argia.eus
INPRIMATU
Eraikuntza nazionala
Leire Narbaiza Arizmendi @txargain 2023ko abenduaren 20a

Hezkuntza Lege berria, adostasunetik jaio behar zena, haserrean eta desakordioan onartu da. Publiko-pribatu auziak eta hizkuntza ereduek eragin dute akordio falta. Pena handia.

Horretan Espainiako ereduari jarraitzen diogu, EAEn ez garelako gai oinarri amankomun batzuk jarri eta aurrera egiteko. Hezkuntza gure etorkizuna da, eta euskarri zabal eta sendoak ezinbestekoak direlakoan nago.

Porrota, azpijokoa eta traizioa gailendu zaizkio gizartearen interes orokorrari. Baita interes elektoralak ere. Betiko miseria higuingarriak.

Zurrunbilo horren erdian, eta 2023 ia osoan, Anduezak esan du behin eta berriro lege berria ez zela izango “eraikuntza nazionala” gauzatzeko. Etengabe, urtarriletik abendura.

Eraikuntza nazionala egiteko bidea izango da, baina. Izan ere, Anduezak dihardu eraikuntza nazionala egiten; Espainiaren eraikuntza nazionala, hain zuzen. Euren proiektu nazionala eraikitzen dabiltza, oso proiektu zaharkitua, bestalde.

Etorkizuneko herritarrak elebidun konpetenteak hobetsi beharrean, estatuaren ikuspuntu itxi horrekin aberastasuna lapurtzen.

Argi dut: euskarak min ematen die.