Jainkosa bilakatutako neskatoen bizitza

  • Himalaiako auzi geologikoek bigarren mailan uzten dituzte askotan Nepaleko etnologia -eta etnografia- gaiak. Tontorrez gain, baina, herrialdeak baditu sinesmen eta praktika erritual ugari, baita kultura eta herri aniztasun aberatsak ere. Tradizio horien inguruko polemikarik ere ez da falta.

Kathmanduko Kumari jainkosa Durbar plazan Kumari Jatra jaialdiaren lehen egunean. (Argazkia: Jakob Gascon)
Kathmanduko Kumari jainkosa Durbar plazan Kumari Jatra jaialdiaren lehen egunean. (Argazkia: Jakob Gascon)

Natura eta materiaren konplexutasunek jainko-izaera dute Nepalen, eta hinduismoa budismoarekin elkartzen da maiz: apaizek zuzenduriko eskaintza erritualak; batzuetan odolez, besteetan pintura gorriz, margotutako buda irudiak; sineskeria, animalia eskaintzak… Eta Kumaria deritzona: jainkosa gorenaren lur-hartzea neska gazteetan "berraragiztaturik".

Kumariak energia jainkotiar eta espiritualaren agerpentzat hartzen diren neskatoak dira. Taleju jainkosa hinduaren haragitze biziduna, jainkosa garrantzitsuena, ama jainkosa alegia. Durga, Bhawani, Bhagawati, Kali, Parvati edo Vajradevi ere deitua budistentzat. Kumaria neskak 2 eta 5 urte bitartean dituenean aukeratzen dute, proba fisiko eta psikologikoak gainditu behar ditu eta, hautatu ostean, hilekoa jaitsi arte (edo odol tantarik isuri arte) jainkosaren jauregian biziko da.

Kondairak dio Taleju gauero dadoetan jolasten zela Jayaprakash Malla erregearekin (XVIII. mendean), haren begirune gabeziak haserretu eta desagerrarazi zuen arte. Monarkaren damuaz ohartzean, baina, Taleju itzuli egin zen mezu bat helarazteko: neskatila garbi eta aratz baten gorputzean berraragiztatuko zen, eta jainkosak erresuma babestearen truke, erregeak neskaren gurtza ezarriko zuen.

Trishna Shakya, Katmanduko Kumaria

2017an, 3 urte besterik ez zituela, Trishna Shakya Katmanduko erret-Kumari berria bihurtu zen eta 4 urte zituenetik karguan zegoen Preeti Shakya ordezkatu zuen. Talejuren energiak Shakya klan budistako (Siddhartha Gautama, shakyamuni budaren oinordekoak) eta Newar komunitatekoa den neskato baten gorputza hartzen du. Kumariei hilekoa jaistean, odolak "gorputza kutsatu" eta jainkosaren energiak gorpuzteko erabilitako neskaren gorputza utziko du.

Indiako emakumeek idatzitako eduki feministako Feminism in India plataformak azaltzen duenez, Indiako hainbat jaialditan, Durga Pujan (Mendebaldeko Bengalan) edota Navratri ospakizunean (herrialdearen iparraldean), esaterako, Durga jainkosa ordezkatuko duten neskatoak aukeratzen dira. Bertakoek horiek gurtu eta monjeen zein elizkoien eskaintzak jasotzen dituzte. Indian, neskak behin bakarrik izaten dira gurtuak; Nepalen, aldiz, Kumariek lekua mantentzen dute hainbat urtetan.

Kumari Jatraren jaialdiaren hasiera jendetsua Katmanduko Durbar plazan. Jauregiko balkoian gobernuko funtzionarioak eta kargudunak egoten dira, besteren artean, Ram Chandra Paudel lehendakaria. (Argazkia: Jakob Gascon)

Kumaria izateko hautagaiek baldintza batzuk bete behar dituzte. Him Lal Ghimirek, Japoniako Nazan Unibertsitateko irakasleak, pelegrinazio budistei buruzko doktoretza ondoko ikerketan ondorengoak jaso ditu: sekula ere gaixotu ez izana, markarik ez izatea azalean eta inoiz odol tantarik isuri ez izana. Jainkosaren 32 lachchins edo perfekzioak ere izan behar dituzte, esaterako: osasun bikaina, ile beltza, lisoa eta eskuinerantz kizkurtua, hortz zuriak eta tarte gabeak, mingain txikia eta umela, Banyan zuhaitzaren gorputza edota behiaren bekainak, besteak beste.

