Lobby sionistaren presioak desitxuratu egin du Palestinari buruzko kontakizuna, iparralde globaleko hedabide nagusien laguntzaz. Kazetari askok jarri du zalantzan narratiba hegemoniko hori, askotariko manipulazio taktikak azaleratu eta gomendioak zabaldu dituzte kontakizun justuago bat egitera bidean.
Azaroaren 28an mintegia antolatu zuten Bakea eta Duintasuna, BDZ Bizkaia eta Badil elkarteek. Palestinari buruz hedabideetan zabaltzen den errelatoa aztertu eta zalantzan jarri zuten. “Gerra vs. genozidioa, okupazioa vs. kolonialismoa, terrorismoa vs. erresistentzia” zuen izenburu. Palestinarren eskubideen aldeko Badil elkarteko kide Lubnah Shomalik zabaldu zuen bidea, eta solaskide izan zituen Teresa Aranguren, Yolanda Álvarez, Koldo Alzola, Isabel Pérez eta Patricia Simón kazetariak.
Lubnah Shomalik azaldu zuen Israelek berebiziko garrantzia ematen diola gerra mediatikoari. “Israelentzat narratiba bakarra egon daiteke. Israel dela Ekialde Hurbileko demokrazia bakarra, bera dela biktima eta bere burua defendatzen ari dela, terrorismoaren aurka borrokan. Kontakizun hori behar du Israelek bere zilegitasuna bermatzeko eta giza eskubideen urraketak justifikatzeko”. Kritikatu zuen Israelek lortu duela narratiba hori ezartzea Mendebaldeko hedabide nagusietan.
Teresa Arangurenek azpimarratu zuen mugimendu sionistaren oinarrian dagoela herri palestinarraren ukazioa. “Hastapenetan aldarrikatzen zuten Palestina herririk gabeko lurra zela lurrik gabeko herri batentzat, eta ideia bera mantentzen dute egun”. Era berean, palestinarrei gizatasuna kendu eta deabru gisa irudikatzeko estrategiak erabiltzen ditu Israelek, Shomalik argudiatu zuenez. “Zapaldutako beste herri askorekin gertatu izan den bezala, zapalduak zibilizatu gabeko gisa irudikatzen dituzte, barbaroak, terroristak edo giza animaliak”.
Iparralde globaleko hedabideetan, Europan eta AEBetan batez ere, Israelen aldeko diskurtsoa da nagusi, hizlariek salatu zutenez. Isabel Pérez kazetariak doktorego tesia egin zuen aztertzeko zein diskurtso erabiltzen duten hedabideek Palestinako Jihad Islamikoari buruz. Lanaren ondorioetan oinarrituta, baieztatu zuen Israelek ezartzen duela kazetarientzako eremu semantiko hegemonikoa, eta zigortu egiten dela narratiba hartatik urruntzen den oro. Hala, oso zaila da kazetarientzat Hamasi buruz hitz egitea, “berehala hartzen zaituztelako Hamasen aldeko ekintzaile gisa”.
“Palestinako okupazioa eta apartheida aipatzean, aktibistatzat hartzen gaituzte, nahiz eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren metodologia erabili lanerako”
Patricia Simón
Yolanda Álvarez kazetariak ondo daki zer ondorio kaltegarri ekar ditzakeen informazioa emateak palestinarrek jasaten duten zapalkuntzari buruz. 2012 eta 2014an Gazaren aurka egindako ofentsibak kontatu zituen Gazatik bertatik, eta sari ugari jaso zituen egindako lanagatik. Hala ere, salatu zuen 2014an egindako jarraipenagatik alde batera utzi zutela Espainiako telebista publikoan, eta ez dutela berriro Ekialde Hurbilera bidali, nahiz eta bera izan Gazako Zerrendan denbora gehien igaro dutenetakoa. Israelgo enbaxadak “Hamasen aktibista” izendatu zuen 2014ko sarraskian egindako lanagatik.
