Berdintasuna, haurdunaldia bezalaxe, badago edo ez dago. Berdintasunik ez dagoenean, ezberdintasuna dago, hori da neurtu eta baloratu daitekeena. Akaso berdintasunaren ondorioak izan daitezke gehiegizkoak batzuentzat, baina horrek eztabaida ondorioetan kokatuko luke, sekulan ez berdintasunean. Hutsala dirudi aldeak, baina ez zait iruditzen. Pobreziaz hitz egiten dugu aberastasunaren metatzeaz hitz egin beharrean, pobrezia da neurtzen dena, hor kokatzen da arazoa eta horretara bideratzen dira politikak. Baina, aldiz, atzean dagoen aberastasunaren pilatzea ez da inoiz auzitan jartzen.
Soldata arrakala noraino dagoen errotua, sektore feminizatuen atzean dagoen sexuaren araberako lan banaketa, kontziliazioaren iruzurra emakumeen lanaldia bikoiztu eta zaintza lanak kolektibizatzea eragozten duelako. Biolentzia matxistaren garrantzia gizon/emakume botere harremana betikotzeko. Lan nekaezina egin du feminismoak, izan mugimenduaren ekimenez, izan akademiatik edo erakunde mistoetatik, diskriminazioa arlo eta eremu guztietan bistarazteko. Borrokaldi oso bat, emakumeoi formalki eskubideak aitortzeak ekarritako berdintasunaren iruditegiaren kontra. Bistakoak dira emaitzak, berdintasunaren iruditegia apurtu eta desberdintasunaren atzean dauden egiturak, politikak, ideologia plazaratu ditugu. Berdintasuna lortzeke dugu ordea.
Baldintzak sortu ditugu emakumeon askapenean urrats berriak egiten joateko, eta ez da falta lurzoru hori lokaztu eta emakumeok bertan zangotrabatuak ikusi nahi gaituenik. Azaleko eztabaidak albo batera utzi eta gauzak aldatzeko sakoneko erabakiak hartzeko garaian, 10etik 4 baino gehiago askotan.