Iraganean, neskaren eta Nepaleko erregearen arteko bateragarritasuna bermatzeko, horoskopoek bat etorri beharra zeukaten. Tradizioz, Kumariak ez dira eskolara joaten: dena dakien jainkosari zerbait gehiago irakasterik ba al dago? Oso bakartuta daude, gehienetan zaintzaileekin baizik ezin dute hitz egin. Eta zorua zapaltzeko baimenik ez dutenez, jauregitik kanpo daudenean besoetan helduta edo gurdietan igota ibiltzen dira.

Nepalen hiru Kumari daude dedikazio osoan. Malla aro historikoan (1736-1768), Katmandu, Lalitpur eta Bhaktapurreko hiru erresumetan Kumari bana zegoen. Herrialdearen bateratzearekin, Katmandukoa Kumari erreala (monarkiarik ez dagoenez, orain nazionala) bihurtu zen. Hamaika bat dira jainkosaren energia "noizbehinka" bakarrik jasotzen dutenak, jaialdi eta ekitaldi berezietan. Gainerakoetan, neska arruntak dira eta bizitza normala dute.

Tradizio honetako figurarik garrantzitsuena Katmanduko Kumaria da, eta Kumari Jatra jaialdia bezalako ospakizun zehatzetan baizik ezin da jauregitik irten. Jainkosa eta erregearen artean dagoen harreman estua publikoki erakusteko asmoarekin, Katmandu bailarako ospakizun handiena den Indra Jatraren lehen hiru egunak Kumariaren omenez ospatzen dituzte.
Katmanduko Kumariaren figura funtsezkoa izan da Nepaleko erregeak legitimatzeko. Quebeceko Unibertsitateko Asia hegoaldeko erlijioen irakasle Chiara Letizia Nepalgo antropologia erlijiosoan espezializatua dago. Kumari jainkosa Auzitegi Gorenean ikerketan idatzi zuen nola tradizioz, erregeak Kumariaren aurrean aurkezten ziren tika izeneko marka gorria bedeinkapen sinbolo gisa jasotzeko. Tradizioak, seguraski Jaya Prakash Malla erregearen garaian hasitakoak, Shah dinastiaren aroan (1768-2008, Katmandun) jarraitu zuen eta, matxinada Maoistaren ostean ere, estatuburu bakoitzak legitimazio errituari eutsi dio gaur arte.

Jainkosaren lehen pausoak estatu sekularrean

2001. urtera arte monarkia konstituzionala zegoen Nepalen eta Birendra zen errege. Urte horreta, ordea, printze erregegaiak bere buruaz beste egin aurretik familia osoa erail zuen Narayanhiti jauregian, erregea barne. Koroa erregearen anaia Gyanendrak hartu zuen orduan eta monarkia absolutua berrezartzen saiatu zen. Egoera korapilatsuagoa da, herrialdea 1996tik gobernuaren eta Nepalgo Alderdi Komunistaren (maoista) arteko gerra zibilean sartuta baitzegoen. 2006. urtean, gobernu demokratiko berriaren eta Alderdi Komunistaren arteko bake-akordioak sinatu zituzten eta 2008az geroztik herrialdea errepublika da.

Kumaria gurdietan igota hiriko kaleetan eramaten dute jaialdiko lehen hiru egunetan. (Argazkia: Nerea Menor)

2008ko urrian, finantza ministro maoista berriak, Baburam Bhattaraik, iragarri zuen gobernuak ez zituela finantzatuko Dashain eta Indra Jatra bezalako jaialdiak: gobernu sekularra zela kontuan hartuz gero, kostua handiegia omen zelako. Erabakia jakiterakoan lau eguneko istiluak piztu ziren Katmandun eta Bhattaraik atzera egin zuen. Herrialdearen zati handi batentzat, erlijio-tradizioak duen garrantziaren adibide ona da gatazka hori. Tradizio horretan Kumariarena ere sartzen da eta askorentzat herrialdearen nortasunaren parte garrantzitsuenetarikoa da.

