argia.eus
INPRIMATU
Oxala
Koldo Aldalur Hirigoien 2023ko abenduaren 28a

Ez naiz Greziako Lesbosetik itzuli zaharra. Bertan, Mitilene-n, Zaporeak Elkarte euskaldunak 2.700  asilo eskatzaile ingururi egunean otordu bat eskaintzen die: arroza eta potajea, pita ogia eta fruta ale bana. Duintasunaren muga, 150 gramo errazioko. Arazoa da Kara-Tepeko kanpamenduan 5.000 lagunetik gora daudela.

Bueltan nentorrela, han gertatzen ari denari buruz idaztea deliberatu nuen, nire motzean, Zaporeakekoek egiten duten lana zabaltzen lagun nezakeelakoan. Baina, paper zuriaren aurrean jarri naizenean, ohartu naiz ez daukadala zuentzat ez dakizuen ezer.

Denok baitakigu Europako agintariek, batik bat Afganistanetik, Siriatik, Iranetik, Somaliatik eta Eritreatik Greziara iritsitako asilo eskatzaileak han gordeta mantendu nahi dituztela Europan trabarik egin ez dezaten. Denok dakigu ere, agintariok Greziako Gobernuari Erregistro eta Identifikazio kanpamendua bere lurrean izateagatik ordaintzen dioten dirutza ez dela asilo eskatzaileentzat, baizik Greziako Gobernuarentzat, militarrentzat eta poliziarentzat.

Nork ez daki pertsona hauek euren herritik ihes egin beharrean izaten direla hainbat arrazoi direla medio? (Herrialde hauetan emakumeen egoera zein den ezagututa, alde egiteko duten nahia justifikatu beharrik ba al dago?).

Oxala Aamisa, Farid eta kanpamenduko gainontzekoez akordatuko bagina Zaporeakekoek janari pixka bat eskatzen digutenean Lesbosera bidaltzeko

Nork ez du noizbait pentsatu han dauden umeek –2.000 inguru–, ez dutela eskolara joateko inongo modurik? Beraien mundua kanpamenduko bost hektareetara mugatzen da. “Aamisa, Farid, Shana eta Zarifah, zuek ba al dakizue zer zen Himalaya?”. Seguru oraindik barrez ari direla urte guztian elurtuta dauden mendi erraldoiak badirela esan zien atzerriko gizona gogoratzean.

Bertan izan gabe ere, zuk eta nik badakigu prostituzioa badela lekurik miserableenean ere, posible egiten duten miserableak, sastraka bezala, toki guztietan azaltzen direlako.

Nork ez daki ilusiorik eta etorkizunik gabeko tokiak direla horrelako “errefuxiatu” kanpamenduak?: Amira-ri Europara joateko hirugarrenez eskubidea ukatu diote. Kanpamenduan ere ezin du egon, bere etorkizuna erabaki duelako ezagutzen ez duen epaileren batek. Bi aukera ditu: kartzelara, Grezian edo bere herrira, Afganistanera, bueltan. 20 urte ditu eta ez du oraindik hil nahi. Amirari begietara begiratzea zaila da. Eta animo hitzek zentzua galtzen dute.

Hala ere, sarri, Inshallah eta Mashallah (Inxala! eta Maxala! ahoskatuta) entzuten da Mitileneko kanpamenduan. Jainkoak nahi izan duena esan nahi omen du. “Oxala” falta zaiela iruditzen zait itxaropenaren bertsoari errima bat gehitzeko. Oxala Aamisa, Farid, Shana, Zarifah eta kanpamenduko gainontzekoez akordatuko bagina Zaporeakekoek janari pixka bat eskatzen digutenean Lesbosera bidaltzeko.

Eta zuek hori dena badakizuenez, zertan ari naiz ni lerro hauek idazten?