Migrazio prozesuek etorkinengan duten eragina aztertu du Natalia López artistak (Bogota, Kolonbia, 1978). Horretarako hiru saioko prozesu sendatzaile bat gidatu, eta bizitakoa jaso du Nire maitasun guztia airearen bidez bidaltzen dizut erakusketan. Uharten, Burlatan eta Atarrabian (Nafarroa) bizi diren zenbait etorkinekin elkarlanean sortu du. Erakusketa ikusgai dago urtarrilaren 14ra arte Atarrabiako San Andres errotan. Bartzelonako Idensitat proiektuaren eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroa Fundazioaren egonaldi artistiko baten parte da proiektua.
Airea oso agerian dago zure lanean; nola ulertzen duzu airea?
Askotan egin dut lan naturako elementuekin, baina beti ingurumenaren ikuspegitik. Proiektu honetan, aldiz, esanahi politikoa aurkitu nuen. Airearen bidez gauza asko bidali edo adierazi daitezke; hala nola maitasuna eta mina. Airea munduko bazter guztietan dago. Gainera, ez duenez mugarik, erresistentziarako elementu politiko bat da. Proiektu honetan, ingurumenari erreparatu baino gehiago, ikuspegi politikoan eta afektiboan jarri dut indarra.
Lana sortzeko premisa bat airea lantzea zen. Errazagoa da premisa batetik abiatzea, edo mugatzailea izan daiteke?
Nire kasuan, proiektuan parte hartzeko arrazoia izan zen. Nire aita etorkina da, eta arrazoi ekonomikoengatik eta politikoengatik hamabi urte ziren ikusten ez nuela. Lagun batek deialdia ikusi, eta pentsatu zuen oso aproposa izan zitekeela niretzat, askotan lan egin dudalako airearekin. Deialdia ikusi nuenean, aitarekin egon ahal izatea ideia ona izan zitekeela iruditu zitzaidan. Segituan, aireak aitarekin dudan harremanean izan duen eraginaz pentsatzen hasi nintzen.
Zer-nolako eragina izan du?
35 urtez aita eta biok gutunen, deien eta posta elektronikoen bidez egon gara konektatuta, eta horiek erabiltzeko airea behar dugu. Horregatik, elkarren artean konektatzen gintuen airean jarri nahi izan nuen arreta. Aitarekin konektatuta mantendu nau; aitarekin dudan lotura aireak mantendu duelako beti.
Horregatik ardaztu duzu lan prozesua etorkinen inguruan eta harremanetan?
Etorkinekin lan egin nahi nuen, ikasi nahi nuelako aitak zer bizi izan zuen, eta nola bizi izan zuen elkarrengandik urrun egotea. Nire mina osatzeko proiektua izateaz gain, etorkinentzat espazio bat sortu nahi nuen, haiek mina eta urrun daudenekiko maitasuna adierazi ahal izateko.
Horretarako topaketa afektibo eta poetikoak egin zenituzten; nola joan ziren?
Antzinako kulturen inguruan ikertzen ari naiz Kolonbian. Kultura indigenetan prozesu sendatzaileek hiru fase dituzte; eskerrak ematea, garbiketa eta gozatzea. Horregatik, lehenengo faserako borobil bat egin, eta hitz egiteko espazio bat sortu genuen. Helburua zen konfiantzazko espazio bat sortzea maitasunaz edo minaz hitz egiteko, baina bihotzetik; hau da, inor eraso, epaitu eta kritikatu gabe, eta entzuten. Ostean, eskerrak emateko erritua egiten genuen. Horretarako, haziak landatu eta inguruan ditugun gauza onen inguruan hausnartu genuen.
Urarekin zerikusia zuen bigarrenak. Zer egin zenuten?
Borobil bat egin, eta idaztea esatea baino errazagoa denez, sentitzen genuena idatzi genuen. Helburua zen paperaren bidez tristura, amorrua eta beste emozio batzuk azaleratzea. Ostean, ozen esatea proposatu nien. Azkenik, esandakoa harri batzuetan idatzi eta errekara bota genituen. Indigenek uste dute urak garbitzen laguntzen duela, eta nik konfiantza dut horretan.
Nolakoa izan zen azkena?
Erritual gozoa deitzen diot. Borobil bat egin, eta paper batean idazten hasi ginen. Ostean, paperean idatzitakoa ahoz partekatzeko aukera egon zen. Azkenik, haizearen bidez zabaltzen diren haziak askatu genituen. Gehienek gerraren eta urrun dituzten senideen inguruan idatzi zuten.
“Etorkinentzat espazio bat sortu nahi nuen, haiek mina eta urrun daudenekiko maitasuna adierazi ahal izateko”
Gehienek ez zenuten elkar ezagutzen; zaila izan da konfiantzazko giroa sortzea?
Uste nuen zailagoa izanen zela. Izugarria iruditu zait hiru egunetan sortu dugun maitasuna eta adiskidetasuna. Erlijio, herrialde, kultura, adin eta pentsamendu ezberdinetakoak izan arren, berdinen artean egin izanak konfiantza eta adiskidetasuna sortu du.
Zein ondorio atera dituzue?
Nabarmendu dugu gauza asko gordetzen ditugula eta ez diegula espaziorik ematen emozioei. Ez dugu denbora hartzen maitasuna adierazteko, esateko zerk ematen digun mina, eta eskertzeko. Ez dugunez adierazten zer sentitzen dugun, barnean zokoratuta gelditzen dira emozioak. Horregatik, ikusi dugu oso garrantzitsua dela adierazteko espazioak sortzea. Gainera, uste baino sinpleago da espazioak sortzea.
“Aita artista denez, txikitatik sortu dit interesa arteak. Umetan eskuekin gauzak egiten aritzen nintzen; adibidez, eskulturak egiten nituen, eta marraztu eta margotu. Hala ere, niretzat garrantzitsuena da artea sistemari aurre egiteko erresistentzia tresna bat dela. Uste dut, arteari esker, sistemarekin oso egoskorra naizela. Horregatik, zaila izan arren, artearen bidetik jarraitu nahi dut. Hala ere, Latinoamerikan oso gutxi babesten denez, oso erraza da amore ematea”.