Asteburu honetan historiaurreko margoak zeuden kobazulo bat bisitatu dut. Burdin eta manganeso oxidoa erabilita orain dela 30.000 bat urte egindako margoak. Bisita hauek interesgarriak iruditzen zaizkit, gizaki gisa munduan dugun lekua birkokatzeko; aukera dira historia hurbileko “garapena” eta etorkizunean izango duguna birpentsatzen jarraitzeko. Badirudi teknologia ugari zegoela kobazuloetako garaietan: milaka urte iraungo zuten adierazpenak marrazteko teknologiak, kea sortzen ez zuen sua elikatzeko teknologiak, kobazuloen formak erabilita suarekin mugimenduaren ilusioa sortzen zuten proto-zinema teknologiak... Nire egungo burmuinak sorkuntza haietan argitasuna ikusten du, zirrara hormak margotzean, material berriak aurkitzerakoan, suak eragindako irudien mugimenduaren ilusioarekin kontakizunak taldean partekatzerakoan... baina, nire burmuina ez da garai hartakoa, eroso dago egungo bizimoduan, eta, kobetako garaiak esperientzia bat bezala ulertzen ditu. Nire egungo burmuinak ez ditu ulertzen garai hartako hotsa, gauaren iluntasuna, mehatxuak... Ez du ulertzen garai hartako adiaerazpenak, beharbada, beldurrari aurre egitearekin lotuagoak zeudela, eta babesa aurkitzeko sortu zirela kobazuloetako teknologiak. Egun dugun teknologietako asko ere beharretik sortu ditugu, bizi dugun giroan ahalik eta bizi onena izatearen beharretik, bizitza on horren bila mehatxuetatik babesteko, azken batean, mehatxuek eragiten diguten beldurra murrizte aldera.
Kobazuloen garaietako gizakiek, lurrari hain lotuak, babes sentsazioa abstrakzio geruzak sortuz lortzen zuten, dirudienez. Aldiz, egungo gizaki askok, garai honetako lurretik igarotzen garenok lur horrekin harreman zuzen asko izan barik, mundu abstraktuaren balizko ziurtasuna gure egunekoa bilakatu dugu.