argia.eus
INPRIMATU
Palestinan guztion etorkizuna dago jokoan
Andrea Bartolo @TxindurriG 2023ko abenduaren 20a

Israelek Palestinaren aurka abiatutako genozidioa eta garbiketa etnikoa ikusten ari gara, zuzenean eta telebista bidez. Milaka pertsonaren erailketa, ospitale eta eskolen bonbardaketa eta derrigorrezko hamaika desplazamenduren lekuko izaten ari gara, “Nazioarteko Komunitatearen” justifikazio eta konplizitatearekin, “terrorismoaren aurka Israelek duen defentsarako eskubidearen” izenean.

Duela urte batzuk herri palestinarra terrorista lez izendatzea pentsaezina izango zen gurean. Duela urte batzuk inork ez zuen zalantzan jarriko herri palestinarrak kolonialismo sionistaren aurka duen matxinadarako eskubidea, zuzenbide-burgesak ere onartzen duen eskubidea, alegia. Izan ere, eskubide hura 1948ko NBEren Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean aitortuta dago, eta NBEk berak behin baino gehiagotan aldarrikatu izan du.

Palestinar erresistentziarekin bat egiteak esan nahi duelako munduko herri langile guztien borrokarako eta emantzipaziorako aukera babestea

Nola gauzatu da, beraz, paradigma-aldaketa? Erantzuna topatzeko 2000ko hamarkadara jo beharko genuke, “terrorismo globalaren aurkako” ofentsiba inperialistak utzitako putzu ideologiko eta kulturalera. Terrorismoaren aurkako paradigma hura inposatuta, inperialismoak matxinadarako eta erresistentziarako eskubidea, de facto, indargabetu zuen. Erresistentziarako eskubidea XX. mendeko klaseen arteko indar-harremanei esker lortu zen –eskubide konkretu eta sozialista gisa, eskubide abstraktu burgesei kontrajartzen zaiona–. Gure klaseak, faxismoaren aurkako borrokaren eta borroka anti-kolonialen bitartez, burgesiari inposatu zion eskubidea da; 1960ko hamarkadatik aurrera askapen nazional eta sozialeko borroken oinarria eta borroka internazionalista globalaren printzipioa izan da.

Gaur egun, ordea, eskubide horren desintegrazioaren lekuko izaten ari gara. Marxek esaten zuen moduan “eskubideen arteko talkan, indarrak erabakitzen du”; eta gaur egun inperialismoak bere eskubidea berriz inposatu digu: kolonizatzeko eta desjabetzeko eskubidea. Eta horren aurka matxinatzen dena “terrorista” egiten du.

Palestinan paradigma horren aldaketak dakartzan ondoriorik gordinenak ikusi ditugu: Israelgo Estatu supremazista eta kolonialari “defentsarako eskubidea” aitortzen zaio, eta kolonialismoaren eta apartheidaren aurka borrokatzen duen herri palestinarra “terrorista” izendatzen dute. Eta horrek guztiak Palestinako mugak gainditzen ditu eta munduko herri langile guztientzako abisu bihurtzen da: inperialismoak erresistentziarako eskubidea baztertu du, Mendebalde kolektiboaren “arauetan oinarritutako munduaren” azpian lurperatuta.

Horregatik guztiagatik, Palestinari elkartasuna ematea, inolako ñabardurarik gabe, munduko langileriaren betebehar ukaezina da, Palestinar erresistentziarekin bat egiteak esan nahi duelako munduko herri langile guztien borrokarako eta emantzipaziorako aukera babestea.