argia.eus
INPRIMATU
Marco Poloren mundu sinesgaitza
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2024ko urtarrilaren 18a
Il Milione

Venezia, 1324ko urtarrilaren 8a. Marco Polo bidaiari eta merkatari ezaguna hil zen, 70 urte inguru zituela. Hilzorian zela, inguruan bildutakoek Munduaren deskribapena liburuan kontatutakoak fikzioa zirela onartzeko eskatu omen zioten, baina hauek izan omen ziren bidaiariaren azken hitzak: “Ikusi nuenaren erdia ere ez nuen deskribatu, banekielako ez zidatela sinistuko”. Oraindik ere Marco Poloren liburuan jasotakoen sinesgarritasuna eztabaidagai da gaur egun.

Marco Polo ez zen izan Txinaraino iritsi zen lehen europarra, ezta bere familiako lehen kidea ere. Nicolo aita eta Maffeo osaba lehenago joan ziren Asiara eta Marco gaztea bigarren bidaian haiekin eramatea erabaki zuten. Baina Marco izan zen bidaia idatziz eta, gainera, modu erakargarrian jaso zuen bakarra, eta horrek ekarri zion ospea, halabeharrez.

Ekialdeko 26 urteko bidaia luzearen ondoren,  1295ean itzuli zen Italiara. Hurrengo urtean Venezia eta Genovaren arteko gerran parte hartu zuen. 1298an, Genovatarrek preso hartu zutenean, Rustichello Pisakoa idazlearekin batera sartu zuten ziegan. Biek urtebete inguru eman zuten elkarrekin, eta Marcok kontatutakoari Rustichellok balio literarioa erantsi zion Munduaren deskribapena (edo Munduko mirarien liburua, edo Milioia, edo Marco Poloren bidaien liburua) osatzeko. Liburuak berehalako arrakasta izan zuen, baina, hain zuzen, kutsu literario horrek sinesgarritasuna kendu zion kontakizunari. Irakurleek fikzioa zela uste zuten.

Baina Marco Poloren sinesgarritasuna zalantzan jartzeko arrazoi nagusia garai hartako –eta hurrengo zazpi mendeetako– mentalitate eurozentrista izan zen.

Asian hurrengo urteetan gertatutakoak ere ez zuen lagundu. Kublai Kanen agintaldiaren ondoren, Mongoliar Inperioaren gainbeherarekin batera, Asia eta Europaren arteko arrakala zabaldu zen, eta luzaroan ez zen europarrik hara joango Marco Polok deskribatutakoak egia ote ziren baieztatzeko.

Baina Marco Poloren sinesgarritasuna zalantzan jartzeko arrazoi nagusia garai hartako –eta hurrengo zazpi mendeetako– mentalitate eurozentrista izan zen. Bidaiari veneziarrak Venezia baino hamar aldiz handiagoak ziren hiriak deskribatu zituen, luxu harrigarriz beteriko gorteak, ingeniaritza obra ikaragarriak, bolbora, esku-dirua… Ezinezkoa zen zibilizatu gabeko herri haiek europarrak baino aurreratuagoak egotea.

Rustichellok idatzitako jatorrizko bertsioa galdu egin da, eta soilik hamaika aldiz idatzitako moldaketak, transkripzioak eta itzulpenak iritsi zaizkigu. Ikerlariek liburuan jasotako hainbat datu gezurtatzeko gai izan dira, eta beste datu asko oraingoz ezin izan dira frogatu. Baina badira garbi baieztatu diren beste datu asko ere, Marco Polok berak duela 700 urte aurreratu bezala, Mendebaldeko nagusikeriak sinesten uzten ez dizkigunak.