argia.eus
INPRIMATU
Ezkerraldean, kultura aldaketa
Kimetz Arana Butroe @7ardi 2023ko abenduaren 20a

Azken udal hauteskundeetan EH Bildu bigarren izan da Sestao eta Santurtzi bezalako hirietan. Indarrak izugarri berdindu dira, hamarkadatan agintean egondako alderdien nagusitasuna apurtu da, eta horrela, ezker subiranista betiereko oposiziotik Ezkerraldeko hirietan irabazteko atarira igaro da, eta aukera berriak zabaldu dizkio eskualdeari.

Krisi ekosozialak ere bidegurutzean ezarri du mundua eta eraldaketarako bideak biderkatu ditu eredu berriak proposatzen dituzten indar ezkertiarrentzat.

Izan dira lehenago ere aldaketa handiak gertatu diren garaiak, huts egin dute, ordea: politika sozialetan, komunitarioetan, etxebizitzan, kultur sorkuntzan, ingurumenaren zaintzan, herriarekiko inplikazioan eta abarretan Euskal Herriko azken bagoian kokatzen baita Ezkerraldea. Eskualdean sustraituta dagoen pentsamendu eta funtzionatzeko sistema da edozein aldaketaren potentzialitatea garatzeko balazta. Hemen administrazioa ez dago herritarren zerbitzura. Herritarren arazoekiko ulerkortasunik ez da. Ohiko prozedurak izugarri luzatzen dira. Herritarren proiektu ekonomikoak ez dira babesten. Elkarteen ideia berrietarako denak dira oztopoak.

Politika ordezkariak alderdien peoiak dira, haien arteko elkarrizketa kulturarik gabekoak, eta orain arte ez da sakoneko herri planteamendurik ez entitatezko proiekturik garatzeko gaitasunik izan

Politika ordezkariak alderdien peoiak dira, haien arteko elkarrizketa kulturarik gabekoak, eta orain arte ez da sakoneko herri planteamendurik ez entitatezko proiekturik garatzeko gaitasunik izan. 13.000 biztanleko Trapagaranen frontoirik, zahar etxerik eta kultur etxerik gabe bizi gara. Teknikariek dagoena ahal bezala kudeatzen dute. Ez dago egoera berriei egokitu edo zerbitzuak zabaltzeko erronkarik. Ez dago sail desberdinen arteko elkarlan kulturarik.

Ezkerraldeko enpresa handien ereduak historikoki produkzioa hemen mantendu baina aberastasuna beste tokietara eraman du. Langile soilen kultura da gurea. Ez dago ekonomia eskualdean sustraitu eta aberastasuna lurraldearen garapenean berrinbertitzeko praktikarik. Ez dago ideia berriak jaso, zabaldu eta pentsamendua garatuko dituen komunikabide alternatiborik.

Aurrera egiteko, beraz, beharrezkoa da dinamika horiek gainditu eta kultura herritar berria sortzea. Krisi ekosozialaren ondorioz planteatuko diren aldaketak komunitatearen trinkotzean eta inguruko baliabideen birjabetzean oinarritzeak lagun gaitzake horretan. Adostasun zubiak eraiki, eraldaketan trebaturiko belaunaldi gazte prestatuei bere herrian jarduteko espazioa eskaini, gauzatu eta babesa lor dezaketen proposamenak egin. Bidea zehaztu, ez dezagun aukera hau gal, denbora asko baitaramagu azken bagoian, pasa gaitezen hurrengora.