Donostia, 1865. Hiriko harresiak bota eta bi urtera, Gipuzkoako Ingeniarien Elkarteak memoria bat idatzi zuen, badiako ezkerreko sarrera, Igeldo eta Santa Klara artekoa, ixteko proposamena jasotzen zuena. Modu horretan, badia portu handi bat izango zen eta ekimenak hiriaren merkataritza izaera izugarri indartuko zuen. Aukera hori ia 70 urtez egon zen mahai gainean; hainbat belaunalditako donostiarrek gogoko zuten proiektua, baina arazo bat ikusten zuten: superportuak hondartzei kalte eragingo zien.
Bestela esanda, merkataritza edo turismoa lehenetsi behar zuten. Eta Espainiako errege familia izan zen bigarrenaren aldeko hautua behartu zuena. XIX. mendearen erdialdean, Isabel II.a erreginari itsasoan bainuak hartzeko gomendatu zioten eta, horretarako, udaldiak Donostian pasatzen hasi zen. Eta 1885ean, Isabelen seme Alfontso XII.a hil zenean, alargunak, Maria Kristina Habsburgo-Lorenakoak udan gortea Madrildik Donostiara aldatzea erabaki zuen. Baina horretarako Errege Landa Etxe bat behar zuten. Erreginak badiari begira zegoen 80.000 metro koadroko hazienda bat erosi zuen, eta jauregia eraikitzeko proiektua Ralph Selden Wornum arkitekto ingelesari eskatu zion 1889an. Proiektua Jose Goicoa arkitektoak gauzatu zuen arren, Miramar jauregiak Selden Wornumek eman zion estilo ingelesa izango zuen.
Merkataritza edo turismoa lehenetsi behar zuten. Eta Espainiako errege familia izan zen bigarrenaren aldeko hautua behartu zuena. XIX. mendearen erdialdean, Isabel II.a erreginari itsasoan bainuak hartzeko gomendatu zioten eta, horretarako, udaldiak Donostian pasatzen hasi zen
Erreginarekin batera gortesauek ere uda Donostian eman behar zutenez, nobleziako kideak Miramarren inguruan, nagusiki Ondarretan beren udako jauregi eta etxeak eraikitzen hasi ziren. Eta eraikin horiek ugaldu ahala, Donostiako merkataritza-portuaren ideia lausotuz joan zen.
Maria Kristina 1929an hil zen, eta jauregiak ez zuen luzaroan iraungo Alfontso XIII.a semearen eskuetan; 1931n Errepublikak jauregia desjabetu eta udalaren eskuetan utzi zuen. Francok itzuli zion jauregia errege familiari, 1958an, zehazki Joan Borboikoari. Azkenik, 1972an udalak Joani erosi behar izan zizkion jauregia eta inguruko lurrak –edo jabetzaren barruan geratzen zirenak behintzat, lurren erdiak ordurako salduak baitzituen Borboiak–.
Azken hamarkadatan hainbat erakunderen egoitza izan da Miramar: Eusko Ikaskuntza, Musikene, EHuko udako ikastaroak… Eta horretarako hainbat eraberritze lan egin behar izan dituzte. Esaterako, 2001ean, Musikenerako ikasgelak prestatzeko lanak egin zituzten. Eta orain, 2024an beste egokitze lan batzuk abiatuko dira jauregian; Eusko Jaurlaritzak 1,2 milioi euroko aurrekontua bideratuko du horretarako. Eta Miramar jauregiak baztertutako merkataritza-izaeraren ikur izaten jarraituko du, monarkiak turismoaren alde egin zuen hautuaren ikur.