argia.eus
INPRIMATU
Van Goghen koinata eta fenomenoaren ama
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2023ko abenduaren 13a
Jo Van Gogh-Bonger idazten, Johan Henri Gustaaf Cohen Gosschalk, 1910.
Jo Van Gogh-Bonger idazten, Johan Henri Gustaaf Cohen Gosschalk, 1910. Argazkia: Van Gogh museoa

Bussum (Herbehereak), 1891ko azaroaren 15a. Johanna Bongerrek (1862-1925) zera idatzi zuen bere egunerokoan: “Urte eta erdiz lurreko emakumerik zoriontsuena izan nintzen. Amets luze eta zoragarria izan zen, amestu litekeen ederrena. Eta ondoren sufrimendu izugarri hau etorri zen”. Urte hasieran hildako Theo Van Gogh senarra gogoan idatzi zituen hitzok.

Vincent Van Goghen anaia txikiak Parisen apartamentu bat eta haren ia obra osoa utzi zizkion emazteari; Vincent Theo baino urte erdi lehenago hil zen. Ingurukoek Vincenten artelan ulergaitz baldarrak botatzeko aholkatu zioten arren, alargunak seme jaio berria eta koinatuaren obra hartu zituen, eta Herbehereetara itzuli zen.

Vincenten eskutitz eta idatziak xehe aztertu zituen; haren izaera eta, ondorioz, obra ulertzeko ezinbestekoak ziren. Publikoak Van Gogh pertsona ezagutu behar zuen, artista estimatu ahal izateko.

Gainera Johannak Van Goghen obra herritar guztiengana iristea nahi zuen, koinatuak ere hala izatea nahiko zukeelako. “Nire lanaren emaitzarik atseginena litzateke langile xumeek nire grabatuak beren gelatan edo lantokietan zintzilikatzea”, idatzi zion behin Vincentek Theori.

Hala, Bussumeko etxean arte-merkatari eta kritikarien bisitak jasotzen zituen, eta haiek hurbiltzen ez baziren, Johanna joaten zen haiengana, semea esku batean eta koinatuaren obraren bat bestean hartuta.

Eta pixkanaka bere estrategiak bidea egin zuen: obraren bat saltzen zuen hemen, erakusketa batean bizpahiru obra sartzea lortzen zuen han… Lan horien adierazkortasun gordinaren atzean zegoen pertsonaren berri zabalduz joan zen pixkanaka, eta Van Gogh fenomenoa hazten hasi zen.

Johanna Bongerrek berak hartu zuen erakusketaren ardura osoa –edo ia osoa, gonbidapenak Vincent seme nerabeak egin baitzituen–, eta 484 pieza jarri zituen erakusgai. Orduz geroztik, ez da berriro Van Goghen hainbeste obra batera ikusi

Dozena bat urte lehenago pentsaezina zena lortu zuen 1905ean: Amsterdameko arte moderno erakusleiho nagusian, Stedelijk Museoan, Vincent Van Goghi buruzko erakusketa monografikoa egitea. Johannak berak hartu zuen erakusketaren ardura osoa –edo ia osoa, gonbidapenak Vincent seme nerabeak egin baitzituen–, eta 484 pieza jarri zituen erakusgai. Orduz geroztik, ez da berriro Van Goghen hainbeste obra batera ikusi.

Erakusketaren ondorioz, Van Goghen obraren balioa –dirutan– hirukoiztu egin zen, eta haren ospea asko sendotu zen. Eta, Vincentek nahiz Johannak nahi bezala, zabalpena ez zen eliteetara mugatu.

Duela hamar bat urte, Amsterdameko Van Gogh Museoko ikerlari Hans Luijten-ek Johannaren egunerokoa irakurtzeko baimena lortu zuen familiarengandik. Eta 2022an Alles voor Vincent ("Dena Vincentengatik") izeneko liburua argitaratu zuen. Horri esker, Johanna Bongerrek egindako lanaren berri zabaldu da.

Johanna 17 urterekin hasi zen egunerokoan idazten, eta hauexek izan ziren bertan jaso zituen lehen hitzak: “Izugarria litzateke nire bizitzaren amaieran hau esatea: egiaz, ez naiz ezertarako bizi izan, ez dut ezer handirik lortu”.