argia.eus
INPRIMATU
Etruriar emakumeak greziarren begietan
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2023ko abenduaren 21
Juan March fundazioa

Grezia, K.a. IV. mendea. Hainbat greziar pentsalarik, esaterako, Aristotelesek edo Heraklidesek, etruriarrei buruz idatzi zuten, Italiar penintsularen erdialdean eta iparraldean bizi zen herriari buruzko iritzi negatiboa jasoz. Etruriar emakumeak kritikatu zituzten bereziki, eta Teoponpo historialaria izan zen gordinena.

“Tirreniarren [etruriarren] artean ohitura zen emakumeez guztien artean gozatzea; emakumeek gorputza asko zaintzen zuten eta maiz gimnasia egiten zuten gizonekin batera, baina baita haien artean ere; haientzat ez da desohorea erabat biluzik egotea. Gainera, oturuntzetara beren senarrekin nahiz beste edozein gizonekin batera joaten dira, eta nahi dutenaren osasunaren alde egiten dute topa. Asko esaten dute eta itxura ona daukate. Jaiotzen diren haur guztiak hazten dituzte, bakoitzaren aita zein den jakin gabe; haurrek, gero, hezi dituztenen bizimoduari helduko diote, maiz mozkortuz eta emakume guztiekin bat eginez. Tirreniarrentzat ez da lotsagarria jendaurrean [sexu] harremanak izatea”.

Gaur egungo begiradatik, askorentzat laudoriozkoa izan liteke Teoponporen testua, baina harentzat, eta oro har greziarrentzat, etruriar emakumeak txarkeriaren eta immoralitatearen eredu ziren

Gaur egungo begiradatik, askorentzat laudoriozkoa izan liteke Teoponporen testua, baina harentzat, eta oro har greziarrentzat, etruriar emakumeak txarkeriaren eta immoralitatearen eredu ziren. Aurreko bizpahiru mendetan etruriarrak greziarren etsaiak izan ziren Italiar penintsulan, eta horrek azaldu dezake greziarren ezinikusia. Baina emakumeekiko jarrerak sustrai sakonagoak zituen.

Emakume etruriarren estatusa gizonezkoen parekoa zen. Jarduera publikoetan parte hartzen zuten eta greziar emakumeek ez zuten askatasuna eta maila soziala zeukaten. Festetara eta oturuntzetara  joaten ziren gizonezkoekin batera eta alkohola edaten zuten. Esklaboen eta ondasunen jabe izan zitezkeen, ekoizpen jarduerak kudeatu zitzaketen, eta haien hilobiak gizonezkoenak bezain aberatsak (edo pobreak) ziren. Idazkunek haien izenak jasotzen zituzten, Grezian ez bezala. Grezian, eta Erroman ere bai, emakume izengabeek aitaren nahiz senarraren izena hartu behar zuten.

Erromatarrek ezaugarri asko hartu zituzten etruriar kulturatik: gladiadoreen borrokak, botere sinboloak, eredu urbanistikoak… Baina emakumeen estatusari dagokionez, greziarren ereduaren alde egin zuten.