argia.eus
INPRIMATU
Asier Guerra Herrero, Cecosako langilea
“Eroskin higadura fisiko handia jasaten dugun langileontzat gutxieneko baldintzak lortu ditugu”
  • Elorrioko Eroskiren produktu ez-galkorren biltegiko Cecosa azpikontratako langileek oso baldintza kaskarretan dihardute: biltegiaren azken katebegian egiten dute lan zama handiekin, eta Espainiako estatuko hitzarmena aplikatzen zaie. Abenduaren 11tik 16ra grebara jo zuten eta martxan jarritako presio mekanismoen ondorioz, akordioa lortu du ELAk 2025erako %22,94 inguruko soldata igoerarekin, besteak beste. Bertako langile eta ELAko delegatu Asier Guerra Herrerok azpimarratu digu lortutako minimoekin pozik badaude ere, “hasiera besterik" ez dela izan.

Izaro Villarreal Lauroba 2024ko urtarrilaren 29a

Nola hasi zenuten grebara jotzeko prozesua?
Langileok maiatzean erabaki genuen antolatzea, eta lehen aldiz, hauteskunde sindikalak egin ziren. Behin antolatuta, lehen enpresa batzordea egin genuen, eta uztaila inguruan izan genuen enpresarekin gure lehen bilera; borrokatu beharreko baldintzak mahai gaineratu genizkien arren, hasieratik ezezkoa jaso genuen. Azarora arte itxaron behar izan genuen bigarren bilkura izateko. Horretan ere ez zen hobekuntzarik lortu, eta bost eguneko grebara jotzea erabaki genuen.

Zein egoeratan zineten grebara jo aurretik eta zeintzuk izan dira Eroskiri egindako eskakizunak?
Estatuko hitzarmena aplikatzen zaigu, eta lanbidearteko gutxieneko soldata kobratzen dugu; gaueko, jaiegunetako edo txandakako lanak konpentsatzeko plusik gabe. Zortzi orduko lanaldia egiten dugun arren, eguna 7,67 ordutan zenbatzen ziguten, atsedena ez baitzuten kontuan hartzen. Hortaz, zortzi orduak zenbatzea nahi genuen, soldata-arloa handitzea, Bizkaiko elikagaien merkataritzaren hitzarmena aplikatzea, laneko osasun eta prebentzio neurri eraginkorren aplikazioa eta laneko prebentziorako gaiak eztabaidatzea, besteak beste. Horrez gain, alde bakarreko malgutasunari amaiera emateko, urteko egutegia eskatu genuen.

Zeintzuk dira egunerokoan egiten dituzuen lan zehatzak?
Eroskirentzat ekoizpenak egitea da gure lana, eta Eroskiren supermerkatuetako eta saltoki handietako eskaerak gauzatzen ditugu. Zehatzago esanda, Eroskiko elikagai ez galkorretan egiten dugu lan, baita konbentzionaletan ere, garbantzuak, moldeko ogia, patata frijituak, turroia… guztia. Lan-fisiko handiko lana da eta zama handiak hartu behar izaten ditugu gure gain. Lan-orduetan atsedenik ez hartzea jasangaitza da guretzat.

Langile guztiek tratu berdina jasotzen duzue?
Ez, biltegian bazkideak ere badaude. Oro har, biltegia korridoreen arabera dago antolatua: batzuetan xaboia, ura eta pentsua dago eta hori da gehienbat Cecosako langileok egiten duguna. Horietara, ordea, bazkideak ez dira sartzen. Hortaz, nahiz eta eskuz-esku lan egin dezakegun bazkideek zein langileok, lan jakin batzuk soilik guk egiten ditugu.

Hitzarmenari dagokionez ere, hitzarmen ezberdinak aplikatzen dizkigute. Guri, Madrilen sinatzen den estatu hitzarmena aplikatzen digute –abenduaren 23tik 26ra sinatu zutena– eta ez digute gaueko plusik ordaintzen. Eroskiko bazkideei, berriz, beste hitzarmen bat aplikatzen zaie: beren estatutuak dituzte eta aldi baterakoei, Bizkaikoa aplikatzen zaie.