Kumariekiko kultuak duen izaera dela eta, nesken bizimoduek gorabehera nabarmenak jasaten dituzte. Gehien aipatu izan diren eskubide urraketak izan dira: heziketa falta, gizarte-isolamendu zorrotza eta urte askoan gurasoengandik banatzea. Chanira Bajracharya Lalitpurreko Kumari ohiak, 2022an New York Times-i eskainitako elkarrizketan, esan zuen unerik zailena neska hilkor arrunt bilakatzea izan zela, izaera ez-jainkotiarrera egokitzea, alegia.

Hedabideen aurrean, Kumarien senideak beti pozik agertu dira nesken karguarekin, ohore handia omen da haientzat. Kumari ohiak ere tradizioaren babesle sendoak dira eta beraien bizitzako garairik onena izan zela adierazi izan dute.

Nahiz eta hautapen- eta gurtze-prozesuaren inguruan dagoen hunkigarritasuna handia den, neskek beraien bizitzaren gorabeheretan zer esanik ez izateak, kanpoko eta barneko behatzaile askoren arreta erakarri du.

Ohitura epaitua

2005ean, interes publikoko auzi bat aurkeztu zuen Newar abokatu eta giza eskubideen aldeko ekintzaile Pun Devi Maharjanek Nepaleko Auzitegi Gorenean. Tradizioa epaimahaiaren azterketara eraman zuen. Esplotazio eta haur-lan gisa deskribatu zuen eta, askatasun pertsonala hain mugatua izanik, nesken garapen fisiko eta mentalari kalte eragiten ziola argudiatu.

Hala eta guztiz ere, auzi-jartzaileak ez zuen tradizioa deuseztatu nahi, eta eraldatzeko eskatu zuen. Maharjanek  zera argudiatu zuen: Kumarien eskubideen urraketak eta karguak dakartzan gastu ekonomikoak familiek beregain hartu beharrak (ez dago funts publikorik aldi baterako Kumarientzat) jadanik ohitura etetea eragin duela hainbat lekutan, eta haien eskubideak bete-betean bermatu ezean, tradizioa desagertu egin daitekeela.

Epaiak ondorioztatu zuen giza eskubideen urraketa "frogaezina" zela. Kumarien erritu-jarduerak debozio tradizional onargarri gisa definitu zituen; haur-lana beharrean, Kumari-lana. Tradizioaren balioa nabarmendu zuen, esanez funtsezkoa zela bai jarraitzaile budistentzat, baita hinduistentzat ere. Gaineratu zuen Kumarien parte-hartzea beharrezkoa dela Katmandu, Lalitpur eta Bhaktapurreko hainbat jarduera erlijiosoetan.

Gorakhnath santutegia Katmanduko gune historikoan, Durbar plazan. (Argazkia: Nerea Menor)

Inplikatutako alderdiek ondorioztatu zuten tradizioa modernizatzeko modua Nepaleko estatu sekularrean ez dela Kumariaren jainko-izaera ukatzea, baizik eta estandar garaikideak ezartzea eta tradizioa giza eskubideetara egokitzea.

Gaur egungo egoera

Epaia adostu zenetik hamabost urte pasa dira eta Bhadra Sharmak, New York Times egunkariak Nepalen duen kazetariak, dio aldaketa handia izan dela, gehienbat hezkuntzari dagokionez. “Orain, Kumariak badu irakasle bat, jauregira doana eskolak ematera. Eskolara joan ez arren, hezkuntza eskubidea bermatuta dago”. Gobernu federalak eta tokiko gobernuak funtsak esleitu dituzte Kumariaren hezkuntzarako eta haren ongizaterako.

“Oraindik ere badago ahots disidenteren bat”, emakume eta giza eskubide erakundeei buruz ari da Sharma kazetaria.  “Baina epaiketatik, aldaketa nabarmenak egon dira, hezkuntzaz gain gurasoekin denbora gehiago pasatzen du orain Kumariak eta postutik erretreta hartzen duenean estatuak pentsio moduko soldata ematen dio hilero". Kumari izateak "ohorez eta bizipozez betetzen ditu" bai neskak eta baita gurasoak ere, dioenez.