Antisemitismoaren mamua eta gorroto diskurtsoak
Israelek antisemitismo akusazioak erabiltzen ditu bere politiken aurkako kritikak isilarazteko. Patricia Simónek azaldu zuen lobby sionistak dirutza inbertitu duela norabide horretan presio egiteko Europar Batasunean. “Berez gorroto diskurtsoen aurkako arauak onartzeko egin dute, baina benetan Israelen okupazioa zalantzan jartzen duen edozein diskurtso kriminalizatzeko neurriak dira”. Espainiako Gobernuak ere men egin die presio horiei, Simonen esanetan. Sare sozialetan gorroto diskurtsoak zabaltzen dituzten kontuak kontrolatzeko algoritmoak ditu gobernuak, baina “GKE sionista batzuen eraginez algoritmo horietan sartu dira ‘antisionismo’, ‘Israel’ eta ‘okupazioa’ bezalako hitzak. Kontzeptu horiek zuzenean gorroto diskurtso gisa hartzen dira”. Espainiako Gobernuaren protokoloetan ‘erabiltzaile arrazisten ohiko traola eta hitzak’ izeneko zerrendan sartuta daude ‘BDZ’ (boikot, desinbertsio eta zigorrak), ‘Free Palestine’, ‘Apartheid’ edota ‘giza eskubideak defenda ditzagun’ traolak, ‘Stop Islam’ eta ‘IV Reich’ gisakoen zaku berean.
Terrorismoa ala erresistentzia
Hizlariek ez dute uste zuzena denik hedabideek Hamas talde terrorista izendatzea. Ohikoa bilakatu da izendapen hori iparralde globalean baina, Yolanda Álvarezek esan bezala, “munduko beste leku askotan ez dute hala ulertzen, eta kazetariak ez gara nor talde bat terrorista den esateko. Erresistentzia Islamikoaren Mugimendua da, ba hala deitu beharko genioke.” Azaldu zuen BBC eta Associated Press moduko hedabideek debekatua dutela terrorista hitza erabiltzea haien estilo liburuetan. Isabel Pérezek adierazi zuen presio handia jasaten dutela hedabideek honen harira. Frantziako Senatuak deklaratzera deitu zuen AFP agentziako zuzendaria, galdetzeko zergatik ez duten terrorista hitza jartzen Hamas aipatzen dutenean. “Zuzendariak esan zuen haiek ezin zutela hori erabaki, eta hegoalde globaleko bezero asko dituztela, ez dutenak Hamas terroristatzat hartzen, erresistentzia mugimendu gisa baizik”.
Zapalkuntza normalizatuta
Patricia Simónek azaldu zuen Gazako azken gerratik aurrera Israelek lortu zuela ia ezinezko bilakatzea hedabideetan Palestinari buruzko albisteak sartzea. “Normaltasun bilakatu da herri palestinarra zapalduta dagoela, eta jada ez da albiste gisa ikusten. Lurralde okupatuak kontzeptua desagertu egin da prentsatik, amore eman dute komunikabideek”.
Behin normaltzat hartuta egungo zapalkuntza egoera, Lubnah Shomalik ohartarazi zuen kazetarien lana dela testuingurua ematea eta gatazkaren jatorri koloniala txertatzea. Salatu zuen Hamasen erasoa ezerezetik sortu izan balitz bezala kontatu dutela hedabide nagusietan. Gurean ere izan dugu halako adierazpenik. Andoni Ortuzar EBBko buruak, Espainiako telebista kate publikoan, esan zuen “gatazkaren jatorria Hamasen eraso terrorista” zela, eta bigarren mailako kontua zela ea estatu palestinarra aitortu beharko litzatekeen ala ez.
Nazioarteko legedia
Lubnah Shomalik nazioarteko legedia aldarrikatu zuen irakurketa objektiboagoa egiten saiatzeko. “Israeli aitortzen zaio defentsarako eskubidea, baina indar okupatzailea dira haiek, eskubide hori ez da haiena”. Gogorarazi zuen kolonizazio eta okupazio egoerak aktibatu egiten duela palestinarren erresistentzia eskubidea, eta horretarako “bitarteko guztiak erabiltzeko aukera”. Salatu zuen hedabideetan ez dugula erresistentzia entzuten, hilketak eta terrorismoa baizik. Adierazi zuen palestinarrena dela zapaltzaile kolonialari aurre egiteko eskubidea, “bai borroka armatuaren bidez, baita arma gabeko estrategiekin ere. BDZ kanpainak martxan jartzea edo Nazioarteko Justizia Auzitegietara jotzea, adibidez, zilegi dira palestinarren aldetik, baina Israelek esaten du bere aurkako eraso zuzenak direla”.
