Aspalditik ez genuen ikusia halako erantzuna, New Yorkeko karriketatik Kuala Lumpurreraino, euskal hiri eta herrietatik pasatuta. Ez pentsa, oraingoan ere ezin izan dugu apenas ikusi bere osotasunean, ezkutatzea zaila izan den arren. Eta ezkutatzeko ahaleginak egin dira, bai. Hau ez da ezer berria, jakina. Boterea daukanak erabakitzen du beti zer kontatzen den, nola kontatzen den eta noren biziek ardura duten. Zerbait nabarmentzekotan, diskurtsoarekin bat ez datorren gero eta ahots politiko gutxiago eta alderdietan egituratutako kontrabotere gutxiago daudela, edozein herrialdetara begiratzen dela ere.
Eta, hala ere, kaleak hartu ditugu.
Izurritean neurria ondo hartu ziguten. Hala komentatu ohi dugu lagun artean lantzean behin. Hainbat eta hainbat kontutarako erabili zuten parada hura. Lerrokatze eta pentsamendu bakarrari dagokionez, lehenagotik Ukrainarekin ikusi ahal izan ditugu molde berriak, esaterako. Baina Ukraina errazagoa da. Oro har, nork zekien ezer Ukrainari buruz? Putin bezalako gaizto bat taula erdian egonda, gainera… Palestina, ordea, oso bestelakoa da. Urterik urte lapurtutako lurren berri ematen duen mapa soil batez uler dezake edonork, baita gatazka lazgarri eta guztiz desorekatu hau ezagutzen ez duenak ere.
13 edo 14 urte inguru neuzkan grabaturiko TDK kasetean Soziedad Alkoholika Nos vimos en Berlín kantatzen entzun nuen lehenbizikoan. Bai zara zaharra, neska! Hala ere, zu bezain zaharrak edo are zaharragoak dira urte hauetan guztietan, baita lehenagotik ere, Israelen jokabidea bizi izan duten guztiak. Eta, hala ere eta suerte onez, han-hemenka elkarrizketa eta konponbide politikorako deiak entzun behar izan ditugu, horrek zerbaiterako balioko balu bezala. Estatu bi eratzeko soluziobidea txosten zaharretatik birziklatu du batek baino gehiagok, presidenteren bat barne.
Giza eskubideak antzerki hutsa zirela bagenekien, baina ez dut uste horren agerian inoiz geratu denik
Bide hori jorratuta dago honezkero. Kantsatu arte. XXI. mendean ondo sartuta gaudela, agerikoa da Israelek ez duela Palestinako Estaturik onartuko. Paper gainean, legeetan, nazioarteko erresoluzio eta ebazpenetan behin eta berriro islatu da eta behin eta berriro urratua izan da. Balizko akordio guztiak saltatu ditu Israelek. Eta hortxe dago gakoa. Inork ez duela inoiz ezer egin, berriketaz gain, Israel behartzeko. Inork ez duela ezelango neurririk hartu, ezta harremanak apurtu ere.
Badira interes politiko, ekonomiko eta geoestrategiko zehatz horiekin lerrokatzen direnak. Ez dira gutxi. Baina beste batzuen epelkeria ulertzea gaitzagoa da. Gehiago pentsatzen da balizko higadura politikoan egiak esatean baino; gehiago pentsatzen da beste inor etorriko ote den kontuak eskatzen, zuzen eta artez jokatzean baino; gehiago pentsatzen da defentsiban, defendatu behar diren herritarrak eta printzipioak defendatzean baino.
Eta, hala ere, erantzun sozialak lurbira osotik hartu ditu kaleak, egitura eta instituzio politikoetan diskurtso indartsua falta zelako harrituta.
Nazio Batuen Erakundea mundu osoaren begietara lotsagarri geratu da. Barregarri, kargu hartzen dion Israelen lotsagabekeriaren aurrean. Giza eskubideak antzerki hutsa zirela bagenekien, baina ez dut uste horren agerian inoiz geratu denik. Sistema sozio-politiko eta ekonomikoari eusteko sortu ziren erakunde guztiak eraisten ari dira, demokrazia errepresentatiboa eraisten ari den bezala. Eta esan gabe doa zergatik den gero eta zabalagoa instituzio eta alderdi politikoekiko desafekzioa.