Alde batetik, epaiak Kumarien giza alderdia aitortu zuen, zeinak eskubideak eta zaintzak merezi dituen. Bestetik, erlijioa estatuarentzat baliagarria dela dio, eta tradizioa babesteko erlijio-tradizioak aldatu egin behar direla. "Jainkosaren eta gizakiaren arteko continuum baten aitorpen partekatua, eta ez mendebaldeko erakundeek adierazten duten gizakiaren eta sinesmen jainkotiarraren arteko bereizketa zorrotza. Honek eman zuen negoziaziorako aukera", uste du Chiara Letiziak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nepal
Ehunka nepaldar Indian harrapatuta, koronabirusa dela eta mugak itxi dituztelako

India eta Nepalen arteko muga itxi dute bi herrialdeek, koronabirusaren hedapena geldiarazteko. Nepaleko Darchulako distritua, herrialdeko mendebaldean, muga egiten duen horietako bat da, eta itxialdiaren eragina zuzenean pairatzen duenetako bat ere bai. 130.000 lagunetik gora... [+]


SOS Himalaia fundazioa: hamar urte zortzimilakoen itzalean bizi direnei laguntzen

Iñaki Otxoa de Olza mendizalearen omenez sorturiko fundazioak hamar urte bete ditu eta hori ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu Belaguan asteburuan. Besteak beste, ospitale bat, eskola bat eta umezurtzentzako etxe bat eraiki dituzte urteotan Nepal, India eta... [+]


Filma
Mendiaren hego aurpegia

2001ean euskal mendizaletasunean gertaturiko tragedia batetik abiatuta, munduko gailur handienak dauden lurretako herritarren sufrimendu eta esperantza ere erakusten digu Pumori, mendiaren alaba dokumentalak, himalaismoan askotan ezkutuan geratzen den hego aurpegia.


Hemeroteka
Makalu puntan ikurrina jarri izana aldarrikatu zuen Xabier Errok gure orrietan

ARGIAk 100 urte bete dituela eta, gure hemerotekatik berreskuratutako harribitxiak kontatzen aritu gara Euskadi Irratian Eguberritako asteotan. Atzera eta aurrera aritu gara bidaia kronologikoan eta azkeneko saioan mendiari heldu diogu. Izan ere, 2018ak albiste tristea utzi zuen... [+]


Everestek berak ere ez zuen nahi

India, 1823. William Lambton Indiako topografia superintendentea hil zen. 1802an hasi zen hegoaldetik iparraldera azpi-kontinentearen azterketa topografikoa egin eta mapatan jasotzen.


Nepalen lehenbizikoz presidentea emakumea eta komunista

Bidhya Devi Bhandari Nepalgo lehen emakumezko presidente izendatu dute. Alderdi komunistako kidea, emakumeen eskubideen eta demokraziaren aldeko borrokagatik da ezaguna.


2015-05-12 | ARGIA
Lurrikara handia izan da Nepalen, duela bi astekoak gehien zigortutako zonaldean

7,3 graduko lurrikara izan da Nepalen. Namche Bazar hiritik 68 kilometrora izan du epizentroa, Katmanduren ipar-ekialdean, Everesteko beheko kanpalekutik hurbil, eta 15 kilometroko sakoneran, AEBetako USGS geologia zerbitzuak jakinarazi duenez.


2015-04-27 | Igor Agirre
Lurrikara Nepalen: euskal herritar guztiak onik daude

Larunbateko lurrikaraz geroztik berririk ematen ez zuten azken bi euskal herritarrekin kontaktatu duela adierazi du Eusko Jaurlaritzak eta horiek aurkiturik onik eta kontrolpeak aurkitzen dira Nepalera turismoa egitera joandako 40 euskaldunak.


2015-04-21 | Igor Agirre
Everestetik 4.000 kilo hondakin garbituko ditu Indiako armadak

Indiako armadako kideek Everest mendia eskalatuko dute, igotako eskalatzaileek utzitako hondakin biodegradagarri ezinak jasotzeko. Apirilaren amaieran ekingo diote eta 4.000 kilo hondakin baino gehiago jasotzea aurreikusten dute.


Eguneraketa berriak daude