Bizkaiko Elikadura Hitzarmenaren lan-baldintzak lortzea izan da zuen helburua, ezta?
Bai, hitzarmen horren alderik garrantzitsuena da hemen negoziatzen dela, Euskal Herrian, eta ELAk, sindikatu gisa, parte har dezakeela Bizkaiko elikagaien merkataritzako negoziazio mahaian. Cecosako langileoi aplikatzen zaiguna, ordea, saltoki handien hitzarmena denez, sindikatuak ezin du esku-hartu; izan ere, Madrilen negoziatzen dute. 1.770 orduko urteko lanaldia du hitzarmen horrek, soldatak txikiak dira eta ez dugu inolako plusik kobratzen. Bizkaikoak ia 50 lanordu gutxiago ezartzen ditu. Soldatari dagokionez ere alde handia dago,  Euskal Herrian negozia daitezkeen eskubide gehiago baitaude onartuta.

Grebako bost egunetan egindako pikete eta protestak eraginkorrak izan al dira?
Bai. Elorrioko biltegian piketeak egon dira egunero, herrian ikusgarritasuna emateko grebari. Baina bestelako ekintza batzuk ere egin ditugu: ibilaldiak eta martxak, batetik; eta enpresarekin bilera egiten ari ginela, Bilbon kontzentrazioa egin genuen, bestetik. Gatazka Elorriotik atera eta gizarteratzeko balio izan digute ekintza horiek. Finean, mediatiko xamarra izan da.

Lantokira sartzen zirenean, grebara deituta ez zeuden bazkideekin harremana izan dugu piketeetan: jende askok txistu egiten zuen elkartasun gisara eta beste asko animoak emateko gelditzen ziren. Hala ere, egoera ezagutarazi baino lehen, esango nuke jendeak ez zekiela zein zen biltegiaren egoera.

Zenbateko jarraipena izan du, oro har, grebak?
Grebak %97ko jarraipena izan duela esango nuke. Jarraipen zabala. Biltegian, orotara, 300-400 langile gaude eta horietatik 130 gara Cecosako plantillakoak. 130 horietatik, zortzi langilek egin zieten uko lanuzteei.

Negoziazioen ondoren akordioa sinatzearen alde agertu zarete, zeinak besteak beste 2025erako soldatan %22,94 inguruko igoera dakarren. Horrez gain, zeintzuk izan dira gainontzeko lorpenak?
Lanean igarotzen ditugun zortzi orduak zenbatzea lortu dugu; PNG izeneko plus berri bat kobratzea, guztira 2.400 euro urtean; jaiegunak ordaintzea; antzinatasuna aitortzea, eta kontzeptu horretatik eratorritako zenbatekoak ordaintzea; gaurkotasuna %5 gehiago ordaintzea; 70 orduko lanaldi-murrizketa, zeinak opor egun edo norberaren aukerako egun gehiago izatea ahalbidetuko duen; eta azkenik, laneko osasunari dagokionez, biltegiratze lanak dakarren ahalegin fisikoa murrizteko beharrezko baliabide mekanikoak ezartzea adostu dugu. Hau da, benetako prebentzio-gaiak aplikatzeko konpromisoa hartzea. Hori oso garrantzitsua da lanaldi luzeak eta higadura fisiko handia jasaten ditugun langileontzat.

Aurrera begira zer asmo duzue?
Orain atseden hartzea tokatzen zaigu, baina aurrerago beharrezkoa izango da enpresarekin beste behin esertzea, oraindik ere hobetzeko dozenaka faktore baitaude. Gure ongizatea dago jokoan. Borroka honekin mahai gainean kolpea eman dugu. Minimo batzuekin hasi behar genuen, eta dagoeneko lortu egin ditugu. Baina hau hasiera besterik ez da, oraintxe antolatu baikara. Lan luzea dugu oraindik egiteko, 2025ean berriro negoziatu eta hobetzen joan behar dute, aplikatzen diguten hitzarmena atzera botatzeko.