Isabel Pérezen ustez, kazetari gisa kontakizuna eraikitzeko dauden helduleku onenak nazioarteko zuzenbidea eta zuzenbide humanitarioa dela. Baina Teresa Arangurenek zera azaldu zuen: “Hain desitxuratua dago errealitatea ezen, kazetari batek nazioarteko legediaren hizkera erabiltzen duenean, ematen duen Palestinaren aldeko ekintzailea dela”.
Hizlariek ez dute uste zuzena denik hedabideek Hamas talde terrorista izendatzea
Gerra ala genozidioa
Azken asteetan ikusi dugun eztabaidari ere heldu zioten hitzaldian. Gazan gertatzen ari denari gerra deitu ala genozidioa? Lubnah Shomalik argi esan zuen genozidioa dela. “Israelek milaka zibil hil ditu azken asteetan, eta ia bi milioi palestinar lekualdatzera behartu, Gazatik kanporatzeko helburuarekin. Gerra krimenak dira eta ez dauka genozidioa beste izenik”. Ikusita Israelen erasoek Gazako biztanleria zibila dutela helburu, txartzat jo zuten hizlariek “Israel-Hamas gerra” deitu izana hainbat hedabideetan azken egunetako gertakariei. Koldo Alzolak kritikatu zuen ETBn ere hala zioela albisteen izenburuak azaro amaierara arte.
Nazioarteko komunitatearen isiltasuna eta konplizitatea salatu zituen Shomalik. Ohartarazi zuen Israelek ez duela ardurarik hartzen egindako ekintzengatik, eta nazioarteak inpunitatea onartzen diola. “Eskuz aldatzen da ardura, Nazio Batuen Erakundeak dirua ematen du Gaza berreraikitzeko, eta Israeli dohainik ateratzen zaio milaka pertsona hil eta Gaza suntsitu izana”.
Sinesgarritasuna, norena?
Yolanda Álvarezek informazioa kontrastatzeko beharra aldarrikatu zuen. Salatu zuen RTVEko bere lankide batzuek zalantzarik egin gabe onartzen dituztela Israelek bidalitako informazioak. “Hamasen 200 helburu militarri eraso egin diela Israelek? Eta nola dakizu Hamaseko kideak zirela, ez badute kazetaririk sartzen utzi? Hemen ikusten dugun bakarra ospitale suntsituak dira”. Koldo Alzolak ere kritikatu zuen erraz gezurtatu daitezkeen informazioak zabaltzen dituztela hedabideek. “Al-Shifako ospitalean armategia zegoela esan zuten hainbat katek. Ikuspegi kritikoarekin aztertuz gero, argi zegoen muntaia zirela erakutsitako irudiak”.
Hamasek bidalitako informazioak, aldiz, sinesgarritasun txikiko informazio gisa zabaltzen dira orokorrean, Álvarezen hitzetan. Aipatu zuen praktika ona dela aipatzea datuak nondik datozen, baina esan zuen biktima palestinarren datuak asko jartzen direla zalantzan, eta bere esperientzian oinarrituta oso datu fidagarriak zabaldu izan dituela “Hamasen kontrolpeko Gazako osasun zerbitzuak” aurreko oldarraldietan.
Narratibaren borroka honetan, ausardia eskatu zieten solaskideek kazetariei. Patricia Simónek laburbildu zuen mezua: “Palestinako okupazioa eta apartheida aipatzean, aktibistatzat hartzen gaituzte, nahiz eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren metodologia erabili lanerako. Hegoafrikan ez genuke ulertuko kazetariaren jarrera ez izatea apartheidaren aurkakoa”.