du esandakoa egingo. Ezinezkoa da. Ezkertiarrenei gertatzen zaiena gertatuko zaio, programan daramaten hori ezinezkoa izaten da osorik aplikatzea, kontrabotereak daude, botere oso ondo ezarriak daude. Eta zer. Ez du dolarizatuko? Eta zer. Noski egingo duela esandakoa. Desegingo du estatua, utziko du indarkeriarako bakarrik. Desegingo du Argentina bera, zatika salduko du traidoreek saltzen duten eran. Kenduko dizkiete, noski, eskubideak emakumeei. Feministaren batek iragarri du Argentinatik ihes egingo duela, jazarpena ezin jasan. Ikusi ditugu bozgorailuetatik leku publikoetan mehatxu mezuak.

Graboisek botoa eskatu zuen maitasunagatik ez bazen, espantuagatik. Mileik irabazi zuen. Espantuak irabazi zuen. Barrea erraz izozten da, eroa baino tontoagoa bada.